Iñaki Arriola: "Euskadi Hego Europako erreferente bat da ekonomia zirkularraren ikuspegia industriaren alorrean aplikatzeari dagokionez"

Argitalpen-data: 

Iñaki Arriola sailburua, ISWA 2019 nazioarteko kongresuaren irekieran
  • Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak ISWA 2109 -hondakinei eta ekonomia zirkularrari buruzko nazioarteko konferentzia- irekitzeko ekitaldian parte hartu du gaur goizean 
  • Euskadin, ekonomia zirkularra BPGaren % 1,12 da. Urtean 764 milioi euroko sarrerak sortzen ditu, eta 18.000 lanpostu baino gehiago 
  • Euskadiko Ekonomia Zirkularraren etorkizuneko estrategiak aurreikusten du produktibitatea eta material zirkularren erabilera % 30 areagotzea 
  • Eusko Jaurlaritza ISWA 2019rekin kolaboratzen duten erakunde nagusietako bat da; ekitaldian Ingurumeneko sailburuorde Elena Moreno ere izango da, bihar, Euskadiko hondakinak kudeatzeko sistemei buruzko mahai bat moderatuz

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak azpimarratu du “Euskadi Europako Hegoaldeko erreferente bat dela, gaur egun, ekonomiaren ikuspegi zirkularraren garapenari dagokionez, batez ere industriaren alorrean; lidergo hori prozesu industrialen efizientziaren hobekuntzan eta ekoidiseinuan egindako ibilbide luzeari esker lortu du, betiere lankidetza publiko-pribatuaren eskutik”. Arriola sailburuak ISWA 2019 nazioarteko konferentzia irekitzeko hitzaldian egin ditu adierazpen horiek. Hondakinen kudeaketari eta ekonomia zirkularrari buruzko topaketa horrek sektoreko 1.200 aditu bilduko ditu Bilbon hiru egunetan.

Arriolak esan duenez, “Euskadiko ekonomia zirkularra Barne Produktu Gordinaren % 1,12 da gaur egun, urtean 764 milioi euroko sarrerak sortuz. 18.000 lanpostu baino gehiago ekonomia zirkularrarekin daude lotuta; hau da, Euskadiko enplegu osoaren % 2,08”.

Guztira 239 enpresa industrial –horietako 177 ETEak dira- jadanik aplikatzen ari dira praktika edo eredu zirkularrak, batez ere sektore hauetan: automobilgintza, garraio-ekipoak, ekipo elektriko eta elektronikoak, makina-erreminta, metala, kimikoa, altzariak eta eraikuntza. Gainera, 68 euskal enpresak ekodiseinuko ziurtagiria dute, hau da, Espainian alor horretan ziurtatuta dauden enpresa guztien % 54k.

“Bere ekonomia zirkularreko politikei esker, Euskadik frogatu du posible dela hazkunde ekonomikoa materialen kontsumotik desakoplatzea; hori funtsezkoa da hazkundea jasangarria izan dadin”, adierazi du sailburuak. “2000 eta 2016 bitartean, euskal ekonomia % 26 hazi zen; garai berean, materialen kontsumoa % 25 gutxitu zen eta zabortegira eramaten diren hiri-hondakinen bolumena % 56 jaitsi zen.

Arriolak, gainera, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren etorkizuneko Estrategia ere nabarmendu du, laster plazaratuko baita. “Estrategiak garbi adieraziko du zein diren hemendik 2030era Euskadin lortu behar ditugun helburuak: produktibitate materiala % 30 handitzea; material zirkularraren erabileraren tasa % 30 igotzea; eta % 30 murriztea BPGaren unitate bakoitzeko sortzen diren hondakinen tasa”, azpimarratu du sailburuak.

Eusko Jaurlaritza ISWA 2019ren erakunde kolaboratzaile nagusietako bat da. Izen bereko erakundeak (International Solid Waste Association, ingelesezko siglengatik) antolatzen duen mundu-batzar honek bere hogeita bederatzigarren edizioa egiten du aurten, Bilbon. Foro horretan, lider politikoek, zientzialariek eta sektoreko profesionalek jardunbide egokiak eta irtenbideak trukatzen dituzte. Ildo horretatik, hain zuzen ere, Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok Euskadiko hondakinak kudeatzeko sistemei buruzko mahai bat moderatuko du bihar. Bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Gasteizko Udaleko eta Garbiker, Ferrovial eta Idom enpresetako ordezkariek parte hartuko dute.