Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizko tranbia Salburuara luzatzeko lanak lizitatu ditu

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, argi berdea emango dio bihar Vitoria-Gasteizko Tranbiaren Salburuarako luzapenaren eraikuntza lanen lizitazioari. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 17,2 milioi eurokoa da (bez gabe), eta aurreikusitako egikaritze epea 30 hilabetekoa.

Vitoria-Gasteizko tranbiaren luzapena Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetzaren emaitza da. Lakua, Abetxuko, Erdialdea eta Hegoaldea adarren eraikuntzan bezala, Jaurlaritzak %65 jarriko du eta Aldundiak eta Udalak, berriz, erdi bana finantzatuko dute gainerakoa (17,5%). Instituzio ezberdinen arteko finantzaketa hitzarmenaren kopuru orokorra 24 M€-takoa da, orain lizitatzen den 17,2 M€-tako obra zibila eta aurrerago burutuko den instalazio partearekin osatzen delarik.

Adar berriak 2.575 metroko luzera du, eta egiturari, tamainari eta formari dagokienez berdinak izango diren eta nasak alboetan izango dituzten bost geltoki berri eraikitzea aurreikusten du. San Luzian, La Iliada, Nikosian, La Unión eta Salburuan egongo dira.

Tranbiaren luzapenak hiriaren ekialdean dauden auzoen zuzeneko lotura hobetzea ahalbidetuko du. Zehatzago esanez, Santa Luzia eta Salburua auzoak erdigunearekin, Lakuako autobus geltokiarekin eta gaur egun dauden lineen zerbitzuak dituzten guneekin. Era berean, auzo horiek Hegoalderekin eta EHUko campusarekin lotzeko aukera ematen du, abian jarriko den Hegoaldeko luzapenari esker.

Tranbiaren gizarte eta ingurumen onurak

Hiriburuaren erdigunearen eta auzoen arteko mugikortasuna eta erlazioak hobetzeaz gain, tranbia Salbururaino luzatzeak gune urbanizatu berriak sortzen eta bidegorri sarea luzatzen lagunduko du.

2,5 kilometroko trazatu berria eraikitzeak 70.860 metro karratuko urbanizazio berria ekarriko du berarekin. Horietatik ia 22.000 tranbiaren trazadurari berari dagozkio, izango dituen bost geralekuekin. Proiektua gauzatzearen ondorioz, udal bidegorrien sareak 2.390 metro lineal gehiago irabaziko ditu. Gainerako espazioa Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak adostutako jarraibideen arabera urbanizatuko da berriro. Gainera, tranbiaren trazatu berriaren % 95 bide berdetik joango da.

Euskotrenek, berriz, bere unitateen ahalmena handitzea erabaki du, eta baita gaur egungo zerbitzuaren prestazioak hobetzea ere. Horretarako, CAFek Irungo lantegian egin dituen 7 ibilgailu artikulatu arin txertatuko ditu konpainiak. Unitate berri horiek 25 milioi euro inguruko aurrekontua izan dute.

Egokitzapen horri esker, ohiko tranbia erabiltzen duen pertsona kopurua handitu ahal izango da. 270 pertsona eraman ditzakeen 5 kotxeko tranbiatik, 400 eraman ahal izango dituen 7 kotxeko tranbiara igaroko da. %100 solairu baxuko tranbiak izango dira, noranzko bikoak, eta sartzeko 16 ate izango dituzte (8 alde bakoitzean). Guztira 58 eserleku gehi 6 eserleku tolesgarri (4 gunetan egongo dira, mugikortasun urriko pertsonentzat).

Beraz, bere ahalmen osoarekin zirkulatzen duen tranbia bakoitzak 4 autobusek eta 200 automobilek daramaten pertsona kopurua mugitu dezake. Horrek CO2 isurketak nabarmen murriztea ekarriko du.

Lotura Salburuarekin: trazatua

Ibilbide berriaren hasiera Florida, Los Herrán eta Las Trianas kaleek bat egiten duten puntuaren inguruan dago. 0+200 K.P.-an, trazatua iparraldeko galtzadaren gainean dago, Calasanz – Eskolapioen ikastetxearen itxiturarekin paraleloan, tranbiaren plataformak hartuta.

Florida eta Jacinto Benavente kaleek bat egiten duten biribilgunean, trazatuak eskuinera egingo du, 230 metro luze den zuzengunera igarotzeko. Bertan dago lehen geltokia, "Santa Luzia", nasak alboan eta katenariaren zutabeak erdian dituena, Vicente Alexandre kalearekin bat egiten duen biribilgunea zeharkatu aurretik.

Florida kalearen iparraldeko galtzadatik jarraitzen du, ezkerrera biratuz, eta Astronomoen kalearekin bat egiten duen biribilgunea igaro ondoren, trazatua Iliada pasealekuan barneratzen da. Kale horretan dago tarte horretako bigarren geltokia, "La Iliada", hori ere nasak alboan eta katenariaren zutabeak erdian dituena.

90 graduko bira egin ondoren, tranbiaren plataformak bulebarraren mendebaldeko galtzadaren gaina hartzen du, 645 metroko lerrokadura zuzenarekin. Tarte horretan beste bi geraleku daude: "Nikosia" eta "La Unión".

Ondoren, tranbiaren plataformak Batasunaren Plazako biribilgunea zeharkatzen du, Salburuako Bulebarreko tarte bateko galtzadatik aurrera egiten du, Aerodromoaren pasealekuan oinezkoentzako dagoen gunetik jarraitzen du, hainbat bidegurutze zeharkatzen ditu, eta azkenik, Juan Carlos I.a Etorbideko erdibitzailearen gainean dagoen pasealekurako eta lorategirako eremuaren gainetik egiten du aurrera.

Azken geralekua, Salburua, auzoaren erdian kokatzen da. Juan Carlos I Etorbidean, hain zuzen.

Geltoki berriak

Ezaugarri nagusiak hauek dira:

 

  • 3,5 metroko zabalerako nasak
  • 25 cm-ko altuerako nasa
  • Lerrokadura zuzenean daude.
  • Luzera osoa: 50 metro, bi alboetan dauden 5 metroko arrapalak barne.
  • Markesinak nasatan daude eta, horrela, itxaroteko gunean eta alboetako batean, oztoporik gabeko 1,80 metroko zabalerako tartea geratuko da.
  • Geralekua osatzen duten elementuak, hala nola markesinak, paperontziak, seinaleztapenerako elementuak, etab., zerbitzuan dauden tranbiaren lineatan daudenen ezaugarri berekoak izango dira.
  • Nasarako sarrera kaletik zuzenean egingo da.
  • Mugikortasun Urriko Pertsonentzako irisgarritasunari buruz indarrean dagoen arautegia beteko du.

 Vitoria-Gasteizko tranbia

Gaur egun ustiatzen ari den tranbia sareak hiru adar ditu (Abetxuko, Lakua eta Erdialdea). Guztira 7,8 kilometroko trazatua eta 20 geltoki hartzen ditu, eta 2018an 8,3 milioi erabiltzaile baino gehiagori eman zien zerbitzua. Horrek argi eta garbi erakusten du tranbia hiriko garraioaren eta hiriko mugikortasunaren ardatz egituratzailea dela.

Horrez gain, ETS metro arina hegoaldera luzatzeko lanen azken fasean ari da gaur egun lanean. 1,4 kilometro gehiago eta hiru geltoki Florida kalean, Hegoalde gizarte-etxearen ondoan eta EHUko campusean. Trazatuaren diseinuan, dagoeneko hartu da kontuan Floridako geltokitik aurrera linea Salburua auzorantz luzatuko dela. Izan ere, jarduketa horretan maniobrak egiteko “mahuka trenbidea” jasoko da, Salburuarantz. Hegoaldeko luzapenaren aurrekontua 10,4 milioi eurokoa da (bez gabe). 

Vitoria-Gasteizko tranbia sarea Zabalganako adarrarekin osatuko da. Une honetan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen erakunde publikoa, ekialdea-mendebaldea ardatza osatzeko aukera emango duen luzapen horren informazio azterlanaren idazketan ari da lanean. Jarduketa hori, trenbidea lur azpian sartzeko lanekin koordinatuta egin beharko da.