Gluzemia denbora errealean neurtzeko gailu berria Euskadin diabetesa duten pazienteetara ere zabaldu da

2019.eko azaroak 13

Osakidetzak FLASH gailua urte-hasieran zabalduko du, 1. motako diabetesa duten 18 urtetik gorakoen artean. 1.700 paziente inguruk erabili ahalko dute ziztada-kopuru handia kentzeko aukera emango dien sistema berri hau.

Une hauetan, 2.400 pazientek erabiltzen dute, ume eta gazteek, haurdun dauden emakumeek eta medikuak aginduta behar duten helduek, eta emaitzak oso onak dira.

Euskadin, urtean, diabetesaren 6 kasu erregistratzen dira mila pertsonako, eta, Estatuan, 11,6 kasu

 

Osakidetzak Euskadin 1. motako diabetesa duten pazienteei gluzemia neurtzeko sistema berria eskainiko die; duela bi urte hasi zen erabiltzen 18 urtetik beherakoetan, eta, iaz, haurdun zeuden emakumeei eta medikuak aginduta behar zuten helduei ere zabaldu zitzaien (konturatu gabe gertatzen diren edo kontrolatzeko zailak diren hipogluzemiak dituzten pazienteak eta desgaitasunen bat duten pazienteak). Horrela, gaur egun, 2.400 paziente ari dira gailu hori frogatzen, eta emaitzak oso onak izaten ari dira. Haietatik, 400 inguru 18 urtetik beherakoak dira.

Orain, 1. motako diabetesa duten euskal heldu guztietara zabalduko da eta, datorren urtearen hasieran, Osakidetzak gailua ESIetako endokrinologiako kontsultetan banatuko du. Kalkulatzen da 1.700 paziente inguruk baliatu ahalko dutela metodo berri hori; horrek 1,7 milioi euro inguruko inbertsioa ekarriko du.

 

Sentsore-adabakiak odoleko glukosa-maila neurtzen du, eta telefono mugikor bateko edo kanpoko beste irakurgailu-mota bateko pantailan eroso ikusteko aukera ematen du; horrela, ez dira hainbetse ziztada kapilar eman behar izango. Gainera, abantaila ugari ditu sisteman sortzen dituen datuen kudeaketan.

Euskadi Estatuan gailu berri hori bere zerbitzu-zorroan sartu duen lehen autonomia-erkidegoetako bat izan da; hura Europako zenbait herrialdetan erabiltzen da. Horrek hobekuntza oso garrantzitsua dakar diabetesa duten pertsonen bizi-kalitatean; izan ere, beren egunerokotasuna hobetu eta egunean ziztada-kopurua handia ematea saihesten du. Hala nabarmendu du Nekane Murga Osasun sailburuak. Sailburuak bihar izango den Diabetesaren Mundu Eguna dela-eta nabarmendu du, aldi berean, bizi-ohitura osasungarriak hartzea erabakigarria dela diabetesa prebenitzeko. Hori dela eta, esan duen bezala, Eusko Jaurlaritza, Osasun Planaren esparruan, etengabe ari da lan handia egiten zenbait proiekturen bidez, besteak beste, Euskadin Elikadura Osasungarrirako Ekimenen bidez, SANO Euskadin Haur Obesitatea Prebenitzeko Estrategiaren bidez edo haurtzarotik zahartzarora arte jarduera fisikoa sustatzearen bidez, gaixotasun horren arrisku-faktoreak murrizteko asmotan, besteak beste, obesitatea eta sedentarismoa.

Laguntza-arreta dela eta, Osakidetzako profesionalek beren osasunaren zaintzan herritarrak ahalduntzeko Paziente Bizia programaren barruan gaixotasuna prebenitzeko eta kontrolatzeko egiten duten lan garrantzitsuaz gainera, diabetesarekin bizi diren pertsonen prestakuntza sustatzen da, “Nire diabetesa zaintzen” tailerren bidez; dagoeneko, tailer horietan, 3.300 pertsonak parte hartu dute.

Era berean, euskal osasun-sistemak, Biocruces Bizkaia, Biodonostia eta Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuen bidez, 38 proiektutan eta saiakuntza klinikotan parte hartzen du, 900.000€ inguruko finantzaketarekin. Nazio- eta nazioarte-mailako proiektu eta saiakuntza horiek diabetesaren garapenean inplikatutako mekanismo genetikoen ikerketarekin lotuta daude, bai eta gaixotasunaren prebentzioarekin eta estrategia terapeutiko berrien, farmako berrien eta gaixotasunaren kontrola hobetzen laguntzen duten teknologia berrien garapenarekin ere.

 

DIABETESA EUSKADIN

Gaixotasuna oro har Europa osoan areagotu bada ere, Euskadin duen eragina Estatuko batez bestekoaren azpitik dago. Osakidetzako profesionalek eta Biocruces Bizkaiko ikertzaileek eginiko eta Osasun Sailak finantzatutako azken azterlanaren arabera, urtero 6 kasu berri erregistratzen dira 1.000 pertsonako, eta, Estatuan, batez bestekoa 11,6 kasu berrikoa da mila pertsonako.

Diabetesaren nagusitasuna dela eta, gure erkidegoan 18 urteko edo gehiagoko biztanleen % 10,6rengan du eragina, eta antzeko azterlanek Estatuan % 13,8rengan duela diote.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 13a