Ihobe, Ecoembes eta AECOCek gomendioak aurkeztu dituzte merkataritza elektronikoaren enbalajeen jasangarritasuna hobetzeko

Foto_Recomendaciones_Ihobe_Ecoembes_y_AECOC.jpg

2019.eko urriak 24

  • Online erosketak erosketa tradizionalak baino ingurumen-inpaktu handiagoa du, eta online erosketekin lotutako berotegi-efektuko emisioak bikoitzak izatera iritsi daitezke.
  •  Erosleen % 73k nahi du online eskarien enbalajeak ahalik eta gehien murriztu daitezen.
  •  10 kontsumitzailetatik 7 kezkatuta agertzen dira enbalaje erantsiek ingurumenean duten inpaktuagatik, eta % 43k dio prest dagoela gehiago ordaintzeko material jasangarriagoengatik.
  •  Ekodiseinuko neurriak aplikatuz gero, enpresek % 35 murriztu dezakete produktuen batez besteko emisioak; horrekin batera, bidalketaren kostu ekonomikoak % 50 baino gehiago murrizten dira.

Online merkataritzaren gorakadaren eta banaketa-kate efizienteagoa eta jasangarriagoa bultzatzeko beharraren eraginez, Ihobe – Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, AECOC – Kontsumo handiko Enpresa Fabrikatzaile eta Banatzaileen Elkarteak eta Ecoembesek gomendio multzo bat prestatu dute e-commerceren bilgarri eta enbalajeak optimizatzeko.   

Online erosketak erosketa tradizionalak baino ingurumen-inpaktu handiagoa du, eta berarekin lotutako berotegi-efektuko emisioak bikoitzak izatera iritsi daitezke. “Horren oinarrian badira arrazoi batzuk, hala nola merkataritza elektronikoak enbalaje erantsia behar izaten duela, produktuaren berezko enbalajeaz gain. Gainera, merkataritza elektronikoaren bezeroek produktu gutxiago erosten dituzte online egiten duten transakzio bakoitzeko, eta horrek areagotu egiten ditu garraio-beharrak, batez ere produktuaren azken milia deritzana. Gainera, artikulu batzuk eskatzen direnean, bidalketaren urgentziagatik eta biltegietan artikulu horiek ez egoteagatik, edo eskari berberari erantzuteko bidalketak biltegi batzuetatik egiten direlako, sarritan entrega ugari geratzen dira, enbalaje askorekin”, adierazi du Jesús Losada Ihobeko zuzendari nagusiak.

Arrazoi horregatik, gaur aurkeztutako gomendioen helburua da enbalaje egokiak diseinatu eta garatzeko laguntza eskaintzea online saltzeari ekiten dioten enpresei, edo euren merkataritza elektronikoko banaketa-sistema hobetu nahi duten enpresei, ahalik eta material kantitate txikienaz produktuaren babesa banaketa osoan bermatu dezaketen enbalajeak diseinatu eta garatzeko, horren bidez enbalajeari lotutako ingurumen- eta ekonomia-inpaktua murrizteko.   

Horri begira, hiru erakundeek hobekuntza-aukera multzo bat identifikatu dute oraingo enbalaje-sistemetan; euren ustez, funtsezkoa da sistema horiek funtzionaltasun hauek izatea: 

  • Babes maila handia (konpresioari, erorketari eta gisa berekoiei aurre egiteko ahalmena duena, produktuaren osotasuna zainduz).
  • Ingurumen-inpaktua murriztea (birziklatzeko erraztasuna).
  • Bortxaezintasuna (produktuaren manipulazioa edo lapurreta eragozteko).
  • Itzultzeko erraztasuna (ahalbidetzen du produktua modu errazean jartzea berriro jatorrizko enbalajean, itzulketa erraz eta segurua izan dadin).
  • Norberak muntatu ahal izatea (haren muntaketa geldotu dezakeen automatismorik behar ez izatea).
  • Dimentsioen aldakortasuna (ahalbidetzen du barneko espazioa optimizatzea, produktuaren dimentsioen arabera).
  • Bigarren erabilera (bestelako funtzio batez erabil daiteke, bidalketaren funtzioaz gain).
  • Manipulatzeko erraztasuna (haren erabilera edo garraioa errazten duten kontsiderazio ergonomikoak hartzen ditu kontuan)
  • Biltegiratzeko erraztasuna (erraz tolestu daiteke haren erabileraren aurretik eta horren ostean).

Ihobe, Ecoembes eta AECOCek garatutako lanak gomendio orokorren fitxa bat du, edozein sektore profesionalerako balio duena, eta aztertutako sektore profesional bakoitzaren behar espezifikoei egokitutako fitxa multzo bat: produktu anitzeko merkataritza-gune handiak, moda eta osagarrien sektorea, elektronika, etxea eta lorezaintza, lurrindegia eta mezularitza/paketegintza.

Merkataritza elektronikoko transakzio bakoitzeko erosten diren produktuen batez besteko kopurua bikoizten bada eta bidalketen zatiketa saihesten bada, enpresek % 35 murriztu ditzakete produktu bakoitzeko batez beste sortzen diren emisioak; horrekin batera, bidalketaren kostu ekonomikoak % 50 baino gehiago murrizten dira. “Hori diseinu optimizatu batez lortzen da, ekodiseinuaren tekniken bidez; alor horretan, Ihobe erreferentzia bat da, bai Estatuaren barnean eta bai hortik kanpo”, azpimarratu du Jesús Losadak.

Merkataritza elektronikoaren bilakaera

E-commercek bere fakturazioa hirukoiztu du azken hamarkadan, eta Espainia EBko laugarren herrialdea de online salmentei dagokienez. Bada, testuinguru horretan, kontsumitzaileek enbalaje funtzionalagoak eta jasangarriagoak eskatzen dituzte gero eta neurri handiagoan. Izatez, gomendioak lantzerakoan kontsumitzaileen pertzepzioaren inguruan egindako azterlanaren arabera, horien % 73k nahi du eskarien enbalajeak ahalik eta gehien murriztu daitezen, eta 10 kontsumitzailetatik 7 kezkatuta daude gehiegizko enbalajeak ingurumenean duen inpaktuagatik.

Azterlanak berresten du, halaber, online erosleen % 43 prest dagoela gehiago ordaintzeko ingurumena gehiago errespetatzen duten materialengatik, eta % 52ri gustatuko litzaiokeela jakitea zein den euren bidalketen karbono-aztarna (ingurumen-inpaktua).

Autonomia Erkidegoen arabera banakatutako daturik ez egon arren, joera berdintsua da guztietan, Euskadi barne sartuta.

Azterlanak jasotzen duen beste datu interesgarri bat da inkestatutako pertsonen % 16,8k pentsatzen duela euren online banaketan enbalajea gehiegizkoa dela sarritan, edo paketea handiegia dela barruan daukan produkturako.

Halaber, kontsumitzaileen % 80ri gustatuko litzaioke eskari bereko produktuak enbalaje berean heltzea, eta % 73k nahiago luke eskarien enbalajeak ahalik eta gehien murriztea.

Beste alde batetik, kontsumitzaileen % 57ek aukeratu nahi du zer-nolako enbalajerekin jasoko duen bere bidalketa. Alde horretatik, 4 kontsumitzailetatik ia 3k nahiago lukete kanpo-enbalajearen materiala kartoia izatea, eta gainerako %26k kontuan hartzen du zer-nolako enbalajea erabili den bidalketarako, Internetez erosteko erabakia hartzerakoan.

“Bilgarri baten ingurumen-inpaktuen % 80 haren diseinu-fasetik dator. Ekodiseinuak ahalbidetzen du ingurumen-inpaktu hori murriztea”, azpimarratu du Ihobeko zuzendari nagusiak.