Hasi dira Donostiako iparraldeko kai-muturra konpontzeko lanak (Gobernu Bilera 2019-11-26)

donosti_MAA4638.jpg

2019.eko azaroak 26

  • Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sustatzen ditu; obrak gauzatzeko epea sei hilekoa da
  • Egonkortasuna emango zaie Donostiako kaiko itsasartea eratzen duten egiturei
  • Datozen egunotan, Ipar eta Hegoaldeko moilak itxita egongo dira
  • Kaiko itsas-sarbidea zabalik egongo da obrak iraun bitartean, baina estugune balizatuarekin 

Asteon, Donostiako iparraldeko kai-muturra konpontzeko lanak hasiko dira; lan horiek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sustatzen ditu. Helburua da kaiko itsasartea eratzen duten egituren egonkortasun globala bermatzea. Hartutako irtenbidearen bidez, helburua da kai-muturretan eta itsasartean higadura-prozesua berriz ez gertatzea. Obra honako honetan datza: 38 pilote gauzatuko dira iparraldeko muturraren aurrean; haietarako trabaketa-habea egingo da, eta dragatzea eta, ondoren, ohea babesteko isurtzea egingo da itsasartean eta egituraren beraren oinetan. Konponketa-lan horiez gainera, dagoeneko hegoaldeko moilan urte-hasieran eginiko lanak ere hartu behar dira aintzat.

Obrak direla eta, Iparraldeko moilara ezingo da sartu Gurutze Gorriaren basetik –baina Kaia Arribako sotoak erabiltzen dituzten kirol-klubetako emakidadunak beren lokaletara sartu ahalko dira, makinak igarotzeko egiten diren mozketa zehatzetan izan ezik–, eta Hegoaldeko moila instalazio laguntzaileetarako gune gisa erabiliko da (eraikuntza-materialak, makinak, obra-txabolak…).  

Donostiako itsas-sarbideak estugunea izango du, baina zabalik egongo da lanak gauzatzeko epean; sei hilez, kalkulatzen da. Estugunea argizko buien bidez markatuko da (gauez), eta kaiko sarreran eta irteeran egiten diren maniobra guztietan errespetatu beharko da.

Proiektuak egituren egonkortasun globala bermatzen du

Iparraldeko kai-muturreko obra datozen egunotan hasiko da, eta kai-mutur horretan eta Hegoaldeko kai-muturrean zimenduak konpontzeko eta substratuaren higadura konpontzeko planteatu zen proiektuaren bigarren fasean sartzen da; haietan, arrail kezkagarria agertu zen, 2018aren hasieran, zoladuran eta muturraren gorputzean, eta agerian utzi zuen hark muturretik itsasarterako mugimendu horizontala gertatu zela.

Donostiako kaiko (iparraldeko eta hegoaldeko kai-muturrak) itsasarteko mutur bertikaletako narriadura hori olatuek eta korronteek eragin zuten; izan ere, haiek higadura eragin zuten zimenduan eta euskarri duten substratuan. Hura konpontzeko, baterako irtenbidea planteatu zen: 85 cm-ko diametroko hormigoi armatuzko 73 pilote egitea muturren aurrean, dragatzea eta, ondoren, hondar-ohea babesteko isurtzea egin ahal izateko itsasartean eta egituraren beraren oinetan, harri-lubetaren bidez, etorkizunean substratuaren higadurarik gerta ez dadin. Pilote horiek -16an hasi eta -4.50ean dute gailurra itsasartearen gunean, kaiko 0,00ri dagokionez; goiko habe armatu batez lotzen dira, zeina piloteetarako pasatzaileez konektatzen baita, eta, azkenik, egungo moilaren aurka hormigoituta daude eta hark oinarrian duen azpi-berritzearen aurka.

2018aren hasieran hegoaldeko moilan agertu zen arrailaren aurrerapenaren ondorioz, moila horretako zimendua konpontzeko eta sendotzeko obrak larrialdiko prozeduraren bidez kontratatu ziren, eta pasa den apirilaren 30ean amaitu ziren; hala, iparraldeko kai-muturreko obra prozedura arruntaren bidez kontratatzeko bigarren faserako utzi zen.

Bigarren fase hori gauzatuta, Donostiako kaiko itsasartea eratzen duten egituren egonkortasun globala bermatzen da; konponketarako hartutako irtenbidearen bidez, higadura-prozesua berriz ez gertatzea da helburua, ez kai-muturren oinean, ez itsasartean.  Bigarren fasea honako honetan datza: gainerako 38 piloteak gauzatuko dira iparraldeko muturraren aurrean; haietarako trabaketa-habea egingo da, eta, azkenik, dragatzea eta, ondoren, ohea babesteko isurtzea egingo da itsasartean eta egituraren beraren oinetan.

Asteon hasiko den obra 1.592.157, 71 euroan esleituko da (BEZa barne), eta Amenabar, SA- Abando Cimentaciones ABEEak egingo du.