Hezkuntza Sailak 55 milioi euro bideratuko ditu unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beketarako (Gobernu Bilera 2019-09-24)

fotoconsejo.jpg

2019.eko irailak 24

  • Eskaerak aurkezteko epea, irailaren 30etik urriaren 29ra zabalik

  • Baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela bermatzen du Hezkuntza Sailak

  • Derrigorrezko hezkuntzan dauden ikasleei zuzenduriko beketan ez da aldaketarik izan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2019-2020 ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta dirulaguntzak deitzen dituen Agindua. Deialdiak 55 milioi euroko diru-kopurua du.

2019-2020 ikasturterako deialdi honek, honako ikasketa maila hauetarako beka eta dirulaguntzak hartzen ditu bere baitan:

-  Batetik, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak burutzen ari diren ikasleak eskolatzeko bekak eta laguntzak:. Beka hauek ez dute inolako aldaketarik aurreko ikasturteetako deialdiekiko.

Aipaturiko maila horietako ikasleei zuzenduriko bekek honako osagai hauetako bat edo zenbait har ditzakete beren baitan: kuota osagaia; irakaskuntzaren osagaia; joan-etorrietarako osagaia; ikasmaterialetarako osagaia; eta jantokiaren osagaia.

-  Bestetik, derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzatarako ere deitzen dira beka eta laguntzak. Hauen artean daude: Batxilergoa; Lanbide Heziketako zikloak; Arte plastikoak eta diseinua (Heziketa-zikloak); Musikako eta dantzako irakaskuntza profesionalak; Kirol-irakaskuntzak; Hezkuntza administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.

Hezkuntza Sailak aldaketak egin ditu ikaskuntza hauei dagozkien beketan, Auzitegi Gorenaren sententzia ezagutu ondoren, deialdiaren zein ikasle onuradunen segurtasun juridikoa bermatzea helburu.

Egin beharreko aldaketen ondoren, ikasketa maila hauetako ikasleek eskatu ahal izango dituzten bekek osagai hauek dituzte: Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Oinarrizko bekaren osagaia; Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia; eta Zenbateko aldakorreko osagaia. Osagai horietako bakoitzarentzako ezartzen diren errenta-mugak ere aldatu egin dira.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30etik urriaren 29ra arte egongo da irekia. Informazio guztia eskura izango da Hezkuntza Sailaren webgunean, Agindua EHAAn argitaratu ondoren.

Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituen familia orok jasoko duela laguntza ekonomikoa. Horretarako, deialdi honen diru-kopurua (55 milioi eurokoa) handitu egin daiteke, beharrezko gertatuko balitz. Era honetan, ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea ere bermatzen da honela.