Kolonbiako Cauca iparraldeko bost autoritateren eta guardia indigenen hilketak gaitzesten ditu Eusko Jaurlaritzak

2019.eko urriak 31

Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza nagusiaren bitartez, Kolonbiako Cauca iparraldeko bost autoritateren eta guardia indigenen erailketak gaitzesten ditu.

Kolonbian dauden erakundeen arabera, gertaera, asteartean, urriak 29an, izan zen guardia indigenak herrialdearen eskualde honetan lurralde-kontrola egiten zuenean. Talde armatu batek tiroz hil zituen Cristina Bautista, nasa herriko gobernadore indigena, eta José Gerardo Soto, Adruval Cayapú, Eliodoro Inscur eta James Wilfredo Soto komuneroak. Beste sei lagun ere zauritu zituzten erasoan.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia (GLEA) elkarlanean jardun izan da Cauca Iparraldeko Kabildo Indigenen elkartearekin (ACIN, gaztelaniazko siglak) hainbat lankidetza-ekimenen bidez. Elkarte horretako kide ziren eraildako pertsonak.

Cristina Bautistak 2017an parte hartu zuen Latinoamerikako Herri Indigenei zuzendutako Giza Eskubideen Formazio Programan (PFDHPI-AL); Deustuko Unibertsitatearen eta Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren artean gauzatutakoa eta GLEAk diruz lagundutakoa da.

Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak doluminak adierazten dizkie eraildako pertsonen senideei eta kideei eta erailketak ikertzea espero du, gertakariaren gaineko erantzukizunak zehazte aldera.

Halaber, Kolonbiako Gobernuari eskatzen zaio gonbita egin diezaiola herri indigenen eskubideei buruzko Nazio Batuetako Errelatore Nagusiari, Kolonbia bisitatu eta egoera egiazta dezan.