Josu Erkorekak: "Etxeko lanak eginak ditugula harrapatu gaitu Auzitegi Gorenaren epaiak: 15 egunetan sartuko dira euskal udaletara 236 udaltzain plazarekin eta urrian beste 273 sartuko dira prestakuntza jasotzera"

2019.eko ekainak 26

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak elkarrizketa bat eman du gaur goizean Onda Vasca-ko Euskadi Hoy saioan. Bertan, aktualitate politikoaren errepaso bat egin du.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak azpimarratu duenez, tokiko poliziari buruzko legea dela-eta Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak “etxeko lanak eginak ditugula harrapatu gaitu”. Zentzu horretan, Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza aspalditik ari da lanean egoera hori arintzeko. “Arazo txikia da, urteak daramatzagulako udaltzainak prestatzen”, gaineratu du. Hala, sailburuak adierazi duenez, hamabost egunetan aterako dira akademiatik 236 udaltzain plazarekin eta, urrian, Arkauten prestakuntza jasotzera sartuko dira beste 276 pertsona.

Sententziari dagokionez, Erkorekak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak, EUDELekin batera, aztertu egingo du epaia sortutako egoera analizatzeko, baita analizatzeko ere zer eragin duen, praktikan, Poliziari buruzko Legean, kontuan hartuta bihar onesten dela eta “polizia laguntzailearen” figura jasotzen duela.

2020ko Aurrekontuak direla eta, Erkoreka sailburuak azpimarratu duenez, aste honetan hasiko da aurretiazko fase bat, hau da, aurrekontuetako gidalerroen dokumentua azaltzeko txanda. Horregatik, Erkorekak esandakoaren arabera, zentzua badu lehen fase horretan taldeen aldetik eragozpenen bat sortzeak. Prozesu osoan errealismoa eta erantzukizuna eskatu dizkie oposizioko talde guztiei.

Horrez gain, taldeekin adostasuna lortzeko aukerari buruz galdetuta, Legebiltzarrean astero sortzen diren akordioak aipatu ditu Erkoreka sailburuak, akordio landu batzuk, nahita bilatutakoak, talde antagonikoen artean. “Gobernuaren lana oztopatzeko bada, elkartu egiten dira, nahita bilatzen dute akordioa, eta landu eta lortu egiten dute”, gaineratu du. Zentzu horretan, eskola-jantokiei buruzko txostena aipatu du bozeramaileak adibide gisa.

Bestalde, Espainiaren Gobernagarritasunari dela eta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu duenez, gizarteak Exekutibo bat behar du, lehenbailehen, erronka ekonomiko eta sozial nagusiei erantzungo diena. Gainera, azpimarratu egin du Gobernu zentralarekin dagoen elkarrizketa instituzionala minimoa dela. “'Euskal Agendari' berriro heltzeko premia dugu”, gaineratu du. Josu Erkoreka sailburuak, gainera, azpimarratu egin du zein erraz hitz egiten den hauteskundeak errepikatzeaz, eta zentzu horretan, arduragabekeria bat litzatekeela nabarmendu du.