Josu Erkoreka: "Gobernua sostengatzen dugun bi alderdiok babes handiena jaso dugu berriro, bai botoetan, bai eserlekuetan"

2019.eko azaroak 12

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, "Kidego eta Eskalen Lege Aurreproiektua" aurkezteaz gain, azaroaren 10eko hauteskundeetan Euskadin lortutako emaitzak baloratu ditu. Ildo horretan, nabarmendu du Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek jaso dutela babesik handiena, bai botoetan, bai eserlekuetan. "Gobernuaren lanari emandako konfiantzazko abal gisa interpretatzen dugu", adierazi du.

Gainera, Espainiako Legebiltzarreko zatiketa eta polarizazioa nabarmendu ditu Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, 16 alderdi politikoren presentziarekin eta Vox zein indar subiranisten hazkundearekin. Hala, zatiketak eta polarizazioak aurretik konplexua zen gobernagarritasuna are gehiago zailtzen dutela azpimarratu du.

Voxen hazkundeari dagokionez, berri txarra dela azpimarratu du Erkoreka sailburuak. "Ez dugu ezer partekatzen Voxekin. Ez gizarte eredurik, ez lurralde eredurik, ez eredu instituzionalik, ezta politika egiteko modurik ere ", adierazi du. Era berean, Josu Erkorekak azpimarratu du veste taldeek Voxekiko azaltzen duten jarrera izango dela legealdiko gakoetako bat.

Gobernu Kontseiluan landutako gaiei dagokionez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak jakinarazi du, ordu honetan Lakuan dago bilduta dagoela Funtzio Publikoaren Euskal Kontseilua etorkizuneko “Kidegoen eta Eskalen Legeaonesteko.

Erkorekak azaldu duenez, “Kidegoen eta Eskalen Lege Aurreproiektua” lege labur bat da, hauek osatua: 2 kapitulu, 19 artikulu, 2 xedapen gehigarri, iragankor 1 eta indargabetzaile 1. Lege horrek oraingoa ordeztuko du, 2004koa, helburu hartuta Administrazio Publikoko talde eta azpitalde profesionalak modernizatzea eta haien kopurua sinplifikatzea; baita kategoriei moldakortasuna ematea ere, aldatu eta eguneratu ahal izan daitezen lanpostuetako profilak titulazio akademikoak aldatu eta berriak sortu ahala. “Lege hau onetsitakoan, Gobernuak aldizka eguneratuko ditu eskala bakoitzean bete behar dituzten funtzioak, baita eduki behar diren ikasketa-eremuak edo titulazioak orain sortu edo aldatzen den eskaletako bakoitzean sartu ahal izateko”, adierazi du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu duenez, etorkizuneko “Kidegoen eta Eskalen Legea”-ri txertatu egingo zaizkio enplegua irmotzeko prozesu bereziak. “Gure nahia da prozesu berezi horiek martxan jarri ahal izatea, lehen aldiz, 2020tik aurrera antolatuko ditugun Lan Eskaintza Publikoetan”, gaineratu du.

Bestalde, jakitera eman duenez, etorkizuneko lege horren bidez, langile publikoen bitartekotasuna % 40tik gorakoa denean, Administrazio Publikoek aukera izango dute “sarbide-txanda bereizi” bat sortzeko LEPetan, lanpostuan gutxienez 8 urteko esperientzia ziurtatzen duten pertsonentzat. Sailburuak esandakoaren arabera, dagoeneko Administrazio publikoetarako lanean diharduten milaka pertsonen talentua aprobetxatzea da helburua. “Egonkortasuna ahalbidetu nahi dugu, betiere indarrean dagoen lege-esparruaren barruan, horrek behartzen baikaitu bermatzera oposizioak egiten dituzten pertsona guztien berdintasuna, merezimendua eta gaitasuna”, zehaztu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena