Ikerbasque fundazioari 1.6 miloi euro, bikaintasuneko ikerketari laguntza emateko (Gobernu Bilera 2019-09-17)

fotoconsejo.jpg

2019.eko irailak 17

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Ikerbasque Fundazioari 1.619.714 euroko dirulaguntza zuzena ematea, bikaintasuneko ikerketa bultzatzen jarrai dezan.

Zehazki, dirulaguntza honen bidez 2019an ikerketaren alorrari lagunduko zaio eta 2018an eta 2019an Ikerbasquek Euskadira Research Professor eta Research Associate programen bidez erakarri dituen 40 ikertzaile ingururen kontratazio kostuak finantzatuko dira. Halaber, dirulaguntza honek barne hartzen ditu neutronika deialdiaren bitartez hartutako ikertzaileak.

Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioak dituen helburuen artean daude Zientziaren Euskal Sistema indartzea, eta Euskadiko zientzia-ikerketaren garapenenean laguntzea, ikerketarako talentua erakarriz eta bertan atxikiz. Era honetan, gainera, Ikerbasquek Euskadiren irudia sustatzen du nazioartean, ikerketako erreferente gisa.

Talentua erakarri eta bertan atxikitzea

Ikerketarako talentua Euskadira erakarri eta bertan atxikitzeko zereginean garrantzia handia dute Fundazioak urtero deitzen dituen hiru programek: Research Fellow, Research Associate, eta Research Professor programek. Deialdi hauetan, Ikerbasquek arreta handia jartzen dio ibilbide profesionaleko uneren batean Euskaditik kanpora joan ziren euskal ikertzaileak etxera itzultzeari ere.

Research Professor deialdia –dirulaguntza hauen bidez finantzatzen den programetako bat- nazioarteko esperientzia luzea eta lidergo-gaitasuna duten ikertzaile kontsolidatuei zuzentzen zaie. Horren erakusle da, ikertzaile etorri berrietako asko arduradun zientifiko gisa lan egiten hasten direla, edota ERC Grants deritzon ikerketa zientifikorako Europako laguntzak ere lortu ohi dituztela. Abian jarri zenetik gaurdaino, programa honek kontratu mugagabea duten 150 ikertzailetik gora erakarri ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarera.

Bestalde, Research Fellow programa, hainbat jakintza-arlotako 40 urtetik beherako adituak Euskadira ekarri eta bertan atxikitzeko eta zientzialari eta ikertzaileen harrobi bat sortzeko diseinatuta dagoen ekimena da.

Gorago aipaturiko bi deialdi horien osagarri, Research Associate programa dauka Ikerbasquek, hau ere gaur onartu den dirulaguntzaren helburu. Aurreko bi kategorien arteko zubi-lana egiten du, bi kategoria horien arteko kate-begia. Research Fellow ikertzaile gazteak sendotzea ahalbidetzen duen figura horren bitartez, euskal karrera zientifikoa osatu egiten da. 

Ikerbasquek aipaturiko programen bidez erakarritako ikertzaileek Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman txertatuta dihardute lanean. Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroak hainbat jakintza-arlotako adituen ekarpena baliatzen ari dira dagoeneko, zientzia esperimentaletatik giza-zientzietaraino, medikuntza, ingeniaritza eta ikaskuntza teknikoak edota gizarte-zientziak barne.