Hezkuntza Sailburuordetza ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeekin elkartuko da

2019.eko urriak 24

Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariarekin eta Eugenio Jimenez Ikastetxeen eta Plangintzako zuzendariarekin batera, Euskadin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH zein Batxilergoa eskaintzen duten ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeekin elkartu da gaur goizez. Hezkuntza Sailak ikasturte hasiera guztietan antolatzen dituen lan saioak izan ohi dira hauek, Hezkuntza Sailburuordetza garatzen ari den lan-ildoak zuzendariei azaltzeko abagunea izateko asmoz. Aldi berean, ikuspuntu trukerako edo ikastetxeen ekarpenak jasotzeko topaleku aproposa ere izaten da. Gasteizko Jesus Guridi Musika Kontserbatorian burutu den bileran parte hartzaile izan dira, era berean, ISEI-IVEIko (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) zuzendari Xabier Aizpurua eta Hezkuntzako Ikuskari Nagusi Jose Angel Ayucar ere.

Kontserbatorioko ikasleek –piano eta ahots bikote batek- eskainiriko musika emanaldiarekin hasi den bileran, sailburuordeak eta bere lan taldeak ikasturte honetan garatzen ari diren zenbait berrikuntza azaldu dituzte, betiere  Hezkuntza Sailaren lehentasunekin loturik. Berritasunen artean, Saileko arduradunek Eusle ikasgelen esperientzia azaldu diete bertaratuei. 2019-2020 ikasturte honen hasierarekin bat, ikasle iritsi berrien kopuru handia duten lau ikastetxetan jarri da abian ekimena. Programa pilotu honen helburua da euskarazko komunikazioan lortu beharreko konpetentziaren garapena areagotzea, ikasle horiek hizkuntza honetan Hizkuntzen Europako Erreferentzia-esparruko A2 maila lor dezaten.

Ikasturte honetan zehar martxan jarritako beste ekintza bat, eta hau ere zuzendaritza taldeei azaldu zaiena, Magnet-Erakarri ekimena izan da. Gizarte-aniztasun handia duten ikastetxeei zuzendutako programa pilotu honen helburua da, ikastetxe horiek dinamizatzea, biziberritzea eta hauei prestigioa ematea, ospe handiko hainbat erakunderen eskutik. Eskolek eta erakundeek indarrak batu eta elkarrekin lan egiten dute, hezkuntza-programa erakargarriak garatuz, ikastetxe horiek beren ingurunerako erreferentzia bihur daitezen. Hezkuntza Saila jarraipen estua ari zaie egiten eta egingo die bi esperientzia pilotu horiei, etorkizunean beste ikastetxe batzuetan hedatu eta ezarri ahal izateko.

Bestalde, eskola-jazarpenari aurre egiteko Bizikasi ekimenak –duela bi ikasturte abian jarri zen ekimenak– ikasgeletan erabiltzeko material didaktiko berria izango du laster, tutoretza-saioetarako. Sailburuordeak bilkuran aurkeztu dituen gainerako berrikuntzen artean, nabarmentzekoa da Gaitasun Handiko Ikasleei Arreta Emateko Plana ere. Plan honen garapenaren barruan, eta bertan ezartzen diren jarraibideak aintzat hartuta, Sailak tresna propio bat diseinatzen dihardu, ikasle horiek hautemateko.

2019-2020 ikasturte honetan, gainera, Hezkuntza Saila aktiboki ari EiTB Maratoiarekin elkarlanean; hala, ikastetxe askok dihardute haur minbizia ezagutzeko, honen inguruan kontzientzia hartzeko eta elkartasuna erakusteko hainbat jardueratan parte hartzen. Gai honi dagokionez, Hezkuntza Sailaren baitako Ospitaleko eta Etxeko hezkuntza arretako arduradunek gaixotasun hori duten ikasleei ematen zaien hezkuntza-arreta azaldu dute.

Azkenik, osasunaren arlotik irten gabe eta jardunbide egokien azalpen gisa, Ana Bustinduy Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendariordeak, Osasuna-Eskola programa azaldu du. Gipuzkoako ikastetxeetan, Osakidetzarekin koordinatuta, eskola eremuan garatzen den oinarrizko osasun-prestakuntzaren esperientzia da hau. Irakasleentzako prestakuntza-saioak dira, eta ikasgelan sor daitezkeen larrialdiak jorratzen dituzte, hala nola, bihotz-biriketako errehabilitazioko maniobrak, besteak beste. Saio horiek oso balorazio ona jasotzen ari dira parte hartu duten irakasleen aldetik.