Eusko Jaurlaritzak "Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?" Gidaliburu berria argitaratu du, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta

2019.eko ekainak 24

    • Guztira 100.000 ale kaleratuko dira, sei hizkuntzatara egokituta: euskara, gaztelera, frantsesa, arabiarra, portugesa, errumaniarra eta baita Braille lengoaiara ere
    • Era guztietako indarkeriaren biktima diren emakumeei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta baliabideak azaltzen dira dokumentuan
    • Eusko Jaurlaritza 2017tik ari da lanean administrazioko testuak hizkera argira eta irakurketa errazera egokitzeko
    • Beatriz Artolazabal Sailburuak Jaurlaritzaren sail ezberdinen arteko elkarlana azpimarratu du ahuldade egoeran bizi diren emakume hauentzat benetan eraginkorra den baliabide hau sortzeko

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainak 24

Eusko Jaurlaritzak berriz argitaratu du “Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean? gidaliburua, hizkera argira eta irakurketa errazera egokituta, eta Jaurlaritzak euskal herritarrengana argiago eta errazago hurbiltzeko proiektu orokorraren baitan egin da. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendari Javier Bikandik, Lide Amilibia Sailburuordea bi gidaliburu aurkeztu dituzte gaur goizean: bat hizkera argian idatzia, eta bestea, oraindik sinpleagoa, irakurketa errazekoa. Biek, baina bereziki lehenengoak, logotipoak eta piktogramak dituzte oraindik ere irisgarriagoak eta ulergarriagoak izan daitezen.

Gidaliburu bakoitza sei hizkuntzatan argitaratu da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, portugaleraz eta errumanieraz. Gainera, Braille sisteman ere argitaratuko da ikusmen-dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat, eta aztertzen ari dira pertsona gorrentzat zeinu-hizkuntzan eta testuak irakurtzeko eta/edo ulertzeko arazoak dituztenentzat audio-formatuan grabatzeko aukera ere.  

Zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean?

Artolazabalek azaldu du gidaliburu hau aurrerapauso handia dela 2015´ean argitaratutakoarekin alderatuta, ahalik eta informaziorik zehatzena ematen duen aldetik, “indarkeria jasaten duten emakumeentzat irisgarriagoak izateko” ahaleginean. Helburu nagusia da gidaliburu hau erreminta “guztiz baliagarria izatea herritarrentzat”. “Indarkeria jasaten duten emakumeak askotan babesgabe sentitzen dira, nora jo jakin gabe. Euskal administrazioek emakume horiei arreta erraz eta antolatuta emateko jada abian dituzten baliabideak laburbiltzen dira gidaliburu honetan”.

Eusko Jaurlaritza hil honetan bertan hasiko da gidaliburu horien 100.000 ale banatzen emakume horiek eskuratu ditzaketen lekuetan. Leku horietako batzuk dira, esate baterako: Ertzain-etxeak; hiru euskal hiriburuetako eta Barakaldoko justizia-auzitegietako Biktimak Artatzeko Zerbitzuen egoitzak; Lanbideren bulegoak; oinarrizko gizarte-zerbitzuen egoitzak; mediku-zentroak, hala nola, ospitaleak eta anbulatorioak; Emakunderen bulegoak; emakumeen elkarteen eta, bereziki, genero-indarkeriaren aurkako elkarteen, ordezkaritzak; prostituzioan aritzen diren emakumeen eta emakume atzerritarren elkarteak, eta immigrazioaren aldeko elkarteak; ONCEren egoitzak (Braille formatuan), eta abar.

Adierazitako 100.000 ale horiek honela banatuko dira: 75.000 hizkera argian eta 25.000 irakurketa errazean. Lehenengoen 50.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira; 20.000 frantsesez eta arabieraz; eta beste 5.000 errumanieraz eta portugaleraz. Irakurketa errazeko liburuxkei dagokienez, 15.000 ale euskaraz eta gaztelaniaz inprimatuko dira; 8.000 frantsesez eta arabieraz; eta 2.000 portugaleraz eta errumanieraz. Bi egokitzapenak, Hizkuntza Argia eta Irakurketa Erraza, kolore ezberdinetan inprimatu dira, bat, laranjaz eta arrosez, eta, bestea, urdinez eta berdez, hurrenez hurren, errazago identifikatu ahal izan daitezen.

Gidaliburuaren bertsio guztiak www.euskadi.eus webgunera ere igoko da formatu digitalean.

Bestalde, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila lanean ari dira hizkera argiari eta irakurketa errazari buruzko jarraibide horiek emakume biktimei zuzendutako online edukian asimilatzeko, jada aipatutako www.euskadi.eus webgunearen bidez, eta berdin egingo da bikote-lagunaren edo bikote-lagun ohiaren aldetik indarkeria jasaten duten emakumeentzako “ordainketa bakarreko” dirulaguntza eskatzen duten emakumeek jasotzen dituzten ebazpenekin eta errekerimenduekin.

Hizkera argia eta irakurketa erraza  

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoak (PEGIP 2020) helburu du Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu elektronikoen eskaintza osatzea eta horien erabilgarritasuna eta irisgarritasuna hobetzea. Horri jarraituz sortu zen “3.4. Zerbitzu publiko elektronikoen erabilgarritasuna hobetzea: egoitza elektronikoa eta inprimaki elektronikoak” proiektua, zerbitzu elektronikoen erabilgarritasuna eta irisgarritasuna hobetzera bideratua, hizkera sinplifikatuz eta komunikazio argia erabiliz, interfaze informatikoak eta administrazio-inprimakiak estandarizatuz eta zerbitzu elektronikoen eboluzio teknologiko eta funtzionala bultzatuz. Horrela, testu errazak eta argiak sortzen dira, herritarrek erraz ulertu ahal izan dezaten Euskal Administrazio Publikoaren informazio ofizialaren edukia.  

Administrazioko testuak argiak izatea herritarren eskubidea da, batez ere, erabakiek euren bizitzarako ondorio adierazgarriak dituzten esparruetan. Zenbaitetan, administrazioko testuak ulergaitzak izaten dira herritarrentzat eta, ondorioz, interpretazioan akatsak eragiten dituzte, eta horrek zenbaitetan ekartzen du hainbat tramite gero zuzendu behar izatea edo laguntza eta aholkularitza zerbitzuetara jo behar izatea. 

Eusko Jaurlaritza horregatik ari da sinplifikatzen, hizkera argiaren bitartez, herritarrei zuzendutako komunikazioak eta tramiteak. Hizkera argiak ahalbidetzen du: Behar den informazioa erraz aurkitzea; Behar den informazioa zailtasunik gabe ulertzea; eta Erabakiak jakinaren gainean hartzea.

Hizkera argia eta irakurketa erraza berez bi proiektu ezberdin baina, aldi berean, osagarri dira:  Hizkera argia, komunikazio argiaren printzipioetan oinarrituta eta herritar guztiei zuzenduta dago. Irakurketa errazak irakurketa-demokraziaren eta irakurketa bidezko gizarte-integrazioaren printzipioak ditu oinarri, eta helburua du irakurtzeko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonengana hurbiltzea irakurketa, batez ere dibertsitate funtzionala duten kolektiboetan (adibidez, adinekoak eta immigranteak) edo adimen desgaitasuna eta/edo irakurtzeko edo ulertzeko arazo espezifikoak dituzten pertsonen kasuan.

Eusko Jaurlaritzak, Lectura Fácil Euskadi, Irakurketa Erraza elkartearekin lankidetzan, 2017an egokitu zuen Seme-alabak dituzten familientzako laguntza ekonomikoak programa irakurketa errazeko formatura, eta gaur aurkeztu den gidaliburuaren aurrekari bat dela esan daiteke. 

Horrela, zerbitzu publikoetan komunikazio argia bultzatzeko helburuarekin, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzak (HHABHZ), Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin (IVAP) lankidetzan, hizkera argiari eta irakurketa errazari buruzko formakuntza-ekintza bat jarri du abian; ikastaroaren iraupena 6 hilabetekoa da, eta prestakuntza presentziala eta birtuala, praktikoa eta teorikoa, bateratzen ditu, adibide errealetan eta argigarrietan oinarrituta. Ikastaroa gainditzeko ebaluazio-ariketan hizkera argira egokitu beharko dira parte-hartzaileek kudeatzen dituzten zerbitzu edo prozedura zehatzak. Horrela, bermatuta dago ikasitako ezagutza programaren errealitatera moldatuko dela.

Lehenengo formakuntza-ekintza 2018an egin zen, ikastaro pilotua izan zen eta bertan Lectura Fácil Euskadi, Irakurketa Erraza elkarteak ere parte hartu zuen irakurketa errazarekin lotutako modulua emateko. Hain zuzen ere, ikastaroaren lehenengo edizio horretan Enpleguko eta Gizarte Gaietako Sailak parte hartu zuen Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako dirulaguntzak programarekin.

Formakuntza-ekintza honen bigarren edizioa 2019an egin da, oraingoan hizkera argiari bakarrik eskainita. Kasu honetan Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako dirulaguntzak deitzeko agindua egokitu da hizkera argira. Hizkera argiari buruzko formakuntza-ekintzaren edizio bakoitzean 8-10 zerbitzu edo programa hizkera errazera egokitzen lan egiten duten hainbat sailetako 12 bat pertsonak parte hartzen dute. Helburua da komunikazio argiaren jardunbidea pixkana Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu guztietara hedatzea.

Indarkeria matxista

Gidaliburuan ez dira bikote-lagunaren edo bikote-lagun ohiaren aldetik tratu txarrak jasaten edo jasan dituzten emakumeei euskal administrazioek ematen dizkieten zerbitzuak eta baliabideak bakarrik laburbiltzen; izan ere, indarkeria jasaten duten emakume guztiei zuzenduta dago, eta hor sartzen dira bikote-laguna ez den familiako edozein gizonezkok (aitak, anaiak, semeak…) erabilitako indarkeria; sexu erasoa, jazarpena eta abusua; giza salerosketa; derrigortutako prostituzioa; lan-esparruko jazarpena, eta abar. Gainera, gidaliburu hau emakume guztiei zuzenduta dago, euren administrazio-egoera erregularra edo irregularra den, erroldatuta dauden ala ez, erasotzailearekin harremana izaten jarraitzen duten ala ez… kontuan hartu gabe.

Bestalde, Artolazabal sailburuak azpimarratu du erreminta hau emakume horiek artatzen dituzten profesionalek ere erabil dezaketela, hala nola, “segurtasun-kidegoetako agenteek, osasunaren eta abokatutzaren arloko profesionalek edo oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileek, besteak beste”, bai eta biktimen familiartekoek eta hurbilekoek ere, “erabilgarri dauden baliabideei buruzko informazio zehatzean eta errealean oinarrituta lagundu ahal izateko”. Alde horretatik, gidaliburuan “jarraibide sinple batzuk ematen dira emakume bat indarkeria matxista jasaten noiz ari den identifikatzen jakin dezagun”.

Dokumentuan bata bestearen atzetik antolatuta daude Eusko Jaurlaritzak emakume horien esku jartzen dituen baliabideak eta zerbitzuak, egoeraren arabera batzuk edo besteak erabil ditzaten: polizia-baliabideak, osasun-baliabideak, aurrez aurreko arretarako baliabideak, telefono edo elkarte bidezko arreta…, helburua baita baliabide horiek erabiltzea tratu txarren egoera horretatik irteteko.