ITP Aero-ren planta berriaren inaugurazioan izan da Lehendakaria

2019.eko azaroak 13

  • Lehiaren eta Euskadirentzako enplegu-aukera berriak sortzearen aldeko estrategia ekonomiko bat bultzatzen jarraituko du Eusko Jaurlaritzak

  • 2020ean Eusko Jaurlaritzak aurreikusita du 253 milioiko inbertsio bat 4.0 industriarako, enpresa txikietan eta ertainetan, eta 22 milioikoa Parke Teknologikoetan inbertsio berriak egiteko

  • Urkulluk adierazi duenez aeronautikaren etorkizuna trantsizio teknologikoan, energetikoan eta ingurumenekoan kokatzen da

Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia lagun zuela, ITP Aero-ren planta berriaren inaugurazioan izan da. Bertan, harrotasunez partekatu du euskal multinazionalaren 30. urteurrena.

Gaur egun, ITP Aero enpresa aitzindaria da Estatuko motor eta osagai aeronautikoetan, eta bederatzigarren konpainia munduan, bere sektorean. 30 urtetan, 900 milioi inguru fakturatzen ditu, bost herrialdetan dago eta 4.000 pertsona ditu enplegatuta.

Bere jardunean, Lehendakariak nabarmendu egin du konpainiaren izaera abangoardista berrikuntzaren eremuan. “Fabrikazio aurreratuan abangoardiako konpainia bat zarete, eta aitzindari zarete espezializazio adimendunaren Euskadi RIS 3 Estrategian”, adierazi du.

ITP enpresak 360 milioi inbertitu ditu I+G+b-n bost urtetan, eta teknologia propio bat sortu du, motor eta osagai aeronautikoen diseinura, fabrikaziora eta zerbitzura egokitua. Inbertsio horrek ahalbidetu du fabrikazio gehigarriaren teknologietako eta digitalizazioko bikaintasunean aurrerapausoak ematea, etorkizuneko motorraren arkitektura berria garatzea, eta, aukera emango du, gainera, propultsio hibrido-elektrikoaren oinarriak finkatuko dituen teknologia eskueran izateko.

Inauguraziko ekitaldian, Lehendakariak ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak jarraitu egingo du lehiaren eta Euskadirentzako enplegu-aukera berriak sortzearen aldeko estrategia ekonomiko bat bultzatzen.“Apustu irmoa I+Gren alde, Euskadiko industriaren garapen-ereduaren ildotik”, zehaztu du. Hala, 2020an, Eusko Jaurlaritzak aurreikusita du 253 milioiko inbertsio bat 4.0 industriarako enpresa txikietan eta ertainetan, eta 22 milioikoa Parke Teknologikoetan inbertsio berriak egiteko. Zentzu horretan, Parke Sarearen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak.

Era berean, Urkulluk azpimarratu duenez, aeronautikaren etorkizuna trantsizio teknologikoan, energetikoan eta ingurumenekoan kokatzen da. Hala, dei bat egin die enpresei trantsizio horri aurrea hartzeko, eta motor eraginkorragoen eta garbiagoen, arinagoen eta isilagoen alde apustu egiteko. “Dagoeneko ikerketa-gai bat da hegazkinen elektrifikazioa. Eszenario berri horrek aukera bikain bat zabaltzen du ITPrentzat, teknologiaren eta fabrikazioaren desafio honetan inplikatuta dagoela kontuan hartuta”, adierazi du.

ITP Aero-ko Externals planta berria

Instalazio berrietan 14 milioi eurotik gorako inbertsioa egin da eta erantzun egiten diote Externals-en eskari handiari merkatu aeronautikoan, motor aeronautikoak estaltzeko erabiltzen diren osagaietan, baita fluido, egitura eta beste elementu batzuetan ere.

Planta berria, Derion kokatua Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren barruan, bete-betean ari da funtzionatzen eta gaur egun 115 langile ditu enplegatuta, 160 lanpostura arte gehitzeko aurreikuspenekin.Eraikinak konpainiako Externals-en negozio-arloaren egoitza globala hartzen du barnean, besteren artean, hainbat osagairen ingeniaritza, garapen eta produkzioko bulegoak.