Kontroleko osoko bilkura (2019/11/15)

2019.eko azaroak 15

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek Kontroleko Osoko Bilkurako talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete.

Galdera, Lander Martínez Hierro Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, eszenario politiko berriari buruz.

Jarrera politikoaren aldaketa positiboan nabarmendu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Hala, adierazi duenez, ezinbestekoa da konfiantza-giro berri bat sortzea, konpromisoen Programa bat oinarritzat hartuta harremanak finkatzea eta asmo handiak erakustea konplexua erabat den eszenario ekonomiko, sozial eta politiko baten aurrean. “Espero dut eta nire nahia da aurreneko akordioa behar adina sentsibilitate integratzeko gai izatea.Espero dut Estatuko lurraldetasun arazoari errealismoz aurre egingo diola, eta politikaren printzipioak aplikatuta”, zehaztu du.

Euskadiren kasuan, Lehendakariak bere nahia adierazi du, denbora berri honek, gutxienez, bi ondorio positibo izatekoa; lehena, errealismoa eta koherentzia nagusi izatea, Madrilen laster izango den akordio-esparruak bere korrespondentzia aurki dezan Euskadin; eta bigarrena Espainiako Gobernuak bere konpromisoak betetzea, lehentasuna emanez Gernikako Estatutua osorik betetzeari, urtarrilaren 22an onetsi zituen egutegiari eta lan-planari berriro helduz. “Ez dago denborarik galtzeko gobernagarritasuna bermatzeko eta aurre egiten ari garen erronka ekonomikoei, sozialei, lurraldekoei eta politikoei erantzuteko”, adierazi du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari egina,Euskadiko langabezia-datuei buruz.

Lehendakariak azpimarratu duenez, “enplegu gehiago eta hobea” sortzea lehentasuna da eta izaten jarraituko du Eusko Jaurlaritzarentzat.” Asko dugu egiteko eta ziurtatzen dizut Gobernu osoak diharduela bete-betean helburu hori lortzeko lanean”, gaineratu du. Gainera, Lehendakariak bereziki azpimarratu du emakumeei, gazteei eta luzaroko langabeei zuzendutako babesa.

Lehendakariak azpimarratu du egoera ekonomiko globala ziurgabetasunezkoa dela, baina Eusko Jaurlaritzaren erronka eta erantzukizuna enpresa eta ekonomia produktiboa babesten jarraitzea dela, zailtasunak gainditzeko.

Interpelazioa, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, alderdi jakin batzuek adierazitako asmoei buruz alderdi independentistak ilegalizatzeko. 

Lehendakariak azpimarratu duenez, ezinbestekoa da pedagogia demokratiko bat lantzea balio demokratikoak eta funtsezko eskubideak eta askatasunak ulertzeko, balioesteko, defendatzeko eta sustatzeko. “Hori guztia oreka, kohesioa eta justizia soziala oinarritzat hartuta”, gaineratu du. Horrekin lotuta, bost proposamen azaldu ditu: eraikitakoa balioestea eta sendotzea; balio demokratikoekiko konpromisoan sakonduta erantzutea beti; gehiengoaren borondateen akordio plurala zaintzea funtsezko eskubideen inguruan; Europarekin konpromisoa hartzea batasun-gune gisa hartuta; eta batasun sozial eta politiko europar bat mantentzea, askatasunaren eta funtsezko eskubideen defentsan bere gehiengo demokratikoaren pisua islatu dezan. “Orain planteatzen ditudan bost proposamenei positiboan erantzutea aurrerapauso bat izango litzateke intolerantziaren gaitzespen sozialean eta askatasunaren defentsa zorrotzean”, adierazi du.

Interpelazioa, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, memoriari, aitortzari eta ordainari buruz indarkeria matxistan. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, interbentzio-eremu guztietan ekintzak planteatzekoa: prebentzioan, detekzioan, arretan, babesean, koordinazioan eta justizian; biktimei eta biziraundakoei ordaina emateak duen garrantzia azpimarratuta. Gainera, azpimarratu duenez, beharrezkoa da sakontzen jarraitzea sentsibilizazio sozialaren zereginean.

Gobernuak garatzen dituen jardueren eta ekimenen artean, Lehendakariak hauek aipatu ditu: pertsonal espezializatua, genero-indarkeriaren biktimentzat Lanbidek jarria, Dirusarrerak Bermatzeko Errenta eskatzeari dagokionez; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako prestazio ekonomikoa enplegu bat lortzeko zailtasun berezia dutenean; erasotzaileak berriz hezteko Gakoa Programa, epaiaren aginduz erasotzaileek laguntza psikologikoa jasotzeko eta berriz hezteko; eta Jabetuz Programa, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntzan.

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako legearen aldaketa aipatuz, Lehendakariak nabarmendu duenez, lege berriak biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea ez ezik, neurriak hartzeko betebeharra planteatzen du biktima eta biziraundako guztiei bermatzeko kalte-ordain proportzionatu bat, egiaren aitortza, indarkeriazko ekintzak ez errepikatzearen bermea eta erabateko errekuperazioa dagozkien laguntza-baliabide publikoen bitartez. “Zalantzarik ez dago proposamen arauemaile berriak eskaini egingo digula aukera bat aurre egiten ari garen erronka sozial izugarri handi honetan sakontzen jarraitzeko eta hari erantzun egokia emateko”, adierazi du.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Euskal Autonomia Erkidegoko gurtza eta dibertsitate erlijiosorako lekuen eta zentroen lege-proiektuari buruz.

Gero eta pluraltasun erlijioso handiagoa ikusten den panorama baten aurrean, Lehendakariak azaldu duenez, gurtza eta dibertsitate erlijiosorako lekuen eta zentroen lege-proiektuak helburutzat du gizarteanbizikidetza, dibertsitatea eta askatasun erlijiosorako eskubidea babestea. “Lege hau errefortzu arauemaile bat da, funtsezko eskubide hori erabiltzean bermeak emateko”, adierazi du. Lehendakariak adierazi duenez, lege-proiektuak erantzun arauemaile koherente eta bideragarri bat eskaintzen du, erabat bat datorrena indarrean dagoen ordenamenduan jasotako printzipioekin, sortzen ari den errealitate sozial baten aurrean.