Giza amorru kasu baten susmoa Bizkaian

2019.eko abenduak 06

Inportatutako kasu bat da, eta, nahiz eta oraindik ez den baieztatu, jarduera-protokoloa eta prebentzio-neurriak martxan jarri dira

Euskadiko etxeko animaliak amorrurik gabe daudela argitu du Osasun Publikoko Zuzendaritzak

 

Osasun Publikoko Zuzendaritzak jakin du gizon batek amorru kasu susmagarria duela Bizkaiko lurraldean. Inportatutako kasu bat izango litzateke, hau da, hozkada penintsulatik kanpoko animalia batek eman zuela. Hain zuzen ere, abuztuan katu batek besaurrean zauritutako pertsonari kosk egin zion, eta sintomen bilakaerak, aipatutako aurrekariarekin batera, gaixotasunaren susmoa piztu du. Momentu honetan Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dago.

Kasua baieztatuko den zain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak abian jarri du jarduteko protokoloa, eta dagoeneko hartu ditu ezarritako prebentzio-neurriak, bai eta ukitutako pertsonaren inguruneko kontaktuen azterketari ekitea ere. Gainera, susmo horren berri eman zaio Osasun Ministerioko Osasun Alerta eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroari.

Amorrua nerbio-sistema zentralari eragiten dion gaixotasun birikoa da, eta kutsatuta dauden etxeko animalien edo animalia basatien hozkaden edo atzamarren bidez transmititzen zaie listuaren bidez pertsonei. Amorruaren inkubazio aldia oso aldakorra da, eta astebetetik urtebetera joan liteke, bi hilabeteak zenbatetsitako batez bestekoa izanik.

Euskadin ez dago gizakiengan azken 30 urteetan izandako amorru kasurik. Azpimarratu behar da azaldutako kasua oraindik susmagarria dela, hurrengo egunetan lortuko diren behin betiko emaitzak falta baitira. Edonola ere, inportatutako kasua denez, Osasun Publikoko Zuzendaritzak argi utzi nahi du Euskadiko etxeko animaliak amorrurik gabe daudela.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoeraren bilakaeraren berri emango dute, beharrezkoa izanez gero.