Kontroleko osoko bilkura (2019/12/13)

2019.eko abenduak 13

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Legebiltzarreko taldeen galdera eta interpelazioei erantzun diete, Kontroleko osoko bilkuran:  

Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari zenbait eskubideri uko egitearen inguruan eginiko galdera.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu du erakunde-ikuspegitik euskal autogobernua eguneratzeko eta sakontzeko gehiengo nahiari erantzun behar zaiola. “Ez diogu aukera honi uko egin behar. Geuri dagokigu neurria eman eta ikuspena erakustea”, esan du. Ikuspegi politikotik, garai berria irekitzeko borondateak gehitzeko nahia adierazi du. “Berezko errealitate nazionalaren aitorpena eta Estatuaren nazionalitate aniztasuna ekarriko dituen Itunaren garaia”, esan du. Hala, Lehendakariak esan du akordio gehiagok Itun hobea dakarrela.

Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari Euskadiko aurrekontu-akordioaren inguruan eginiko galdera.

Lehendakariak esan du bere ustez positiboa dela akordioa, edukia eta akordiorako modua aintzat hartuta.Gainera, Elkarrekin Podemosek negoziazioan izan duen jarrera nabarmendu du. Lehendakariak azaldu duenaren arabera, elkarrizketa argiak eta eraikitzaileak izan dituzte, akordiorako benetako borondatearekin, eta uztailetik errealismoa eta erantzukizun partekatua aplikatu dira ekonomia- eta aurrekontu-jarraibideekin. “Akordiora bideratutako jarrera ireki eta zintzo horren bidez, xedea lortzeko bide eman da”, esan du. Hala, bada, Lehendakariak esan du Euskadik aurrekontu onetsia izango duela eta, hala, giza garapena eta hazkuntza jasangarria batzen dituen erreduan aurrera egiten jarraitu ahalko dutela.

Alfonso Alonso Aranegui jaunak, Euskadiko Alderdi Popularren taldeko legebiltzarkideak, Lehendakariari aurrekontu-akordioari buruz eginiko galdera.

Iñigo Urkullu Lehendakariak esan du bere ustez oso positiboa dela lortu den akordioa, eta esan du 2020ko aurrekontuak historiako sozialenak izango direla. Hori horrela, Lehendakariak Elkarrekin Podemosekin lortutako akordioaren inguruan honako alderdi hauek nabarmendu ditu: aurrekontu-oreka bermatzen du, zero defizitarekin eta BPGd-aren % 12ko zorrarekin; Osasunaren, Hezkuntzaren eta gehien behar duten pertsonentzako Gizarte-babesaren arloetako funtsezko zerbitzuei eman beharreko arreta sendotzen du, eta inbertsioa % 10etik gora eta berrikuntza % 5etik gora areagotzeko aukera ematen du. “Aurrekontu oso onak eta positiboak dira Euskadirako. Arrazoizkoak eta errealistak dira, eta pertsonen beharrei erantzutea, jarduera ekonomikoa dinamizatzea eta enplegua sortzea dituzte helburu”, esan du.

DSBEari dagokionez, Lehendakariak nabarmendu du 2020ko aurrekontuak DSBEra diru gutxiago bideratzen duela, ekonomiaren hobekuntzaren ondorioz jende gehiago dagoelako lanean eta ez dutelako laguntza hori behar. “Hori da pertsona guztien nahia: LAN EGITEA”, esan du.  

Carmelo Barrio Baroja jaunak, Euskadiko Alderdi Popularren taldeko legebiltzarkideak, Lehendakariari eginiko galdera, López de Abetxuko ETAko eraileak EHUn emandako hitzaldiari buruzkoa.

Lehendakariak erabateko gaitzespena adierazi du biktimen sentsibilitateari kalte egin diezaiokeen edo haien birbiktimizazioa eragin dezakeen edozein ekitaldiren aurrean. Lehendakariak esan du nahiz eta lege-ikuspuntutik justiziak ez duen ekitaldia eten, ez delako terrorismoa goresten eta legezko erakunde batek antolatu duen, ikuspegi etikotik biktimei arreta emateko beharra dagoela. “Lege-esparruaz gainera, sentsibilitatea eta harmena erakutsi behar dira biktimei min ematen dieten egoeren aurrean”, esan du. Hala, bada, Lehendakariak adierazi eta eskatu du eztabaida horrek balio dezala horrelako egoerak berriro errepika ez daitezen.

Rebeka Ubera Aranzeta EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari EAEko hezkuntza-sistemaren inguruan agertutako azken ebaluazioei buruz galdetu dio.

Lehendakariak onartu du asko dagoela aurrera egiteko, baina egindako ibilbidearen aintzatespenanabarmendu du. “Hezkuntza-sistemak ahalegin handia egin du azken hamarkadotan ekitatearen eta aukera-berdintasunaren alde. Emaitzak agerikoak dira. Hori bai, helburu horietan sakontzen jarraitu behar dugu. Ez dizut hori ukatuko”, esan du. Hobekuntzaren adibide gisa, Lehendakariak honako hau nabarmendu du: UNESCOk “Eskola Inklusiboaren Esparru Plana”, “Ikasle etorkinei arreta emateko plana” edo “Euskadin atzerriko ikasleak eskolatzeari buruzko txostena" ezagutzeko erakutsi duen interesa”.

Euskararen erabilera dela eta, Lehendakariak nabarmendu du herrialdeko erronka dela, eta gizarte osoari eskatu dio eremu horretan elkarlanean jarduteko. “Guztiok gara garrantzitsuak. “Etengabeko hobekuntzaren kultura” gure herrialdearen sinbolo bilakatu behar dugu”, esan du.