Iñigo Urkullu Lehendakariaren Urte Amaierako mezua

2019.eko abenduak 31

2019 Urte Amaierako mezua - Iñigo Urkullu Lehendakaria:

Agur t'erdi eta eskerrik asko urte zaharraren amaieran, eta berriaren hasieran, une berezi hau partekatzeko aukera emateagatik.

Agur berezi bat, Gernikako zuhaizpetik, munduko herrialde guztietako euskal komunitateari. Komunitate horrek aukera berriak bilatzen ditu, euskal nortasuna eta Euskadirekiko lotura mantenduz.

Familiarekin eta lagunekin elkartu eta anaitasunerako aukera eskaintzen digute egun hauek. Baita balantzea egiteko eta proiektu berriak bideratzeko aukera ere.

Aurten, 80 urte bete dira Gerra Zibila amaitu zenetik. Gogora ekarri dugu Jose Antonio Agirre Lehendakaria eta Jaurlaritza osoa erbestera joan behar izan zirela; eta Jesus Maria Leizaola Lehendakaria, duela 40 urte, erbestetik itzuli zela gogoratu dugu baita ere.

Atzera begiratzeak, jasandako sufrimenduez eta gainditutako oztopoez kontzientzia hartzen laguntzen digu. Gernikako arbolak gure asmo eta nahiak, gure Eskubide Historikoak gogorarazten dizkigu. Baita bizitako bidegabekeriak ere; eta, batez ere, aurrera jarraitzeko dugun adorea eta gaitasuna.

Xede horiekin, urte berrirako, gure asmoak “BATERATU” hitzaren inguruan laburbiltzea proposatzen dut.

Agirre eta Leizaola lehendakarien ezaugarria izan zen desberdintasunen gainetik bateratzeko gaitasuna. Ezbehar eta zailtasun handiz betetako aldian, euskal gizartea zerk bateratzen zuen bilatzen ahalegindu ziren. Gure nortasuna, kultura eta euskara mantentzeko eta garatzeko ahalegin bizia egin zuten garai zailenetan. Eredu bat dira guretzako.

 

Orain, aldi berri bat bizi dugu. Garai hau ere ziurgabetasunez beteta dago. Erronka izugarriak ditugu; belaunaldi baten ikuspegia gainditzen duten erronkak dira. Horiei aurre egiteko baldintza egokiak finkatu behar ditugu. Gure indarrak eta borondateak bateratu behar ditugu. Hori da urte berrirako nire deialdia eta proposamena.

-Enpleguaren erronka daukagu.

Kalitatezko enplegua, bereziki gazteentzat. Helburu nagusia da hori. Ondo dakigu egoera ekonomikoa ez dela berriz izango 2008-ko krisialdiaren aurretik genuena bezalakoa. Enpresa eredu berri bat bultzatu behar dugu, denon parte hartzea bideratuko duena. Enpresa eredu ete enplegu berriak sustatu behar ditugu; ahaleginak bateratu enplegu gehiago eta hobea lortzeko.

-Erronka ekologikoa daukagu.

Martxan gaude. Larrialdi klimatikoa, trantsizio energetikoa edo mugikortasun iraunkorra gure lehentasunenak dira. Euskal erakundeen eta gizartearen agendaren parte dira. Gaitasunak bateratu behar ditugu erantzun berriak eskaintzeko eta aukerak baliatzeko.

-Erronka demografikoa daukagu.

Ez dago formula magikorik. Aldaketa kulturala ezinbestekoa da. Neurriak eta baliabideak behar ditugu, familiei laguntzeko eta kontziliazioa errazteko. Aukera berdintasuna bermatu behar dugu.

-Integrazioaren eta elkartasunaren erronka daukagu.

Migrazioa gure herriaren erronka bat da. Migraziorako Ituna adostu dugu, erakunde eta entitate sozialen arteko akordio bat, harrerari eta integrazioari erantzun positibo bat eskaintzeko. Gure Herriari harrera eskaini zaio beti erbestean, orain harrera eskaintzea dagokigu.

Berdintasuna eta elkartasuna gure nortasunaren parte dira. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko politika publikoak indartzeko konpromisoa dugu. Oreka eta justizia soziala bermatuko dituzten gizarte-politikak indartzen jarraitu behar dugu.

Autogobernuaren etorkizunari buruzko eztabaida betean gaude. Errazena da berdin pentsatzen dutenen artean etorkizun horrek nolakoa izan behar duen adostea. Zailagoa da, ordea, ezberdinen arteko akordioak sustraitzea eta zabaltzea.

Gai honetan ere jarrera ezberdinak bateratzeko ahalegina egin behar dugu. Jarrera aldaketa bat eskatzen du, “gu nor garen eta zer garen” modu irekiago eta bateratzailean ulertzea. Gure jarrerak eta erabakiak nolakoak diren, horrelakoa izango da gure etorkizuna. Elkargunea zabaltzeko bidea errespetu-begirunea da.

 

Etorkizunaren erronkei aurre egin behar diegu.

Etengabeko berrikuntza eta hobekuntza da bidea. Guztion ongizatea bilatzen duen eta zentzu etikoa duen berrikuntza. Etengabeko hobekuntzaren kultura indartu behar dugu.

Urte hau amaitzen da. Denon ahaleginari eta lanari esker, Euskadik aurrera egin du. Zailtasunak izan ditugu, baina urte positiboa izan da.

Hastear dagoen urte berria ere, ez da erraza izango; baina, ziur naiz: Euskadik aurrera egiten jarraituko du. Auzolanari esker, denontzako urte oparoa izatea lortuko dugu.

Gernikako zuhaizpean garrantzitsua da gure asmoak eta gogoak bateratzea etorkizuna sustraitzeko; aurrean ditugun erronka eta zailtasun guztiei aurre egiteko; ditugun aukerak probetxuz erabiltzeko.

Etorkizuna erabakitzeko eta bideratzeko aukera daukagu. Erabaki dezakegu zatitzen gaituena atzean utzi eta batzen gaituenari bultzada ematea.

 

Agirrek eta Leizaolak, eguneroko konpromisoarekin, bideak bateratzen erakutsi ziguten.

Etorkizun hobeago bat eraikitzeko itxaropena eta ilusioa zer diren erakutsi ziguten.

Urte berriaren atarian, eredu hori jarraitzeko proposamena egiten dizuet.

Eskerrik asko, zorionak eta urte berri on!