Gobernuak % 0,25 igo du euskal langile publikoen soldata (Gobernu Bilera 2019-09-10)

fotoconsejo.jpg

2019.eko irailak 10

  • Lansarien igoerak aurrekontuan 5,5 milioi euroko inpaktua izango du, eta aurtengo iraileko nominan izango du eragina; erabakiak atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, 2019ko uztailaren 1etik
  • Gainera, urtea amaitu aurretik, Gobernuak hileko soldataren % 1,5 igoko du Itzarri-BGAEren ekarpena 

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskal Autonomia Erkidegoko langile publikoen soldata % 0,25 igo ahal izateko akordioa onetsi du. Administrazio Orokorrean (Lakua), Segurtasunean, Hezkuntzan, Justizian eta Osakidetzan lan egiten duten 70.000 pertsona inguruk, aurtengo irailetik aurrera, % 0,25 gehiago kobratuko dute. Lansarien igoera horrek atzeraeraginezko ondorioak izango ditu, 2019ko uztailaren 1etik.

Soldata-igoera horrek aurrekontuan 5,5 milioi euroko eragina izango du. Otsailean, bestalde, % 2,25eko soldata-igoera onetsi zen (2/2019 LEGEA, otsailaren 14koa, lansarien arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzkoa), eta, azken igoera horren bidez, Eusko Jaurlaritzak oinarri juridiko sendoa eduki eta berehala soldata beste % 0,25 igotzeko hartutako konpromisoari erantzun nahi zaio.

ITZARRI-BGAEREN EKARPENA

Era berean, Eusko Jaurlaritzak Itzarri-BGAEren ekarpena hileko soldataren % 1,5ean igoko du, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten zentral sindikalekin 2019rako lansarien esparruaren negoziazioan konprometitu zen bezala. Neurri hori hurrengo Gobernu Kontseilu batean onetsiko da, urtea amaitu aurretik.

FUNTZIO PUBLIKOAREN MAHAI OROKORRA

Eusko Jaurlaritzak, aurtengo irailean, Funtzio Publikoko gehiengo zentral sindikalei dei egingo die, Mahai Orokorraren bilera bat egiteko, 2020ko Aurrekontuen Lege Proiektuan jaso beharreko lansarien esparrua negoziatzeko. Lege-proiektua Gobernua ari da prestatzen, eta datorren urrian onetsi eta bidaliko dio Eusko Legebiltzarrari.