Josu Erkoreka: "Kezkatuta gaude hauteskunde-aldiak zein arin kudeatzen diren ikusita: 5 egin dira 2 egin behar ziren denboran"

Irekia__2_.jpg

2019.eko uztailak 11

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote gaur Herri Irratiko “Egunon Bizkaia” saioan. Gaurkotasun politikoa duten gaiez aritu da Erkoreka, eta, besteak beste, Gobernu Zentralaren eraketari, 2020ko Aurrekontuei, Polizia-gehiegikerien Legea deiturikoari eta Memoria Historikoaren Lege Proiektuari buruz hitz egin du.

Gaur goizean egindako elkarrizketan, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak esan du kezkatuta dagoela hauteskunde-aldiak zein arin kudeatzen diren ikusita. “Ez dut gogoan hartu ere egin nahi Hauteskunde Orokorrak berriz egiteko aukera, jada 5 egin dira 2 egin behar ziren denboran, zentzugabekeria bat da”, esan du. Alde horretatik, azpimarratu du inbestidura ez dela luzatu behar. Bestalde, sailburuak nabarmendu nahi izan du Madrilen solaskideak falta zaizkiela, eta hori benetan oso kezkagarria dela.

EAEko 2020rako Aurrekontuei dagokienez, Erkoreka sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza oposizioko alderdi guztiekin ari dela negoziatzen. Horrez gainera, adierazi du taldeak harkor daudela ikusi dutela. Alde horretatik, Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du positiboa dela oposizioko hiru alderdietako bakar batek ere ez baztertu izana bere burua negoziazioetatik. “Ziur nago akordioa lor daitekeela”, erantsi du. Horrela, sailburuak esan du Jaurlaritzak uste duela kontu on batzuk onartzea lortuko duela legealdiari amaiera emateko eta gizarteak behar dituen erronkei erantzun ahal izateko. “Leialtasunez, saiatuz eta malgutasunez lan egingo dugu”, adierazi du.

Elkarrizketan hizpide izan den beste gaietako Polizia-gehiegikerien Legea deiturikoa izan da. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak azpimarratu du paradoxa hutsa dela hainbesteko babes politiko eta soziala duen lege bati Euskadin batere ordezkaritzarik ez duen alderdi batek errekurtsoa jarri izana. “Ziur nago Konstituzio Auzitegiak arrazoia emango digula”, erantsi du.

Memoria Historikoaren Lege Proiektuari buruz galdetu diotenean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak argitu du orain dela hainbat hilabete hasita ari direla memoria berreskuratzeko abangoardian jarraitzeko lege-proiektua lantzen. “Euskadin asko eta adostuta lan egiten dugu gai honetan”, ñabartu du Erkorekak.