Irune Muguruzak "Ijito Herriaren euskal elkarteek eskola-arrakasta areagotzeko, kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta giza eskubideak sustatzeko egiten duten ezinbesteko ekarpena" nabarmendu du

Gernika_15_11_19__21_.jpg

2019.eko azaroak 15

 

  • Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria, Bizkaiko Batzar Nagusiek ijitoen kolektiboetako ordezkariei eskainitako ekitaldian

Gernika, 19-11-15

Irune Muguruza Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak, gaur goizean, “Ijito Herriaren euskal elkarteek eskola-arrakasta areagotzeko, kulturen arteko bizikidetza hobetzeko eta giza eskubideak sustatzeko, besteak beste, egiten duten ezinbesteko ekarpena” nabarmendu du. Irune Muguruzak, eguerdian, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta bertako lehendakariak, Ana Otaduik, Gernikako Batzarretxean Ijito Herriaren euskal elkarteei eskainitako ekitaldian parte hartu du.

“Euskadiko Ijitoen Kontseilua eratzen duzuen erakunde guztiak gaude, jai-giroan ospatzeko Ijito Herriaren sustapen integralerako eta gizarte-partaidetzarako lehen Euskal Planaren onespenaren 15. urteurrena; haren ondorioz, urtero ospatzen da Euskadiko Ijito Herriaren Eguna, eta Gernikako Batzarretxe honetan egiten dugu, askatasunen eta euskal gizartearen batasunaren sinbolo baita”, esan du Muguruzak.

Muguruzaren hitzen arabera, “Gernika leku bikaina da euskal gizartearen aniztasuna adierazteko; hura, hainbat gertakari tarteko, Euskadin sustraiak bota ditugunok eratzen dugu. Euskal ijito herriak duela 500 urte baino gehiago egin zuen”.

“Ijito Herriaren sustapen integralerako eta gizarte-partaidetzarako I. Euskal Plana, desberdintasunen errespetuan oinarrituta, baterako espazioa eraikitzeko prozesu partekatuan aurrera egiteko borondateaz prestatu zen, herrialde kohesionaturako borondateaz, gizarte kohesionatuan aurrera egiteko apustu irmoaz. Gobernu Kontseiluak I. Plana onetsi zuen urte hartako azaroaren 16tik igaro diren 15 urte hauetan, euskal administraziook ijitoen elkarteekin jardun dugu elkarlanean, ijitoak bizitzako eremu guztietan txertatzeko eta haien parte-hartze aktiboa lortzeko; horretarako, sentsibilizazio-kanpainak eta ijitoak lan-munduan txertatzeko ekintzak gauzatu ditugu”, esan du Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak.

Eraberean Sarea

Ijitoen elkarteek Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak tratu-berdintasunerako eta bazterketarik ezerako sustatutako Eraberean Sarean parte hartzen dute; “sare horren xedea da ijitoen, immigrazioaren eta LGTBI kolektiboen eremuko erakundeak batuko dituen manta ehuntzea, baterako lana egiteko, eta, horretarako, beren begiradak batzea, eta Euskadiko politika publikoetan eta gizarte zibilean tratu-berdintasuna eta bazterketarik eza sustatzea”.

“Emakume naizen aldetik, bereziki nabarmendu nahi dut eskubidez dagozkigun espazioetan egotea lortzeko ahalduntzea. Helburu hori ere Ijito Herriaren lehen Euskal Planean jaso zen; Euskadi, harekin, erkidego aitzindari bilakatu zen. Gaur egun, inork ez du zalantzarik, gure gizartearen parte zarete, baina egia da, bestalde, eta hala onartu behar da, oraindik bide luzea dagoela egiteko, bizikidetzaren ateak ixten dituzten estereotipoak eta estigmak apurtzen jarraitzeko. Hori guztia, baterako helburu bakarrari erantzuteko: gure gizartea eratzen dugun guztion arteko bizikidetza hobetzea”, esan du Muguruzak.

Nahiz eta efemeridea hilaren 16an ospatu, kolektiboa ospakizun-eguna baino egun bat lehenago aintzatetsi da eta, horretarako, harrera-ekitaldian, besteak beste, Ramón Motos Euskadiko Ijitoen Kontseiluko presidenteordeak eta Marcelo Borja Nevipen elkarteko presidenteak parte hartu dute.