Jaurlaritzak 432.000 eurorekin finantzatuko ditu euskal funtzio publikoan ordezkaritza duten 11 sindikatuak (Gobernu Bilera 2019-12-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 17

  • Laguntzak sindikatu bakoitzaren ordezkagaitasunaren arabera banatuko dira, ELA eta LAB izanik euskal funtzio publikoan gehiengoa duten sindikatuak 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu euskal funtzio publikoan, (Euskadiko Administrazio Orokorra (Lakua) eta erakunde autonomoak, Osakidetza, Ertzaintza eta Hezkuntza) ordezkaritza duten sindikatuen jarduera ahalbidetzen duten laguntzak. Guztira 432.000 euro dira, 11 sindikatuek euren baliabide materialak eta jarduera finantzatu ahal izan ditzaten eta, era horretara, Euskal Administrazio Publikoko negoziazio-mahaietan langile publikoen, funtzionarioen nahiz lan-kontratudunen, interesak aldeztu ahal izan ditzaten.

Laguntzak sindikatuen ordezkagaitasunaren arabera banatuko dira:

Funtzio Publikoko sindikatuen finantzazioa  

Ordezkaritza-ehunekoaren arabera

 

ELA

143.601,07€

LAB

99.742,04€

CC.OO

61.852,13€

SATSE

51.639,47€

UGT

33.533,94€

STEE-EILAS

14.422,33€

SME

10.549,59€

ERNE

6.969,17€

ESAN

4.181,50€

HITZA

3.557,40€

SIPE

1.951,36€

 

SINDIKATUEN JARDUERA

Hamaika sindikatuek ordainketa bakarrean jasoko dituzte laguntzak, erabaki hau hartu eta berehala, eta euren jarduera justifikatzen duen memoria Lan Harremanen Zuzendaritzari aurkeztu ondoren. Laguntza honen bidez Eusko Jaurlaritzak finantzatzen ditu:

  • Atal sindikalen gastuak, eta akordioak eta hitzarmenak argitaratzea.
  • Administrazioko, Mahai Orokorreko eta mahai sektorialetako jarduerak.
  • Sindikatuen jarduera gauzatzeko baliabide materialak.
  • Negoziazio-jarduera eta sindikatuen parte-hartzea.