Ingurumen Sailaren app berri batek airearen kalitateari buruzko informazioa eskainiko du denbora errealean

Argitalpen-data: 

  • “Airea-Euskadiko Airearen Kalitatea" du izena eta airearen kalitatearen indizea, kutsagarrien kontzentrazioak eta bilakaera-indizeak erakusten ditu Airearen Kalitatearen Kontrol Sarea osatzen duten 53 estazioetan
  • Halaber, Sarea modernizatuko da azken belaunaldiko teknologiaz hornitutako laborategi mugikor berri batekin; Estatu Batuak eta Txina dira horrelako laborategi mugikorrak dituzten bakarrak
  • Airearen kalitatearen 2018ko txostenak bilakaera positiboa erakusten du azken urtean

Airearen kalitatearen 2018ko txostenaren emaitzen aurkezpenarekin batera, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak ezagutzera eman ditu, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitatearen Kontrol Sarea hobetuko duten bi tresna berri: informazio eguneratua duen aplikazio mugikor berri bat eta konposatu lurrunkorrak aztertzeko laborategi bat, azken belaunaldiko teknologia duena.

App berriak “Airea-Euskadiko Airearen Kalitatea” du izena eta badago eskuragarri IOS eta Android gailuetan deskargatzeko. Airearen Kalitatearen Kontrol Sarea osatzen duten 53 estazioen kokapena duen mapa bat dauka, eta ahalbidetzen du estazio bakoitzean erregistratutako airearen kalitatearen indizea bistaratzea, baita kutsagarri bakoitzaren kontzentrazioei buruzko informazioa eskuratzea ere. Gainera, tresnak haien bilakaeraren grafiko bat eskaintzen du, azken 48 orduetako eta azken asteko datuekin.

Era horretan, aplikazio mugikorrak indartu egiten du Ingurumen Sailaren webgunetik (www.ingurumena.eus) jadanik eskaintzen ari den informazioa. Gainera, iragan apirilaz geroztik, Euskadiko Airearen Kalitatearen Kontrol Sareak egunero erregistratzen dituen kutsadura-indizeak Europako Ingurumen Agentziak definitzen dituen parametroetara daude egokituta. Euskadik epe aurretik ezarri zituen airearen kalitatea neurtzeko sistemak eta herritarrei eskainitako informazioa bateratzeko xedez Europar Batasunaren lurralde osoan epe ertainera ezarriko diren irizpideak.

Laborategi mugikor modernoa

App horrekin batera, Arriola sailburuak azken belaunaldiko teknologiaz hornitutako unitate mugikor berri bat ere aurkeztu du; doitasun handikoa da eta beraren nobedade nagusia da laginak birprozesatzea ahalbidetuko duela, kontrol-metodo estandarrean detektatzen ez diren konposatuak detektatzeko. Halaber, ahalbidetuko du metodo konbentzionalarekin orain arte segurtasunez ezin bereizi zitezkeen konposatuak bereiztea.

Hala, ekipamendu berri honekin kutsagarri berrien laginak hartu eta azterketak egin ahal izango dira, bi helbururekin: alde batetik, usaina sortzen duten konposatu organiko lurrunkorren iturriak identifikatzea; eta, bestetik, Euskadiko ingurune jakin batzuk karakterizatzea eta -horren bidez- ezagutzea zer-nolako esposizioa duten herritarrek orain arte neurtu ez diren kutsagarri batzuen aurrean. Gaur egun, Estatu Batuek eta Txinak soilik dituzte horrelako laborategi mugikorrak.

Laborategi berri horren osagaiak honako hauek dira: estazio meteorologiko bat; partikula esekiak automatikoki neurtzeko sistema bat; esekitako partikulen kaptadore bat, haien metal- eta hidrokarburo-edukia determinatzen duena; eta konposatu organiko lurrunkorrak monitorizatzeko unitatea. Konfigurazio horrek ahalbidetzen du arriskua eta haren balizko jatorria identifikatzea eta kontrol-parametro bat ezartzea.

Halaber, hezetasuna ezabatzeko sistema bat du, eta baita gasen kromatografo bat ere, hegaldi-masen detektagailu bati akoplatuta. Masen detektagailu berritzaile honek ahalbidetzen du kutsagarrien identifikazioa zorroztea, beraren aparteko sentikortasunari eta erregistroen kalitateari esker. Hori guztia azterketen maiztasunean eta interferentzien murrizketan islatzen da, eta horrek errazten du ezkutuko konposatuen lokalizazioa. Gainera, datuen prozesaketa berehalakoa da, eta horrek denbora errealean ematen du informazioa eta erantzun azkarra eskaintzen du premiazko laginetarako.

Erosketa honekin, Eusko Jaurlaritzak bukatzen du Airearen Kalitatearen Kontrol Sarerako inbertsioen programa, konposatu organiko lurrunkorren online monitorizazioari dagokionez.

2018ko txostena

Laborategi berriaren eta aplikazio mugikorraren aurkezpena gaur egin da, airearen kalitatearen 2018ko txostenaren argitalpenarekin batera, gaur jarri baita jendaurrean. Azterlanak erakusten du lurraldeak bilakaera positiboa izan duela azken urtean. Airearen kalitatea neurtzeko kontuan hartzen diren kutsagarrien balio guztiak –sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), nitrogeno dioxidoa (NO2), ozonoa (O3), bentzenoa, metalak eta bentzo(a)pirenoa, baita PM10 eta PM2,5 partikula esekiak ere- araudiak ezarritako mugen azpitik egon dira.

Txostenetik ondorioztatzen da Euskadin arnasten den airearen kalitatea ona dela eta azken urteotan izandako eboluzio ona mantentzen dela. Aurreko urteetan inoiz balioren bat gainditu duten puntuak ere –hala nola Bilboko Maria Diaz Harokoaren trafiko estazioan- mugaren azpitik egon direla, ezarritako neurri zuzentzaileei esker.