Hezkuntza Saila, Unibertsitatea-Enpresa Foro Europarrean

2019.eko urriak 24

  • Europako Batzordeak gonbidatuta, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak Unibertsitate-Enpresa Foroan parte hartu du Bruselan
  • Adolfo Moraisek Unibertsitatea+Enpresa Euskal Estrategiaren gakoak azaldu ditu “Higher Education for Smart Specialisation” izenburupean egindako topaketa batean

Europako Batzordeak gonbidatuta, Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, Adolfo Moraisek, Unibertsitate-Enpresa Foro Europarrean antolatutako askotariko topaketetan parte hartu du gaur egun osoz. Topagune hori urtero egiten da Europako hainbat tokitan eta, bertan, unibertsitatearen eta enpresa-sareen arteko loturak sendotu eta definitzearen garrantzia aztertu eta eztabaidatzen da.

Bere hitzaldian, sailburuordeak nabarmendu du oparoa izan dela Euskadik azken bi urte eta erdian egindako bidea, inplikatutako alde guztiek koordinazio bat lortzeko agertutako gogoa, eta ikasleen onuran aurreratzeko modua emango duen konpromiso partekatua. “Euskadin Unibertsitatea+Enpresa Estrategia abian jartzea arrazoi bat gehiago da Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen arteko lankidetza eta haien eta enpresa-sarearen artekoa sendotzeko. Cluster 4Gune martxan jarri da, hauexek osatua: askotariko unibertsitateetako teknologia, ingeniaritza eta zientzia arloko fakultateak eta unibertsitate-eskolak, eta enpresa-munduko ordezkariak. Bada, mugarri bat ezarri dute aurrerabide koordinaturako. Eragile guztiak konturatu dira zeinek bere aldetik dituen interesez gain, batasuna eta koordinazioa beharrezkoak direla ikasleen prestakuntza hobea, enplegagarritasun handiagoa, eta gure enpresak lehiakorragoak izatea lortzeko”. Halaber, Morais pozik agertu da Europako erakundeekin lortutako koordinazioarekin; izan ere, hartara, bi erakundeek garatuko dituzten ekintzak sendoago lerrokatu dira noranzko berean: “Unibertsitateen eta enpresen arteko harremanen arloan Euskadin garatzen ari garen politikak ezin hobe lotzen zaizkio Europako Batzordeak zehaztutako helburu eta lehentasunei. Topagune honetan parte hartzera gonbidatuak izateak, hartzen ari garen urratsak hemen azaltzeko modua izateak, argi eta garbi uzten du Europar Batasuneko arduradunek konfiantza jarri dutela egiten dugun lanean, eta guk uneoro helarazten dizkiegu gure aurrerabideak”.    

Europar Batasuneko beste herrialdeetako adituekin mahai-inguru batean hitza hartu aurretik, Adolfo Moraisek lan-bazkari batean parte hartu du Themis Christophidou Europako Batzordeko Hezkuntza Zuzendari Nagusiarekin, goi-mailako hezkuntzako eta enpresa-arloko europar ordezkarien talde batekin batera.

Unibertsitate-Enpresa Foroaren garrantzia

2015 urteaz geroztik, Unibertsitatearen eta Enpresaren arteko Aliantza, RIS 3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren ildotik, Europar Batasuneko Euskadiren Ordezkaritzak lantzen duen lehentasunezko ildoetako bat da. Ordezkaritza honekin lankidetza estuan, Hezkuntza Sailak Finlandian 2015ean parte hartu zuen lehen aldiz topagunean. Topaketa horri esker, Eusko Jaurlaritza eta Europako unibertsitate-arduradunak lankidetza bat sustatzen hasi ziren, eta oso baliagarria izan zaie bi erakundeoi. Hain zuzen, Hezkuntza Sailak bere gain hartu zuen aipatutako topagune hori 2016an antolatzeko ardura. Topaketa hori Donostian egin zen, urrian, Miramar Jauregian. Foro horretan, eskualdeek protagonismo berezia izan zuten lehen aldiz, eta ikuspegi hori sendotu egin da gerora Unibertsitate-Enpresa Foroa egin den guztietan, gaur Bruselan egin den horretan, adibidez. Euskadin egindako Foroa mugarria izan zen Europako agendan, eta argi geratu da eragin nabarmena izan duela unibertsitate-enpresari lotuta eskualdeek eta euro-eskualdeek Europako agendan gero eta protagonismo handiagoa hartzeko orduan. Gainera, Europako Batzordeak bere egin du geroko bere ikuspegietan Eusko Jaurlaritzak proposatutako Espezializazio Adimentsuko Estrategiaren inguruko ikuspegia.

Foroa antolatu ondoren, 2017an, Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren Unibertsitatea+Enpresa Estrategia aurkeztu zuen Euskadiko Unibertsitate Kontseiluan, eta Adolfo Morais sailburuordeak gaur azaldu die estrategia hori Unibertsitate-Enpresa Foroko parte-hartzaileei.