Hezkuntza Sailak Leioan institutu berria eraikitzeko proiektua onetsi du

2019.eko otsailak 26

Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendik bilera izan du gaur arratsaldez Leioako JM Barandiaran Institutuko Ordezkaritza Organo Goreneko kideekin (OOG), udalerri horretan institutu berria eraikitzeko dagoen proiektuaren berri emateko. Hezkuntza Sailaren 2019-2022 aldirako Azpiegitura Plan berrian jasoko den proiektua da hau.

Bileran, eraikuntza proiektuaren alderdirik esanguratsuenak azaldu dizkie Garamendik OOG-ko kideei. Hezkuntza Sailak, proiektu berriari kokalekua emateko dauden aukeren inguruko txosten teknikoak aztertu ondoren, etorkizuneko eraikina Sakonetan egitea aurreikusten du, Leioako Udalak horretarako orubearen lagapena egin ostean. Proiektuak DBH eta Batxilergoko etapak hartuko dituen eraikin berria aurreikusten du. Lanbide Heziketako zikloak egungo kokalekuan geldituko dira, Santsoenan. Proiektua idazteko lizitazioa aurtengo urtea amaitu baino lehen hastea aurreikusten da.

Hezkuntza Sailak proiektu hau definitzerakoan hezkuntza komunitate guztiarekin elkarrizketan jarraitzeko borondatea berresten du.