Kooperatiben Nazioarteko Erakundearekin (CICOPA) bildu da San José

2019-12-19_FOTO_5.jpg

2019.eko abenduak 19

Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San José Industriako eta Zerbitzuetako Kooperatiben Nazioarteko Erakundearen (CICOPA) ordezkaritza batekin bildu da gaur. Nazioarteko Aliantza Kooperatiboaren erakunde sektorial bat da, 65.000 enpresa eta 4 milioi enplegatu baino gehiago kide dituena, eta 32 herrialdetako 46 federazio kooperatibok osatutako munduko sare bat eratua du; eta horien artean dago Elkarlaneko Kooperatiben Espainiako Konfederazioa (COCETA).

CICOPAren ordezkaritzak, bertako presidente Iñigo Albizu eta CECOP-CICOPA Europe-ko idazkari nagusi Diana Dovgan buru zirela, interes berezia erakutsi du etorkizuneko Euskadiko Kooperatiben Legeak barnean hartzen dituen berritasunak ezagutzeko. Legebiltzarrak aurreikusita du Legea onestea bihar, abenduaren 20an, izango den Osoko Bilkuran.

San José sailburuak nabarmendu egin du euskal gizartearen eta ordezkatzen duten erakundeen apustu erabakigarria Gizarte Ekonomiaren alde orokorrean, eta gogora ekarri du Eusko Jaurlaritza identifikatu egiten dela kooperatibismoaren balioekin eta partekatu egiten duela Europako instituzioek Gizarte Ekonomiari egiten dioten errekonozimendua eta Europa Estrategia 2020an barnean hartu izana.

“Bihar egun garrantzitsua izango da euskal kooperatibismoarentzat –esan du San Josék- eta Lege berria Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean euskal kooperatibek tresna berri bat izango dute, aukera emango diena baldintza hobeetan aurre egiteko etorkizuneko erronka ekonomikoei eta sozialei”.

CICOPAko ordezkaritzarekin izandako bileran hauek ere parte hartu dute: Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari Jokin Díaz, Euskadiko Kooperatiben Federazioko (ERKIDE) presidente Rosa Lavin eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOP) presidente Patxi Olabarria.