Gaztelagun alokairua ordaintzeko programaren lehen sei hilabeteetan 1.173 gaztek eskatu dituzte programaren laguntzak

2019.eko uztailak 29

  • 36 urtetik beherako 451 pertsona edo familia jasotzen ari dira jada laguntza, eta beste 195 pertsona edo familia eskaera ebatzi zain daude
  • 253 pertsonari edo familiari ukatu zaizkie laguntzak, gehienetan eskatzen diren diru-sarrerak gainditzeagatik
  • Etxebizitza Sailak araudia aldatuko du eta diru-sarreren muga minimoak eta maximoak malgutuko ditu, ahalik eta gazte gehienengana iristeko
  • Era berean, laguntza eskatzeko adin minimoa 18 urtera arte jaitsiko da, eta alokairu-errenta ezarritako mugen gainetik gehitzea ahalbidetuko da, KPIa aplikatzearen ondorioz

  

Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Sailak abian jarritako Gaztelagun programaren lehenengo sei hilabeteetan, 1.000 gaztek baino gehiagok eskatu dute alokairua ordaintzeko laguntza.

Programa horren kudeaketaz arduratzen den Alokabide sozietate publikoak, uztailaren 11ra arte, 1.173 eskabide jaso ditu guztira —Bizkaian 592, Gipuzkoan 350 eta Araban 231—.Aldi horretan 451 laguntza eman dira, 221 Bizkaian (% 49), 135 Gipuzkoan (% 30) eta 95 (% 21) Araban.  Horrez gain, oraindik 195 espediente ebatzi zain daudenez gero, aurreikusten da kopuru horrek gora egitea berehala. Bestalde, 253 eskabideri laguntza ukatu zaie, ezarritako baldintzetakoren bat ez betetzeagatik.  

Lehen balorazio batean, Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak nabarmendu du programak gazteenen artean izan duen harrera ona. “Horrela islatzen du jasotako eskaera kopuruak, 1.200 eskaera inguru, eta ia 500 eskaerek laguntza jaso izana”. Era berean, aditzera eman du espero baino eskaera gehiagori ukatu zaiola laguntza, “kopuru hori murriztu behar dugu, ekimenaren operatibotasun osoa bermatuko bada”.

Gaztelagun programa berri bat da, aurten, urtarrilean, sortu zena. Programaren helburua da  etxebizitzaren arloan 35 urtetik beherako pertsonen emantzipazioa erraztea, alokairua ordaintzera zuzentzen diren zuzeneko laguntzen bitartez. Programa abian jarri eta lehen sei hilabete hauetan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak laguntza emateko baldintzen eta eskakizunen ebaluazioa egin du, beharrezkoak izan daitezkeen doikuntzak egiteko eta helburuak betetzeko.

Ebaluazio horretatik ondorioztatzen da eskaeren bolumen handi bat baztertu dela finkatutako diru-sarreren mugen artean ez egoteagatik, batzuetan minimotik beherakoa izateagatik —Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzeko unean-unean indarrean dagoen zenbatekoa gainditzen baitute— eta beste batzuetan maximotik gorakoa izateagatik —15.000 euro banako eskatzaileentzat, 20.000 euro familia-unitateentzat eta 25.000 euro familia ugarientzat—.

 

Baldintzak malgutzea

 “Gaztelagun programaren helburua da —adierazi du Jaureguik— gazteei bizitza autonomo baterantz emantzipatzen laguntzea, eta gure asmoa da ahalik eta gazte gehienengana iristea. Horregatik, hain zuzen ere, ari gara araudia aldatzeko eta muga horiek malgutzeko lan egiten, diru-sarrera handiagoak eta txikiagoak dituzten gazteek ere laguntza jaso ahal izan dezaten”.    

Horrez gain, adinaren muga ere aldatuko da. Gaur egun laguntza jasotzeko adin minimoa 23 urtekoa da eta 18 urtera jaitsiko da, Euskadin indarrean dauden alokairurako udal-laguntzetako beste programekin bat etorriz. Hartara, gainerako baldintza guztiak betetzen dituzten eta une honetan eskatzen den adina baino adin txikiagoarekin emantzipatu nahi duten pertsona gazteei ere lagundu ahal izango zaie, eta, halaber, adin hori baino gutxiagoko kide bat duten eta, gainerako baldintzak betetzen dituzten arren, laguntzaz kanpo geratzen diren familia-unitateen arazoa ebatziko da.

Bestalde, alokairu-errentak ezarritako mugaz gainetik igo ahal izango dira, baina soilik errentamendu-kontratuen urteko prezioak berrikusteko klausuletan Kontsumoko Prezioen Indizea (edo antzekoa) aplikatzearen ondoriozko igoerak badira.

Gaztelagun programaren araudiaren aldaketa sailburuaren agindu bidez tramitatuko da, eta aurreikusten da datorren urtearen hasieran indarrean jarri ahal izatea.

Gure asmoa da –aditzera eman du Jaureguik– hobekuntza horiek ahalik eta lasterren egitea eta ahalik eta pertsona gehienentzat onuragarri izatea”. Eta erantsi du, udazken honetan, Etxebizitza Saila harremanetan jarriko dela aldatuko diren baldintzetakoren bat ez betetzeagatik laguntza ukatu zaien gazte guztiekin, edo aldatuko diren baldintzetakoren bat ez betetzeagatik prozesua amaitu gabe utzi duten gazte guztiekin. Inguruabar horiek aldatu direla jakinaraziko die eta eskaera berriro egiten lagunduko die.