Irisgarritasun Unibertsalaren Euskadiko Estrategia azken fasean sartu da

IMG_5540.jpg

2019.eko abenduak 11

  • Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseiluak argi berdea eman dio Irisgarritasun Unibertsalaren Euskadiko Estrategia proposamenari, Gobernu Kontseiluak luze gabe onartuko duena
  • Ekimenak proposatzen du erakunde publiko guztietan irisgarritasunari buruzko arduradun bat sortzea, eta irisgarritasun unibertsaleko udal planak berritu eta mantentzea betebeharra izatea
  • Mila pertsonatik 99k desgaitasun motaren bat du Euskadin

 

Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua-ISEKek, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua buru duela, bere oniritzia eman dio gaur etorkizuneko Irisgarritasun Unibertsalaren Euskadiko Estrategiari, eta hori Gobernu Kontseiluak luze gabe onartuko du formalki. Estrategiaren asmoa da irisgarritasunaren orain arteko kontzeptua gainditzea, alegia, ez izatea desgaitasuna duten pertsonei oztopo fisikoak ezabatzea, zerbait zabalagoa baizik: bermea ematea ingurune, prozesu, produktu eta zerbitzu guztiak pertsona guztiek osoki baliatu eta ulertu ahal izateko.

Irisgarritasun Unibertsaleko Estrategiaren proposamena Euskadin 1997ko Irisgarritasuna Sustatzeko Legearen 20. urteurrena ospatu eta bi urtera onartu da, Lehendakaria buru izan zuen ekitaldi hartan Jaurlaritzak hartutako konpromisoari lotuz. ISEKeko Batzorde Iraunkorra (Irisgarritasuna Sustatzeko Legeak sortutako kontsultarako organoa) dokumentua ontzen joan da denbora honetan guztian.

Euskadi aitzindaria izan zen irisgarritasunaren gaiari heltzen, 1997ko legearen bitartez, eta orain jauzi berri bat eman nahi diogu, irisgarritasun unibertsalaren kontzeptua zabalduz; bitartean, eutsi egingo diogu lanari desgaitasunen bat duten pertsonek artean aurkitzen dituzten oztopo eta trabak kentzeko”, adierazi du Iñaki Arriola sailburuak.

Estrategiak Euskadiko irisgarritasunaren egoeraren diagnostiko bat izan du abiapuntu, legea indarrean hogei urte eman ondoren, eta egiaztatu du aurrerapenak egin direla (batez ere espazio publikoetako oztopoak kentzen) eta, aldi berean, artean ere badaudela gabeziak beste arlo batzuetan, adibidez, garraioan, edo zahar samarrak diren etxebizitzetan. Diagnostiko hori oinarritzat hartuz, Estrategiak helburu estrategikoak eta jardun-ildoak ezarri ditu.

Sei helburu nagusi eta ardatz estrategiko ditu:

 

- Irisgarritasun-gaietan indarrean den araudia betetzen dela guztiz bermatu.

- Irisgarritasuna kudeaketa publikoko oinarrizko eta zeharkako elementu gisa sartu.

- Gizarte osoak bereziki eraginpean dauden gizataldeei (adibidez, desgaitasuna edo dependentzia duten pertsonei, eta adineko pertsonei) buruz duen sentsibilizazioa eta kontzientziazioa hobetu.

- Irisgarritasun unibertsalari buruzko heziketa sustatu.

- Teknologiaren garapen sustatu eta irisgarritasun-gaietako ikerketa, berrikuntza eta kalitatea sustatu.

- Gobernantza-eredu berri bat sortu, estrategiaren lidergoa hartu eta ezagutza sortzeko.

Sei helburu estrategiko horiek proposatutako 41 jardun-ildoetan garatzen dira. Jardun-ildo horiek hirigintza eta eraikuntza, garraio, heziketa, enplegu, berrikuntza edo justizia-administrazio arloko jardunak eta ekimenak biltzen dituzte. Kontzeptuaren ikuspegi hala zeharkako nola zabal horretan oinarrituz, pentsatuz herritartasunaren beste eskubide bat dela, hainbat gairi heltzen zaie, adibidez, nola bermatu udal irisgarritasun-planak berritu eta irautea; administrazio-kontratuetako baldintza-pleguak irisgarritasunerako egokitzea; epaitegiak irisgarritasun- eta desgaitasuna duten pertsonen eskubide-arloetan espezializatzea; etxebizitzetan irisgarritasun-kontzeptu berri bat bultzatzea; lehen- zein bigarren-hezkuntzan eta unibertsitatean, irisgarritasun eta diseinu unibertsalei buruzko heziketa sartzea; ingurune, produktu eta zerbitzuetan, eta administrazio elektronikoan, irisgarritasun unibertsala ezartzea sustatzeko kalitate-ikurrak sortzea.

 

Etxebizitzen % 57 ez dira irisgarriak

Euskadin, 169.400 pertsonak dute desgaitasunen bat (mila biztanleko 99k), eta horietatik % 59,7 emakumeak dira. Aldi berean, pertsona horien % 60k 65 urte edo gehiago dituzte. Hala ere, kontuan izan behar da biztanleriaren % 22 dagoeneko adin horretatik gora kokatzen dela eta, beraz, biztanleria horren zati batek beharrizanak izango ditu gai horretan epe labur eta erdira.

Estrategiak bildu duen diagnostikoak ondorioztatu du desgaitasuna duten pertsonen % 37,4k zailtasunen bat aurkitzen duela garraio publikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetako % 57 ez direla irisgarriak, eta etxebizitza horien eraikinen % 30ek ez duela igogailurik, eta kontsultatutako udalen % 30ek bakarrik neurtu duela bere webguneen irisgarritasuna.  Errealitate horren diagnostiko zorrotz eta eguneratu bat egiteko zailtasunak ikusita, Estrategian proposatutako neurrietako bat da Euskal Autonomia Erkidegoan irisgarritasunaren behatoki bat sortzea, gaia zertan den eta estrategiaren beraren aurrerapausoak eta exekuzioa uneoro ebaluatzeko.

Aurreikusitako jardunak lau urteko Ekintza Planetan zehaztuko dira eta, horiek amaitutakoan, zenbateraino bete diren ebaluatuko da, eta Estrategia hurrengo aldirako doituko da. Lehendabiziko plana Irisgarritasuna Sustatzeko Euskal Kontseilua-ISEKek prestatu eta onartuko du 2020an.