Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadi Literatura Sariak banatu ditu gaur Tabakaleran, eta literaturaren zein irakurketaren garrantzia aldarrikatu du

2019.eko azaroak 18

  • Irati Elorrieta, Ramón Eder, Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’, Daniel Innerarity, Patxi Zubizarreta, Asisko Urmeneta eta Isabel Etxeberria dira aurtengo irabazleak

Iñigo Urkullu Lehendakariak Euskadi Literatura Sariak banatu ditu gaur, euskal letrek urtean zehar eman dituzten lanik onenak omentzeko asmoz. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin eta erakundeetako zein kulturaren munduko beste ordezkari batzuekin batera, Lehendakariak kulturaren, literaturaren eta irakurketaren garrantzia aldarrikatu du Tabakaleran egin den ekitaldian, garrantzi handikoak baitira "gizarte sortzaileagoa, jantziagoa eta libreagoa eraikitzen jarraitzeko".

Gaurko ekitaldian aurtengo irabazleak omentzeko aukera izan dute, eta beren zazpi lanen pasarteak irakurri dituzte. Honako hauek dira aurtengo irabazleak:

  • Literatura Euskaraz: Irati Elorrieta, Neguko argiak.
  • Literatura Gaztelaniaz: Ramón Eder, Palmeras Solitarias.
  • Saiakera Euskaraz: Juan Carlos Etxegoien ‘Xamar’, por Etxera bidean.
  • Saiakera Gaztelaniaz: Daniel Innerarity, Política para perplejos.
  • Haur eta Gazte Literatura Euskaraz: Patxi Zubizarreta, Korri, Kuru, korri!.
  • Lan Literarioaren Ilustrazioa: Asisko Urmeneta, AztiHitza: Xahoren Biografiaren.
  • Euskarazko Itzulpen Literarioa: Isabel Etxeberria, Etsaiak, lagunak, ezkongaiak, maitaleak, senar-emazteak (de Alice Munro).

Lehendakariak sari hauen garrantzia azpimarratuz hasi du bere hitzaldia: "Euskadi Literatura Sariek aukera ematen digute irabazleak aitortzeko eta urteko literatura-lan garrantzitsuenak ezagutarazteko. Euskal sortzaileen lana ikusgarriagoa egiteko aukera ematen digute. Era berean, sari hauek irakurtzeko gonbite bat ere badira. Literatura eta irakurketa erdigunean jarri nahi ditugu, garrantzi handikoak baitira Euskadirentzat. Gizarte sortzaileagoa, jantziagoa eta, era berean, askeagoa eraikitzen jarraitzeko".

Horrela, Lehendakariak irakurleengan jarri nahi izan du arreta: "Gaur banatu ditugu Euskadi Literatura Sariak, eta, orain, irakurleen txanda da. Euskadi Literatura Sarien leloak dioen bezala: 'Irakurtzea da saria'. Saria lan horiek irakurtzea eta gozatzea da. Beren orrialdetan murgiltzea. Beste bizitza batzuk bizitzea. Gure idazleen sormen ahalmenaz gozatu, eta, batez ere, emakume eta gizon libreagoak izan".

Azkenik, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak euskal kulturak bizi duen momentua nabarmendu du, eta azpimarratu du publikoarengana heltzeak duen garrantzia: “Azkenaldi honetan euskal sorkuntzak urrezko aldi bat bizi duela entzun dut han eta hemen. Ez dut nik esan. Kultur sorkuntzaren mundua eta jarduna gertutik jarraitu eta ezagutzen dutenek diote. Bat nator iritzi horrekin. Neuk ere uste dut euskal kulturaren Pizkunde berri baten aurrean gaudela, bereziki euskaraz sortzen den kultura produktuen loraldi batean. Loraldi honek, iraunkorra izango bada, bi eragile eta protagonista behar ditu: sortzaileak eta publikoa”.

Aurtengo irabazleei buruzko informazio gehiago, esteka hauetan:

https://bideoak2.euskadi.eus/2019/10/18/news_57538/LiteraturaSariak_2_2019_PO_ona.pdf

https://bideoak2.euskadi.eus/2019/10/02/news_57056/LiteraturaSariak2019_PO.pdf