Eusko Jaurlaritzaren iritziz premiazkoa da errepideko merkantzia garraio modua "trenbidera aldatzea"

_DSC3716.jpg

2019.eko urriak 03

  • Trenbidetik eta airetik garraiatzen diren merkantziak ez dira errepidetik mugitzen denaren %1era heltzen, “premiaz” aldatu beharreko “desoreka”
  • Azpiegitura sailburuordeak Europa barruko trenbide sare berriaren bultzada defendatzen du, “epe laburrekoak diren eta interes partikularrei erantzuten” dieten eztabaiden aurrean

2017arekin alderatuz iaz trenbideak eta aireko garraioak gora eta errepideak behera egin zuten arren, lehenengoak ez dira Arabako lurraldetik mugitzen diren ehunka milaka kamioiek mugitzen dituzten merkantzien %1era heltzen (%0,66). Zifra horiek argi eta garbi erakusten dute “gure” merkantzia garraio sistemak erakusten duen “desoreka jasanezina”.

Egoera hori aldatzeko, Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura sailburuordearen iritziz “premiazkoa da garraio jasangarri multimodala sustatzea, arreta berezia jarriz trenbideko garraioan eta plataforma logistikoetan”. Aizek, Arabako Merkataritza Ganberan gaur goizean egin den Euskadiko Logistika Intermodalaren Foroaren irekiera hitzaldian egin ditu adierazpen horiek. Ramiro González Arabako diputatu nagusiak ere hartu du parte ekitaldian.

Aizek gogorarazi du Euskadi eta Araba Europako Igarobide Atlantikoaren ardatzean daudela, lehen mailako “nodo logistiko estrategikoa” eratuz. Penintsulak Europa erdialdearekin dituen komunikazioen eta konektibitatearen bide natural izatearen ezaugarri historikoak “garapen ekonomikoaren eta, batez ere, sektore logistikoaren garapenaren oso abiapuntu lehiakorrean jartzen gaitu, gure industria eta giza kapitalarekin batera” adierazi du, testuinguruan jarriz.

Trenbideko (82.644 Tn), aireko (62.156 Tn) eta errepideetako (21.869.000 Tn) merkantzia garraioen artean dagoen “desoreka” argi eta garbi uzten duten Arabako 2018ko zifrak eman ondoren, joera hori aldatzeko eta “trenbideko garraioaren hazkundea” bultzatzeko aukera emango duten “zimenduak” ezartzeko pausoak eman direla azpimarratu du.

Horien artean, joan den urtearen amaieran Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialak izan zuen aldaketa eta Jundizeko Plataforma Multimodal berriaren eta batez ere Trenbide Autopistaren garapenerako izan duen garrantzia azpimarratu ditu.

Gehitu duenez, lurraldearen garapen logistikorako beste pauso garrantzitsu bat Forondako aireportuan eguneko 24 orduko zerbitzua berreskuratu izana izan da. Horrela, aireko lineek azpiegitura horren “potentzial izugarria” erabili dezakete, merkatu logistikoaren eta bidaiarien merkatuaren eskariei erantzun ahal izateko.

“Gure garraio azpiegituren modernizazioari dagokionez oso garrantzi handia duen” hirugarren puntua, abiadura handiko Europako trenbide sare berriaren eraikuntza da, Euskal Y-a izenekoa. Horrek, “Europarekin lotuko gaituen eta Araba eta Euskadi igarobide atlantikoko nodo bilakatuko dituen Europa barruko sare proiektua gauzatuta ikustea” ekarriko du, azpimarratu duenez. Horrela, gogora ekarri duenez, urtearen hasieran erakundeen arteko akordioa sinatu zen Sustapen Ministerioaren, ADIFen, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren artean. Akordio horren bitartez, abiadura handiko sareak hirian izango dituen sarbideen eta trenbidea hirian integratzearen soluzioak definitu ziren.

Testuinguru horretan, sailburuordeak adierazi duenez, inork ez du zalantzan jartzen 1856an Norteko Ferrokarrila eraikitzeak Gasteizen garapenerako izan zuen eragina. “Sarri askotan zaila da ulertzea hiriko esparru korporatibo batzuetatik, belaunaldi askorentzat hain garrantzitsua den Europa barruko trenbide sare berria bezalako proiektuen aurrean, etorkizuneko ikuspegia duen gogoeta estrategikoa falta dela eta eztabaida epe laburrera eta interes partikularrera mugatzen dela ikustea, atzerapen gehiagorik gabe proiektua errealitate bilaka dadin esfortzuak bateratu beharrean”.

Amaitzeko, Gasteizek mundu mailako Green City gisa lortu duen saria azpimarratu du Aizek. Bere iritziz, “urte hauetan guztietan jasangarritasunaren arloan erakutsi duen etengabeko ibilbideari emandako saria da. Horrela, mugikortasun jasangarriaren aldeko politikek aintzatespena dute mundu mailan, eta Eusko Jaurlaritzak inplikazio zuzena du horietan, luzatzen ari den tranbia sarearen, Bus Elektriko Adimendunaren ezarpenaren edo Europa barruko trenbide sare berriaren garapenaren bitartez, besteak beste”.