Jaurlaritzak uste du ez dagoela arrazoi objektiborik Euskadin greba orokorra deitzeko

2019.eko urriak 29

Bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren ondorengo ohiko prentsaurrekoan, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin batera.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, greba orokorra deitzearen inguruan, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren ustez ez dagoela arrazoi objektiborik Euskadin greba orokorra deitzeko. "Guztiz kontrakoa", gaineratu du. Horren harira, Erkorekak nabarmendu du ekonomiaren, gizartearen eta enpleguaren egoerari buruzko datuek adierazten dutela Euskadin bizi den errealitatea, hobetu daitekeela, baina arrazoizkoa dela.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekak deialdi baten berri eman du: Lan Eskaintza Publikoa Euskadiko Administrazio Orokorrean, 1.026 plaza berrirekin. LEP zabalena da hau 30 urtetan, 1989az geroztik. Erkoreka sailburuak adierazi duenez, azterketa guztiak 2020 eta 2021 bitartean egingo dira, plantilla gaztetzeko eta dagoeneko Euskal Administrazio Publikoan lanean dihardutenen enplegu publikoa finkatzeko helburuz.

Gainera, Josu Erkoreka sailburuak ezagutzera eman duenez, Eusko Jaurlaritzak aurreikusita du 2020rako, gutxienez, beste 500 plaza gehiagoren deialdia egitea. “Bete egiten dugu horrela legealdi honetan oposizioen deialdiak egiteko gure konpromisoa 2.000 plazarekin baino gehiagorekin Administrazio Orokorrean”, gaineratu du.

Bitartekotasun-tasa altuetatik eratorritako arazoa dela eta, Gobernuko bozeramaileak azpimarratu duenez, Euskal Administrazio Publikoa jabetzen da errealitate horretaz eta horregatik du hartuta konpromiso irmoa enplegu publikoa egonkortzeko. “Enplegua irmotzea, bere baldintzak hobetzea eta herritarrei eskaintzen diegun zerbitzu publikoaren kalitatean aurrerapausoak ematea da gure helburua”, gaineratu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programa eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dituen Dekretuaezagutzera eman du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek. Artolazabal sailburuak bere poza adierazi du dekretua onetsi izanagatik, “erakutsi egiten baitu ez dagoela gizarte-politika hobeagorik kalitateko enplegua baino, baita desgaitasuna duten pertsonentzat ere”. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu duenez, lan babestuak, Dekretu honekin arautzen diren enplegu-zentro berezi horien bitartez, aukera ematen du ohitura sozialak eta lanekoak hartzeko, hobetu egiten du enplegagarritasuna eta ahalbidetu egiten du produkzio-sistema arrunterako igarobidea. Gainera, nabarmendu duenez, dekretuak ekintza positiboko neurriak jasotzen ditu desgaitasuna duten emakumeak kontratatzearen alde, eta horretarako % 10 gehitzen dira laguntzak.

Bestalde, Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburuak hauxe izaten jarraitzen du, desgaitasuna duten ahalik eta pertsona gehienak lan-merkatu arruntean txerta daitezen lortzea.“Politika aktiboen formulak garatzen jarraituko dugu, haiek lan-merkatu arruntean sartzea ahalbidetzeko”, gaineratu du.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena