Gobernuak ELKARREKIN-PODEMOSI gogorarazi dio jokoaren legearen edozein aldaketak azterlan zehatzak izan behar dituela oinarri eta juridikoki segurua izan behar duela (Gobernu Bilera 2019-11-26)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 26

  • Jokoaren Euskal Behatokia jokoaren erabilera desegokiarekin zerikusia duten arriskuak murriztu eta, batik bat, adingabeek eta pertsona ahulek jokorako sarbidea izan dezaten saihestu ahal izateko ekintza-plana prestatzeko txostenekin amaitzen ari da

Gobernu Kontseiluak gaur irizpena eman du Elkarrekin-Podemosek Euskal Autonomia Erkidegoan jokoa arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legea aldatzeko aurkeztu duen lege-proposamenaren inguruan. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Legebiltzarreko taldeek, ekimenaren inguruko jarrera hartzean, jakin behar dute lege-proposamenean aurreikusitako neurriak dagoeneko 2016an onetsitako Jokoaren Araubide Orokorrean eta hiru urterik behin Eusko Jaurlaritzak jardueraren mugak ezartzeko eguneratzen duen plangintzan jaso direla: gehienezko enpresa-kopurua, establezimenduak, makinak, kokapena, haien arteko distantzia, denbora aldetiko muga teknikoak eta sariak, publizitateko eta jokoa sustatzeko murrizketak, ordutegiak etab.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, bere plangintzaren emaitza eskaintzaren eta establezimendu-kopuruaren egonkortasuna izan da; beste gune batzuetan egoera oso bestelakoa izan da, mugarik gabeko politika liberalizatzaileak aukeratu baitituzte. Hori dela eta, horren plangintza zorrotza aldatzeko sektoreari eta pertsona ahulei buruzko azterlan tekniko zehatzak izan behar dira oinarri bere iritziz. Modu berean, aldaketek oinarri sendoa eta segurtasun juridikoa izan behar dute; izan ere, bestela, lehia askeari eta askatasun komunitarioei eginiko edozein murrizketari errekurtsoa aurkez dakioke.

JOKOAREN EUSKAL BEHATOKIA

Eusko Jaurlaritzak, gainera, Legebiltzarreko taldeei jakinarazten die Jokoaren Euskal Behatokia azterlanak amaitzen ari dela, jokoaren erabilera desegokiarekin zerikusia duten arriskuak murriztu ahal izateko ekintza-plana prestatzeko. Gobernuaren helburua da jokorako sarbidea saihestea, batik bat adingabeei eta pertsona ahulei. Azterlanak amaituta, Gobernuak datozen hiru urteotarako plangintza osoa berrikusiko du; beraz, bere ustez abantailatsuagoa da lan horren hurrengo amaierari itxarotea, lege-erreforma proposatu aurretik. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Elkarrekin-Podemosen proposamen asko datozen hiru urteotako plangintzaren berrikuspenean jaso daitezke, Euskadin jokoa arautzen duen egungo legea aldatzeko beharrik egon gabe.

ERREKARGUA JOKOAREN ZERGARI

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak ez du uste egokia denik Elkarrekin-Podemosek eginiko proposamena, jokoaren jardueren egungo zergari errekargu berria sortzekoa, jokorako adikzioa prebenitzeko eta tratatzeko funts berezia sortzeko xede zehatzera bideratzeko. Une hauetan badago % 12ko errekargua, Legebiltzarreko taldeak proposatutakoa baino handiagoa, baina, gainera, errekargu finalista bat sortzeak urratu egiten du kutxa bakarraren aurrekontu-printzipioa.