German Ormazabal izango da Euskal Herriko Gazte Orkestraren (EGO) zuzendari nagusi berria

Ormazabal_b.jpg

2019.eko azaroak 26

  • Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren (EOS) zuzendari nagusia izandakoak datorren urteko urtarrilean ekingo dio zeregin berriari.

 

Gasteiz, 2019/11/26       

German Ormazabal musikari eta enpresa kudeatzailea izango da Euskal Herriko Gazte Orkestra Fundazioaren (EGO) zuzendari nagusi berria. Ormazabalek urtarrilean ekingo dio zeregin berriari, baina Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gaur eman du horren berri, behin zuzendari nagusia izendatzeko hautaketa-prozesua amaituta. Zuzendari berria Fundazioaren Patronatuaren menpe egongo da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko eta Ekonomia eta Ogasun Saileko ordezkariek osatzen dutena.

Eusko Jaurlaritzak joan den udan hasi zuen Euskal Herriko Gazte Orkestrako (EGO) zuzendari nagusi bat izendatzeko hautaketa prozesua. Orain arte talde kudeatzaile baten bidez zuzendu da EGO, eta erabaki honen bitartez bultzada berri bat eman nahi diote proiektuari.   Euskal Herriko Gazte Orkestraren xedeen artean musikari gazteen prestakuntza babestea, musikaren balioak sustatzea eta ikastaroak zein kongresuak antolatzea daude.

Ibilbidea

German Ormazabalek Tolosan, bere jaioterrian, hasi zituen musika ikasketak, eta piano eta akordeoi goi mailako ikasketak burutu zituen Donostiako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Era berean, Zuzenbidean lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) eta enpresa-kudeaketan prestakuntza zabala jaso du. Hamar urtez (1996-2005) Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusia izan zen.

Ondoren, enpresa-kudeaketari lotuta egon da azken 14 urteetan, hasieran Ikusiko zuzendari nagusi gisa eta, gero, Velatia familia-taldeko Giza Kapitalaren eta Presidentetza Kabinetearen zuzendari nagusi gisa. Pianojole modura, bakarkako errezitaldiak eskaini ditu eta bere kolaborazioen artean, besteak beste, Ainhoa Arteta, Ainhoa Garmendia, Pello Ramirez, Garikoitz Mendizabal, Xabier Zabala, Andoni Egaña bertsolari eta idazlearekin, edota Xabier Lizasorekin egindakoak nabarmendu daitezke

Egun, Garikoitz Mendizabal txistulariarekin proiektu iraunkor bat du esku artean, eta baita Juan Laboreria baritono eta Maria Martin soprano gazteekin ere. Bestalde, aipa daiteke Xabier Lizaso pianojole eta Andoni Egañarekin lankidetzan duen proiektua, eta laster, Maite Arruabarrena mezzosopranoarekin zenbait errezital eskainiko ditu.