IVAP-ek eta Izenpek elkarlanean jardungo dute langileak hautatzeko prozesu publikoetan parte hartzen duten pertsonen identifikazio elektronikorako (Gobernu Bilera 2019-12-03)

foto_ivap.jpg

2019.eko abenduak 03

  • Helburua da hautaketa-prozesuetara aurkezten diren pertsonen izapideak arindu eta sinplifikatzea

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio IVAPen (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea) eta Izenpe SAren (Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa) arteko lankidetza-hitzarmenari, lanpostuak betetzeko hautaketa-prozesuetan identifikazio elektronikorako baliabideak zabaltzeko. Helburua da administrazio publikoek IVAPen bidez langileak hautatzeko egiten dituzten prozesuak arinagoak eta gardenagoak izatea eta, hala, administrazio-izapideak sinplifikatzeko gizarteak egiten dituen eskariei erantzutea.

Hitzarmenak hautaketa-prozesura aurkezten diren pertsonak identifikatzeko bi baliabide jaso ditu:  aldi baterako pasahitza edo BakQ ziurtapena. IVAPek baimena eskatuko du, beti, Izenpe SAri datu pertsonalen berri emateko. Datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordeko du, eta datu horiek ahalik eta segurtasun gehienarekin tratatuko ditu. Gainera, ezingo dizkio datu pertsonalak hirugarren bati eman, eta suntsitu egingo ditu, enkargua amaitu ondoren.

Lankidetza-hitzarmenaren arabera, Izenpe SAk IVAPeko identitate digitalak sortzeko eta egiaztatzeko langile arduradunei emango die prestakuntza, eta haien esku beharrezko softwarea jarriko du. Hala, IVAPek hautaketa-prozesuetako hautagaien identitatea egiaztatu ahalko du eta, horretarako, prozesuaren eraginkortasunean, kalitatean, segurtasunean eta gardentasunean oinarritu.

IVAPen eta Izenpe SAren arteko lankidetza-hitzarmenak 4 urteko iraupena du, baina luzatu edo eten ahalko da, alde biek hala adosten dutenean.