Jaurlaritzak 63.225 euroko laguntza onartu du elkano fundazioarentzat, lehen mundubiraren bosgarren mendeurrena gogoratzeko antolatzen diren ekitaldiak laguntzeko (Gobernu Bilera 2019-10-22)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 22

  • Fundazioak izaera iragankorra du eta, hiru urtez, dibulgazio eta kultura ekimenak bideratu nahi ditu mugarri hori ezagutarazteko

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 63.225 euroko diru-laguntza onartu du, bere gaurko saioan, Mundubira 500: Elkano Fundazioarentzat, mundura egindako lehen itzuliaren bosgarren mendeurrena dela-eta antolatzen diren ekitaldiak babesteko. Elkanoren eta mugarri horren ezagutza sustatuko duten proiektuak koordinatzea da Fundazioaren helburua.

Elkano Fundazioaren patronatua Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Urola Kostako Mankomunitateko eta Getariako Udaleko ordezkariek osatzen dute. Fundazioak izaera iragankorra du, eta bere proiektuak hiru urtez bideratu nahi ditu, munduari lehen itzulia eman zion espedizioak iraun zuen denbora bera. Hitzaldiez, dibulgazio-erakusketez eta uda- ikastaroez gain, Elkano Fundazioa bestelako ekimenak ere sustatzen, koordinatzen edo laguntzen ari da bosgarren mendeurrenaren inguruan: gogoeta gune izango den itsas-ibilaldi bat belaontzian, kultur jaialdiak, dibulgaziozko blog bat edota mundubiraren inguruko jardunaldi gastronomiko bat,  beste askoren artean.

Fundazioak berak dioenez, "oraindik ezezaguna den historia bat" ezagutarazteko jaio zen. Adierazi dutenez, “gizateriarentzat aldaketa garrantzitsuak ekarri zituen gertaera historiko hark hiru urteko iraupena izan zuen, eta euskaldunek, beste batzuekin batera, protagonismo handia izan zuten”.