"Istripuen Biktimen Erregistroa eta Bide Segurtasunerako Plan Estrategiko berria bide-segurtasunaren arloan neurri zuzentzaileak hartzeko erreminta baliagarriak izango dira"

Argitalpen-data: 

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak ‘Euskadin bideko elkarbizitza sustatuz, mugikortasun seguru baten alde' jardunaldia inauguratu du gaur

2019/11/27

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak adierazi du 2021-2025 aldirako helburuak eta erronkak jasoko dituen Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Estrategiko berria egingo dutela, eta Istripuen Biktimen Euskal Erregistro berriko lehenengo datuak urte amaierarako ateratzeko asmoa dutela. “Bide-segurtasunaren arloan administrazio guztiok neurri zuzentzaile eraginkorrak hartzeko erreminta baliagarriak izango dira”, adierazi du Beltrán de Heredia sailburuak Trafiko Zuzendaritzak Donostiako Tabakalera kultura zentroan antolatutako ‘Euskadin bideko elkarbizitza sustatuz, mugikortasun seguru baten alde' jardunaldi profesionalaren inaugurazioan. Ekitaldian parte hartu duten nazioarteko adituek mundu osoko kale eta errepideetako segurtasuna kudeatzearekin zerikusia duten alderdiei buruzko jakintzak partekatu dituzte bideko elkarbizitza hobetzeko.

 

Jardunaldiari hasiera emateko esku-hartzean, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak adierazi du Saila Trafiko Istripuen Biktimen Erregistrotik lehenengo ondorioak ateratzen ari dela eta 2021-2025 bosturtekorako helburuak jasoko dituen eta Euskadiko mugikortasunaren egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko izango den Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Estrategiko berria prestatzen ari dela. Alde horretatik, Segurtasuneko sailburuak bere esku-hartzean adierazi duenez, bi proiektuak “erreminta baliagarriak izango dira trafikoan eskumenak ditugun administrazio guztiok bide-segurtasuna eraginkortasunez areagotzen lagunduko duten neurri zuzentzaileak hartzeko”.

Trafiko Zuzendaritzak Donostiako Tabakalera Kultura Zentroan antolatutako ‘Euskadin bideko elkarbizitza sustatuz, mugikortasun seguru baten alde' jardunaldi profesionalaren inaugurazio-ekitaldian egin ditu adierazpenok Beltrán de Heredia sailburuak. Jardunaldian nazioarteko bederatzi aditu elkartu dira, gure lurraldean eta gure lurraldetik kanpora bideko elkarbizitza eta segurtasuna kudeatzeko modu ezberdinak jakitera emateko.

Segurtasun Sailaren arduradunak azpimarratu du istripuen tasa behera egiten ari dela: “Oraindik indarrean dagoen Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Iraunkorrerako Plan Estrategikoa abian egon den 5 urte hauetan urtean batez beste 40 hildako izan dira errepideetan, eta zifra hori mendearen lehenengo bost urteetakoaren azpitik dago nabarmen, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren erregistroen arabera urtean 160 biktimatik gora izan baitziren. Ezarritako hobekuntzak ari dira, beraz, emaitzak izaten, nahiz eta oraindik bide luzea dagoen egiteko. Zeregin horretan, bideko elkarbizitza funtsezkoa izango da mugikortasun segurua bermatzeko”.

Estefanía Beltrán de Herediak gogoratu du azaroaren 21era arte trafiko-istripuetan hil diren 46 pertsonetatik % 64 kolektiborik zaurgarrienetakoak direla: motor-gidariak (16), oinezkoak (12) eta txirrindulariak (1). Alde horretatik, ziurtatu du Trafiko Zuzendaritzatik lanean jarraituko dutela bideko elkarbizitzaren eta heziketaren arloan herritarrak kontzientziatzeko, besteak beste, Zirkulatzeko Prest, Jar zaitez nire gurpiletan-Ponte en mis ruedas edo Don´t be dummy-Zuk ez duzu ordezkorik programen bidez.

Bestalde, Segurtasuneko Sailburuak nabarmendu nahi izan du Txurdinagako (Bilbo) Trafikoa eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentrotik eta Ertzaintzaren trafikoko unitate nagusietatik eta lurralde-unitateetatik egiten duten lana. Horrez gainera, erakundeen arteko lankidetzari jarraipena ematearen alde agertu da, Euskadin bide-segurtasuna bermatzen laguntzeko.

Eusko Jaurlaritzako trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera arduratu da gaurko jardunbide profesionalean parte hartu duten 130 bat pertsonari ongietorria egiteaz. Inaugurazio hitzaldia Claudia Adriazola-Steilek (Hiri Mugikortasuneko zuzendariordea eta Bide Segurtasun eta Osasuneko zuzendaria WRI Ross Center for Sustainable Cities zentroan) eman du, eta hirietako mugikortasunaren, bide-segurtasunaren eta jasangarritasunaren arteko intersekzioari buruzko bere disertazioa ondorengo hitzaldien testuingurua kokatzeko izan da.

Xabier García Ramsdem kazetariak gidatu du hiru bloketan banatu den jardunaldia. Lehenengo blokearen izenburua izan da “Bide segurtasunaren nazioarteko egoeraren azterketa. Mugikortasun jasangarriaren desafioak: bide bizikidetzaren balioa eta liderren formakuntza”, eta parte-hartzaileak izan dira Aitor Aritzeta (Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren BICI-KIDE egitasmoaren zuzendaria), Cristina Zamorano (Autopistas-eko Bide Segurtasuneko Zentroko burua) eta Ana Lucía Jácome (Jende eta Gizarteratzeko Dibisioko aholkulari seniorra, Gaikuntza eta Ikerketarako Nazio Batuen Institutuaren Garapen Iraunkorreko Programako proiektuen liderra).

Kafea hartzeko tartearen ondoren, bigarren blokeari ekin zaio: “Mugikortasun jasangarri eta seguru berria kudeatzeko Europako ereduen bila: hiriko kolektibo zaurgarrien rola”. Parte-hartzaileak izan dira: Simon Bradbury (Vision Zero Estrategiaren zuzendaria Londresko Lurgaineko Garraioko Zuzendaritzan), Gert Jan Wijlhuizen (SWOV Bide Segurtasunaren Ikerketarako Institutuko aditua, Herbehereak) eta María Pilar Arana (Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraioko zinegotzi ordezkaria).

Eraldaketa sozial, teknologiko eta kultural handien inpaktua XXI. mendeko norbanakoan” izenburua duen hirugarren zatiko hizlaria Jesús Prieto (Nazioarteko eta Kulturarteko Azterketetan doktorea. Deustuko Unibertsitateko Antropologia Soziokulturaleko lizentziaduna) izan da. Jardunaldiari amaiera emateaz Carmelo Sanz de Barros (RACEko presidenteak) arduratu da, eta ondorioak laburbilduz parte-hartzaileak agurtzeaz Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuera.