Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aurrekontua berriro handitu da, 2020an, % 3,7, eta 3.941 milioi eurokoa da

2019.eko azaroak 12

  • Aurten ere, zuzkidura ekonomiko handiena duen Saila da; Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren herena du. Izaera sozial nabarmena du eta osasun-gastu publikoa 1.801€-koa da, pertsonako
  • Lehen mailako arretak eginkizun garrantzitsua du aurrekontuetan: inbertsioetako zenbatekoa hirukoizteaz gainera (21 milioi €), jarraitzen da laguntza-maila hori sendotzeko diseinatutako estrategia bereziaren neurriak ezartzen
  • Osakidetzaren programa-kontratuak ia 3.000 milioi euro ditu (aurreko ekitaldian baino % 4,3 gehiago) eta, haietatik, % 68 langileei bideratzen da (2019an baino % 5,1 gehiago). Gainera, inbertsioetako 69,7 milioi euroak ere hartu behar dira gogoan

 

Osakidetza kalitateko osasun-sistema publiko gisa mantentzea, eta euskal gizarte osoaren eskariei erantzuteko gai izatea. Helburu nagusi horretara bideratuko dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2020an izango dituen 3.941 milioi euroak.

Hala azaldu du gaur Nekane Murga Osasun sailburuak; Eusko Legebiltzarraren Ogasuneko eta Aurrekontuetako Batzordean egin du agerraldia, bere sailaren datorren urteko kontuak aurkezteko. Berriro da Eusko Jaurlaritzako partida handiena, Iñigo Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren aurrekontu osoaren herena; % 3,7ko igoera izan du, aurreko ekitaldiaren aldean.

Aurrekontu-zuzkidura horrek Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema publikoarekin eta pertsonak ardatz nagusi izatearekin duen konpromisoan sakontzen du; biztanleko 1.801 euroko gastua du, eta aurreko urtean 1.730 euro zituen. Beraz, Euskadi Estatu osoan gastu publikoaren inguruko buruko postuetan dago.

Osasun sailburuak berak nabarmendu duenez, aurrekontu horrek eginkizun berezia ematen dio lehen mailako arretari. Inbertsioetako aurrekontua hirukoiztu egiten da eta, 2020an, 21 milioi €-koa izango da eta, gainera, laguntza-maila hori sendotzeko berariaz diseinatutako estrategian planteatzen diren neurriak ezartzen jarraituko da.

Datorren urteko aurrekontu-ekitaldian, era berean pisu garrantzitsua dute osasunaren prebentzioak eta sustapenak. Horrela, txertoetara bideratutako partidak % 25,6ko igoera izan du, harik eta 14 milioi eurora iritsi arte, eta horrek aukera emango du haurren txerto-egutegia zabaltzeko eta aparteko txertaketa batekin hasteko, epe luzera nerabeen babesa hobetzeko; horretarako, meningokokoaren ACWY anduien aurreko txerto berria sartuko da.

 

AURREKONTUAREN XEHAKAPENA

OSAKIDETZA

Osasun Sailaren partidarik handiena ekitaldi honetan ere Osakidetzara bideratzen da; 2.998,6 milioi euro jaso ditu, osasun-erakundeen eguneroko funtzionamendurako programa-kontratuaren bidez (2019an baino % 4,3 gehiago), inbertsioetara bideratutako 69,7 milioi euroez gainera.

Osakidetzaren aurrekontu osotik, % 68,1 langileen gastuetara bideratuko da, alegia, % 5,1eko igoera egongo da, iazko urtearen aldean, baita 2019an 2018aren aldean (% 4,2) izandako igoeraren gainetik eta 2018an 2017aren aldean (% 3,3) izandako igoeraren gainetik ere. Lehen mailako arreta sendotzeko neurriek, bestalde, kapitulu honetan dute isla. Kategoria guztietan egon da gorakada: fakultatiboak, erizaintza, pertsonal ez-sanitarioa eta prestakuntza espezializatuko egoiliarrak. 2020rako aurreikusitako funtzionamendu-gastuak % 2,3koak dira, 966,5 milioi euro.

 

INBERTSIOAK

2020an, Osakidetzak 69,7 milioi euro bideratuko ditu guztira inbertsioetara; lehen mailako arretaren kasuan, hirukoiztu egiten da inbertsioa, aurreko ekitaldiaren aldean. Oro har, 2013tik 2020ra bitarteko aldian, osasun-sistema publikoko inbertsioen aurrekontua 500 mila euro ingurukoa dela kalkulatzen da. 2020rako aurrekontuaren partida nabarmenenak lurraldeka honako hauek dira:

  • Araban, 15 milioi euro Arabako Unibertsitate Ospitaleko zerbitzu orokorren eraikinaren obra eta ekipamendua amaitzeko; Murgiako osasun-zentro berria, eta Arabako Errioxa ESIko birmoldaketak.
  • Bizkaian, 11,7 milioi euro Bilbo-Basurto ESIrako, Ezkerraldea-Enkarterri  Gurutzeta ESIrako eta Galdakao-Barrualde ESIrako. Gainera, lehen mailako arretarako zenbait osasun-zentrotarako, osasun mentalaren sarerako eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrorako.
  •  Gipuzkoan, 16,4 milioi euro. Lehen mailako arretako inbertsioa nabarmendu behar da, baina baita Donostiako Unibertsitate Ospitaleko inbertsioak ere terapia zelularreko obrarako eta ekipamendurako, eta Bidasoa ESIko eta Goierri Urola Garaia ESIko blokeen birmoldaketara bideratutakoak.  
  • Osakidetzaren Antolamendu Nagusitik, inbertsioen % 38 kudeatuko da (26,6 milioi €), eta hori osasun-zentroetako irisgarritasuna hobetzera eta erakunde-proiektuak eta Osakidetzaren informazio-sistemak finantzatzera bideratuko da.  

 

IKERKETA ETA BERRIKUNTZA

Osasun Sailaren aurrekontuan, era berean, ikerketaren eta berrikuntzaren eremuko % 6tik gorako igoera nabarmentzen da, eta aipamen berezia behar du osasun-arloko I+G+B jardueretan dabiltzan erakundeetara bideratutako partidetan izandako % 11,1eko igoerak, eta ikerketa-proiektuen deialdirako erreserbatutako zenbatekoaren % 4,5eko igoerak. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko azaroaren 12a