Gipuzkoa lurralderik garestiena da bere kabuz etxebizitza erosi edo alokatu nahi duten gazteentzako

Argitalpen-data: 

Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2017Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu du “Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2017 (leiho berri batean irekitzen da)” izeneko txostena. Txosten honetan bere kabuz emantzipatu nahi duen 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun bati etxebizitza, jabetzan zein alokairuan, eskuratzeak dakarkion kostu teorikoa kalkulatzen da.

Eskuratze-kostu hori kalkulatzeko kontuan hartzen dira adin tarte horretako gazteen batez besteko soldatak, batetik, eta bestetik, Euskadiko lurralde bakoitzeko etxebizitzen batez besteko salneurriak, kontratatutako hipoteka-maileguen batez besteko interes-tasak bai eta mailegu horien batez besteko iraunaldia ere, erostea aukeratuz gero, edo batez besteko alokairu-errentak, alokatzea erabakitzen bada. Dena dela, estimazio teorikoa da, batez besteko balioak hartzen direlako kontuan eta ez kasu bakoitzeko berezitasunak (soldata, etxebizitzaren prezioa, hipoteka-maileguaren baldintzak, horrelakorik egonez gero, eta abar).

Bera bakarrik emantzipatu nahi duen 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batentzat Euskadin merkatu librean etxebizitza jabetzan eskuratzeko kostua % 52,6koa zen 2017an, datuak eskuragarri ditugun azken urtea. Hau da, bere hileko soldata garbiaren % 52,6a bideratu beharko zuen etxebizitza hori erosteko kontratatutako hipoteka-maileguaren lehenengo kuota ordaintzeko. Etxebizitza librea jabetzan eskuratzeko kostua jaisten joan da etengabe 2007tik 2017ra etxebizitzen salneurriak eta interes-tasak jaitsi egin direlako.

Bestetik, Euskadin etxebizitza libre bat alokatzearen kostuari erreparatzen badiogu, ikusten dugu 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun batek bere hileko soldata garbiaren % 69,3a bideratu beharko lukeela alokairu-errenta ordaintzeko bera bakarrik emantzipatuz gero. Etxebizitza librea alokairuan eskuratzeko kostua handitu da azken urteotan eta 2007ko eta 2008ko kostuen parekoa da orain. Gainera, 2014tik aurrera alokairuaren eskuratze-kostua jabetzarenaren gainetik agertzen da eta bien arteko aldea gero eta handiagoa da eta 2017an ia 17 puntutakoa da.

 Euskadin 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun bati etxebizitza librea jabetzan eta alokairuan eskuratzeak dakarkion kostuaren bilakaera (hileko soldata garbiaren %)

Datu horiek lurraldeka aztertuz gero, ikus dezakegu Gipuzkoan bizi diren 35 urtetik beherako gazte soldatadunek beren hileko soldata garbiaren % 61,9a bideratu beharko luketela merkatu librean erositako etxebizitzaren hipotekaren lehenengo kuota ordaintzeko. Gipuzkoako gazteek jasan behar duten kostua Bizkaian bizi direnek jasan beharrekoa baino askoz handiagoa da (% 61,9 gipuzkoarrek eta % 49,8 bizkaitarrek) eta, batez ere, Araban bizi direnena baino handiagoa (Arabako gazteek soldataren % 41,5a bideratu beharko lukete eta).

Etxebizitza alokatzen badute ere, Gipuzkoako gazteek dute kosturik handiena; gazte horiek hileko soldata garbiaren % 76,3a bideratu beharko lukete alokairu-errenta ordaintzeko. Atzetik datoz Bizkaiko gazteek, hauek soldataren % 69,6a erabili beharko lukete errenta ordaintzeko. Azkenik, Arabakoek soldataren % 52,0a bideratu beharko lukete errenta ordaintzeko bere kabuz merkatu librean etxebizitza alokatzea erabakiz gero.

2017an hiru lurraldeetan hileko kostu handiagoak dakartza alokatzeak hipoteka ordaintzeak baino.

18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadun bati etxebizitza librea jabetzan eta alokairuan eskuratzeak dakarkion kostua 2017an, lurralde historikoen arabera (hileko soldata garbiaren %)

Lurraldeen arteko alde horiek etxebizitzen salneurrien eta alokairu-errenten aldeetan dute iturri eta ez gazteen batez besteko soldatetan, azken hauek antzekoak baitira hiru lurralde historikoetan.

Txosten osoa Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean kontsulta daiteke.

GEBren logoa

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebooken logoa   Twitterren logoa