Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 28 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu zuten 2018an

2019.eko otsailak 25

  • Ikerbasquek 239 ikertzaile zituen 2018aren amaieran, hiru kategoriatan banatuta: 153 ikertzaile kontsolidatu, 68 ikertzaile gazte eta 18 Research Associate.

  • Ikerbasque bultzatzeko egiten den esfortzu ekonomikoa eta ikertzaileek batu zuten diruari esker, zientziari lotuta dauden 1.116 profesionalen kontratazioa ahalbideratu zen.

  • Ikerbasqueko ikertzaileek 589 proiektu garatu dituzte kanpoko finantzaketaz, eta iazko urtearen amaieran, 877 pertsonak lan egiten zuten ikertzaile hauek zuzendutako taldeetan.

  • 2018an lortutako emaitzak aurreko urtekoak baino hobeak izan dira, bai publikazioen kopuru aldetik bai proiektuen lidergoa edota funtsen erakarpenari dagokionez. Hau guztia dela eta, esan daiteke IKERBASQUE mundu osoko ikertzaileak erakartzeko polotzat indartu dela eta ikerketa zientifikoaren aldeko apustua errentagarria dela.

2018aren amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 153 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 68 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 18 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.160 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, hau da, nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.

IKERBASQUEko ikertzaileek 2018an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 28.366.352 eurokoa izan zen (2017an baino 2 miloi euro baino gehiago). 2007az geroztik Euskadira 175 milioi euro erakatzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 589 proiektutatik (aurreko urtean baino 160 proiektu gehiago) hamabik ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa izan zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 877 pertsonak lan egiten zuten IKERBASQUEko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

IKERBASQUEk Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikerzaileak 36 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (138), italiarrak (22), alemaniarrak (11), errusiarrak (7), britainiarrak (7), kanadarrak (6) eta estatubatuarrak (5), baina badira Europa, Amerika eta Asiako beste 29 nazionalitatetako pertsonak ere. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 79, emakumezkoen % 21aren aldean.

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, gehienak fisika zientzietakoak dira(% 30), % 22 medikuntza-zientzietakoak eta %14 kimika-zientzietakoak. %12 giza eta gizarte zientzietako adituak dira, baita ingenieritzakoak ehuneko berdina daukate, eta gainerako % 10 biologiakoak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2018an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

IKERBASQUEko ikertzaileek egindako lanen artean eta azken urteko argitalpenik nabarmenen artean, honako hauek azpimarra daitezke:

  • Luis Liz Marzan Ikerbasqueko ikertzaile eta CICbiomaGUNEko zuzendari zientifikoak gaixotasun neurodegeneratiboei lotu ohi zaizkion zuntz amiloideak detektatzeko metodologia berritzaile baten aurkikuntzan parte hartu zuen. Proceedings of the National Academy of Sciences of the USA aldizkarian argitaratutako azterlanak atea ireki die Alzheimer eta Parkinsonen gaixotasunak eta gaixotasun prionikoak diagnostikatzeko metodo berriei.
  • Tom Broadhurst Ikerbasqueko ikertzaileak eta UPV/EHUn harekin batera lanean diharduten nazioarteko ikertzaileek inoiz ikusi den banakako izarrik urrunena identifikatu zuten, Icaro izenaz bataiatutako izar urdin erraldoia. Lana Nature Astronomy aldizkari ospetsuan argitaratu zen.
  • Maia Garcia Vergniory Ikerbasqueko ikertzaileak eta DIPCen harekin batera lanean diharduen nazioarteko ikertzaile-taldeak frogatuta utzi zuten, topologikoki garrantzirik gabekotzat jotzen den bismutoaren egitura elektronikoa berez topologikoa dela. Nature Physics aldizkariak azala eskaini zion ikerlanari.
  • Mª José Sanz Ikerbasqueko ikertzaile eta BC3ko zuzendari zientifikoak, Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako berotegi efektuko gas isuriei buruzko artikulu batean, herrialdeek emandako datu ofizialen eta ereduen komunitate globalak kalkulatutako datuen arteko aldeak kuantifikatu zituen.

Helburuko zentroa

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 106 ikertzaile EHU/UPV-n lan egiten dabiltza. Gainerako 133k Deustuko eta Mondragoiko unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.

Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:

  • Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
  • Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
  • Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
  • DIPC - Donostia International Physics Center (Donostia)
  • Materials Physics Center (Donostia)
  • Bizkaiko Biofisika Fundazioa (Leioa)
  • BC3 - Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
  • BCAM - Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
  • BCBL - Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)

IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak, CEIT-IK4 ikerketa teknikoetarako zentroa, Tecnalia barne dauden ikerketa-zentroak eta Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa). Guztira, Euskadiko 23 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.

Emakume ikertzaileen aitorpena

2018an, IKERBASQUEk gizonen eta emakumeen aldeko berdintasunerako plana garatu zuen Emakundek proposatutako metodologiaren arabera, eta prozesu horren ondorioz, berdintasunerako bidean aurrera egiteko asmoz, Ikerbasquek epe laburrean garatu beharreko 7 ekintza proposatu ditu; horien artean, emakume ikertzaileen aitorpena. Horren kariaz, 2019an, ikerketa karrera Euskadin garatzen ari diren hiru emakume aitortu nahi ditugu. Ekintza honen bitartez, emakume ikertzaile bikainen karrerak bistaratu nahi ditugu, geroko belaunaldientzako eredu bihur daitezen. Hiru aitorpen egingo dira: ikerketa karrera osoaren aitorpena, dagokion ikerketa esparruan lider bilakatu den emakume ikertzailearen aitorpena eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmenaren aitorpena. Azken aukeraketa egiteaz arduratuko da Ikerbasqueko Patronatuaren Ordezko Batzorde bat, Ikerbasqueko Patronatuko emakume ikertzaileek eta Zuzendari Zientifikoak osatutakoa, eta Ikerbasqueko Batzorde Zientifikoak baliozkotuko du. Aitorpenak maiatzean edo ekainean antolatuko den jendaurreko ekitaldi batean banatuko dira.

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia-ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan. Euskadi I+G+b alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea da Ikerbasqueren jardunaren oinarrizko ardatza.