Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila izango da bizitegi-eraikin zaharretan energia-birgaikuntza burutzeko AGREE proiektu europarraren buru

_98A1742.jpeg

2019.eko irailak 05

  • Proiektua gaur jarri da abian erakunde kide guztien arteko bilera baten bitartez: Eusko Jaurlaritza, Tecnalia, Basauriko, Donostiako eta Gasteizko Hirigintza eta Etxebizitzako udal-sozietateak —Bidebi, Donostiako Etxegintza eta Ensanche 21—, eta Ihobe, Ingurumeneko Sozietate Publikoa.
  • Europako Batzordearen 562.000 euroko diru-laguntza batekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egikarituko diren hiru proiektu pilotutako etxebizitza-eraikinen energia-birgaikuntzan AGREEk 8,5 milioi euro mobilizatzeko asmoa du.
  • Euskadin dauden etxebizitza-eraikinen % 57 1940 eta 1980 urteen artean eraiki zen.
  • Eraikin horietan bizi diren pertsonen premietara egokitutako finantza-tresna berritzaileak erabiliko dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak, 2022. urtera arte, 40 urte baino gehiagoko bizitegi-eraikin pribatuen energia-birgaikuntzan 8,5 milioi euro mobilizatzea espero du, Europar Batzordeak AGREE proiektua onartu izanari esker (Aggregation and improved Governance for untapping Residential Energy Efficiency potential in the Basque Country). Proiektu horren bitartez, eraikin horietan bizi diren pertsonen premietara egokitutako finantza-tresna berritzaileak diseinatuko ditu.

Proiektua 2022. urtera arte luzatuko da hiru proiektu pilotutan. Proiektu horiek birgaitze-proiektu integralei ekitea proposatuko den Basauriko, Donostiako eta Gasteizko auzokide-elkartetan egikarituko dira. Bertan, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna protagonista izango dira, honelako esku-hartze berrietarako zehazki diseinatutako finantziazio-sistema berriak sortuz eta prozesuan bertan bizi diren pertsonen parte-hartzea bermatuz.

AGREE proiektuan parte hartuko duten erakinetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeaz gain, Eusko Jaurlaritza buru duen proiektuak birgaitzearen merkatua indartu, eraikinen energia-eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetu, eta ingurumen-arloan hobekuntza handiak erdietsi nahi ditu, adibidez, hemendik 2022. urtera 250 tona CO2eq/urte murriztu nahi ditu.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailarekin batera, proiektu honetako bazkide dira Tecnalia ikerketa-zentroa; Bidebi, Basauriko udaleko hirigintzako eta etxebizitzako sozietate publikoa; Ensanche 21, Gasteizko Udaleko hirigintzako udal-sozietatea; Donostiako Etxegintza, Donostiako Udaleko etxebizitzako udal-sozietatea; eta Ihobe, ingurumen-kudeaketako sozietate publikoa. Erakunde horiek guztiek proiektua abian jarri dute gaur Gasteizen egin den aurkezpen-bileraren bitartez.

AGREE proiektuak Horizonte 2020 izeneko programa europarrak finantzatutako 562.000 euroko diru-laguntza jasotzen du. Programa hori Europar Batasuneko ikerketa- eta berrikuntza-programa nagusitzat jotzen da, eta proiektu berritzaileak —AGREE adibidez— babestuz Europaren lehiakortasun globala ziurtatzeko funtsak eskaintzen ditu.

Etxebizitza-parke zaharkitua

Hiru proiektu pilotuak egikaritzen eskuratutako esperientzia eta ezagutza jardunbide egokien eskuliburu batean bilduko dira, antzeko ezaugarriak dituzten eraikinetan aplikatzeko. Horri esker, Euskadiko etxebizitza-parkearen energia-, ingurumen- eta gizarte-baldintzak hobetuko dira. Izan ere, etxebizitza-parke hori Europako hegoaldeko zaharrenetako bat da, bizitegi-eraikinen % 57 1940 eta 1980 urteen artean eraikita dago, energia-eraginkortasunari buruzko erregulaziorik existitzen ez zenean.

Eusko Jaurlaritzak Euskadin Etxebizitzen Beharrei eta Eskaerari buruz 2017an egindako azterketaren arabera, 76.286 etxebizitza berritu egin beharko lirateke lau urteko epean. Etxebizitza horietatik % 67 40 urte baino gehiago dituzten eraikinetan kokatuak daude, eta haien jabe asko hobekuntza-lanei ekiteko baliabide ekonomiko eskasak dituzten adineko pertsonak dira.