Familiartekoak zaintzen dituzten 400 pertsona inguruk parte hartuko du beraiei laguntza ematea helburu duen "OKetxean" proiektu pilotu honetan

22_02_19_OKetxean__1_.jpg

2019.eko otsailak 22

  • Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak bat egin dute “OKetxean / OKencasa” sistema sustatzeko, familiartekoak beraien etxebizitzetan zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko

Donostia, 2019 otsailaren 22an

Euskal erakundeek martxan jarri dute menpekotasuna duten adineko pertsonak zaintzen dituzten familiartekoei babesa emateko sistema bat. Programa pilotu bat da eta jada abian da, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari esker. Familiartekoak zaintzen dituzten 400 pertsona inguruk parte hartuko du ekimen honetan. Boluntarioak lortu eta ezinbesteko tresnak garatu ondoren, jada aplikatzen ari dira sistema hau.

 

Proiektu honi esker, formazioaren, antolakuntzarako tresnen, laguntza psikosozialaren eta abantailen eraginkortasuna frogatuko da beraien familiartekoak zaintzen dituzten pertsonei babesa eta laguntza emateko diseinatu diren zerbitzuetan. Horri esker, autozaintza hobetuko da eta, ondorioz, ematen duten arretaren kalitatea ere. Gaur egun, menpekotasunen bat duten 28.729 adinekoen % 80k arreta etxean jasotzen du, horien artean 23.000 inguru adineko pertsonak dira. Eta horietatik % 63k beraien familiartekoen eskutik jasotzen dute ia esklusiboki.

 

Ekimen honen aurkezpena Markel Olano diputatu nagusiak, Gizarte Politika Saileko sailburuorde den Lide Amilibiak, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Iñigo Kortabitartek egin dute. Azken hori da Gipuzkoako Zerbitzu Soziosanitarioarekin batera landu den ekimen honen sustatzaile eta arduraduna.

 

"Era berean, adineko pertsonen % 80 baino gehiagok laguntza beraien etxeetan jaso nahi duenez, Aldundia beharrezko zerbitzuak sustatu eta indartzen ari da hori lortzeko, eta adineko pertsonei kalitatezko arreta eskaini ahal izateko. Hala, beraien etxeetan ahalik eta denbora gehien egon ahalko dute", nabarmendu du diputatu nagusiak eta gehitu du, neurri horien artean, “OKencasa” dagoela, "Adinberri diru-laguntzen 15 onuradunetako bat".

 

Kortabitartek azaldu du ekimen hau pasa den urteko irailean abiarazi zela sistema hau frogatzeko boluntarioak lortuz. Guztira, 210 boluntario lortu zituzten. Hilabete hauetan, familiekin lan egiten hasteko ezinbestekoak diren tresna, metodologia eta prozesuak garatu ahal izan dituzte. Laguntza sistema honen sarrera gailu mugikorretarako aplikazio bat da, Zaindoo izenekoa.

 

Zaindoo aplikazioari esker, zaintzaileak bere egoera ebaluatu dezake eta, besteak beste, bere egoera, bere osasun fisiko eta emozionala, edo zaintza horren gainkarga hori ebaluatu ahalko ditu. Hortik aurrera, plan pertsonalizatu bat eratuko da, une gogorretan laguntzeko, prestatzen laguntzeko eta, hala, bere baldintzak, bai eta menpekotasuna duen familiartekoarenak, hobetu egingo dira. Era berean, aplikazio hori erabili ahalko dute familiako beste kideren batekin koordinatzeko, edo espezialistekin zainketari buruzko zalantzak argitzeko eta eguneroko erronkei nola aurre egin ikasteko.

 

Abantailak zerbitzu erabilgarrietan

“OKencasa” sistemak zaintzaileen eskura dauden tresnen erabilera sustatuko du puntu-sistema baten bitartez. Horiei esker, hainbat zerbitzutan abantailak izango dituzte, esaterako: fisioterapia, talasoterapia, mediku zerbitzuak, ortopedia, arnasteko zerbitzuak edo etxebizitza egokitzea.

 

Familiek tresna horiek erabili ahalko dituzte aurtengo abendura arte. Ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Londresko School of Economics-eko espezialistek, Igone Etxeberria psikologiako doktorea eta Joan Costa i Font ikertzaile ospetsua buru dituztela, sistema honek izan duen eragina ebaluatuko dute familia horietan. Horretarako, aintzat hartuko dituzte estresa eta antsietatea murriztu izana edo euren burua zaintzeko gaitasuna hobetzea.

 

Sistemaren oinarria dira

Olanok gogorarazi du familiek duten rola menpekotasuna duten pertsonen zaintzan “oso garrantzitsua dela, haiek sistemaren oinarria baitira”. “Aldundiak eta udalek erantzuna ematen diegu zahartuta dauden pertsonei eta laguntza beraien etxean jaso ezinda, egoitza batean artatu behar dituzte. Baina kasu horiek soilik % 20 dira. Kasuen % 17an, aldiz, laguntza hori administrazioaren eta familiaren artean banatzen da: Beraien etxeetan bizi diren pertsonak dira, baina eguneko zentroetara joaten dira edo/eta Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa jasotzen dute, eta horri esker familiartekoek atseden hartu dezakete. Baina kasuen % 63an, laguntzaren zatirik handiena familiartekoen esku geratzen da".

 

“Beraz, mendekotasuna duten pertsonen egoerak arduratzen gaitu eta horri erantzuna emateko lan egiten dugu – adierazi du diputatu nagusiak -, baina pertsona horiek zaintzen dituzten familiartekoen ongizatean ere lagundu nahi dugu; izan ere, beraiei esker, pertsona horiek ez dira beraien ingurunetik irteten eta, gainera, zaintza-sistemari laguntzen diote. Hortaz, zaintzaileak babestuta sentitzea nahi dugu. Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da proiektu pilotu hau”.

 

Biztanleriaren zahartzea

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuordeak gogorarazi du “datozen bi hamarkadetan, Euskadin, urtero 33.000 pertsona baino gehiagok beteko dituztela 65 urte, baby boom belaunaldikoek, hain zuzen”. Eta gehitu du hori “erronka eta aukera bat” izango dela. “Horrez gain, Euskadin, urtetik urtera, Menpekotasuna Baloratzen duen Baremoko mailaren bat duen pertsonen kopurua % 5 igotzen da. Erakundeok eta hirugarren sektore sozialak badakigu egokitu egin beharko garela, eta uste dut gizartea ere, bere osotasunean, bide horretatik doala”.

Halaber, Amilibiak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, betiOn telelaguntza –zerbitzu publikoaren bitartez, adinekoak beraien etxebizitzetan geratzeko erraztasunak ematen dituela. “Zehazki, zerbitzu horren helburua da larrialdiren bat gertatzen denean erantzun azkar bat emateaz gain, bakarrik bizi diren pertsonei arreta pertsonalizatua eta egokitua eskaintzea, zaintzaileen zaintza barne. “Euskadi nazioarteko erreferente bat da menpekotasunaren arretan eta, ekimen honekin, pauso bat gehiago eman nahi dugu”, gehitu du.

 

Zaintzailea zaintzea

Bere aldetik, Donostiako alkate Eneko Goia pozik agertu da, herritarrek proiektu pilotu honetan parte hartu dezaketelako. “Udalek dute menpekotasunari laguntzeko sistemaren ardurarik handiena. Baliabideak eskaintzen ditugu beraien etxebizitzetan gelditu ahal dutenei hori errazteko. Gure ustez, oso garrantzitsua da beraien ingurunean jarraitzea, beraien bizilagunen ondoan. Eta, horretarako, etxeko laguntza zerbitzua funtsezkoa da, menpekotasuna duten pertsonei laguntzen dielako eta familiako zaintzaileen lana arintzen duelako”.

 

“Donostiako Udalarentzat ezinbestekoa da familiako zaintzaileei laguntzea. Laguntza sistemaren oinarria dira. Behar ditugu eta zaintzea merezi dute. Esaten dugun bezala, zaintzailea zaindu behar da eta gaur aurkezten dugun ekimen bateratu hau pauso garrantzitsu bat izan daiteke administraziook dugun zeregin horretan, hau da, zaintzaileak zaintzea. Beraz, laguntza sistema hau frogatzeko prest agertu diren familiak animatzea besterik ez zait geratzen, “OKencasa” sistemak beraien eskura jartzen dituen baliabideak erabili ditzaten. Beraiei onena eman nahi diegu eta espero dugu beraien eskura jarri ditugun tresna horiei esker beraien lana erraztea”, adierazi du Donostiako alkateak.

 

Bultzada kolektiboa

Gainera, “OKencasa”ren garapean Euskaltelek parte hartu du, aliatu estrategiko gisa. Euskal enpresa honek bere esperientzia eta gaitasunak eskaini ditu, eta Silver Economy lantzen du estrategia-sektore gako gisa. Horren bidez, etxebizitzetan eta mugikortasunaren arloan zerbitzuak eskaintzen ditu, konektagarritasunaz gain.

 

“OKencasa” sistemak lortu du hainbat eragile batzea eta, familiako zaintza babestu eta aitortzeko ahaleginean, proiektu honetako hainbat arlotan parte hartzen dute. Honako hauek dira lagundu duten eragileak: Ibermática, KZGunea sarea, Metaposta, BetiON, Fundacion Matia, AFAGI, Dimensión, IMQ Zurriola, Gipuzkoako Farmazialarien, Erizainen, Sendagileen eta Psikologoen Elkargo Ofizialak, EHU, Deusto Unibertsitatea, Hartmann, Hegalak, La Perla, Adas, Donostia Kultura, Musika Hamabostaldia, Basque Culinary Center, Eme Be Garrote, Aspegi, Nagusilan eta Pro Cuidado Familia elkartea.