IVAP-ek elkarlanean jardungo du Bizkaiko Foru Aldundiarekin, haren langile publikoaren prestakuntzarako (Gobernu Bilera 2019-12-26)

logoconsejo.jpg

2019.eko abenduak 26

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku jarriko du, besteak beste, bere prestakuntza-plataforma, eta ikastaro bakoitzari dagozkion ziurtagiriak emango ditu

Gobernu Kontseiluak, gaur, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmenerako baimena eman du, foru-erakundeko langile publikoen prestakuntza-jarduerak kudeatu eta homologatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak esperientzia handia du hainbat eginkizun eta kualifikazio dituzten langileen prestakuntza diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen. Aurrerantzean, IVAPek elkarlanean jardungo du prozesu horietan, eta, horretarako, bere prestakuntza-plataforma jarriko du eskuragarri eta ikasle bakoitzari dagokion ziurtagiria emango dio.

PRESTAKUNTZA-EKINTZEN GARAPENA

Bizkaiko Foru Aldundiak haien prestakuntza-beharrak detektatu eta urteko plana prestatuko du eta hura IVAPi aurkeztuko dio, hark bere sisteman egokitzat jotzen dituen ekintzak eman ahal izateko altan. Foru-erakundeak prestakuntza-jarduera bakoitzean zer pertsonak parte hartuko duen zehaztu ondoren, informazio hori IVAPen prestakuntza-ikastaroen plataforman kargatuko du. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu eta kudeatuko ditu jarduera horiek, eta, gero, emaitzen datuak IVAPi bidaliko dizkio. Hala, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ziurtagiri digitalak emango dizkie prestakuntza-jardueretan parte hartu duten ikasleei.

Hitzarmena lau urte izango da indarrean, eta Segimendu Batzordea izango du; Batzordea alde sinatzaile bakoitzeko ordezkari bik eratuko dute, eta hura arduratuko da gaur onetsitako hitzarmenaren betearazpena kontrolatzeaz.