Eusko Jaurlaritzak, Topoa Irunen integratzeko proiektua definitzen duen Alternatiben Azterlana amaitu du

ALT2.jpg

2019.eko azaroak 28

  • Topoa bere egungo trazatutik lur azpian sartzea proposatzen duen 1. alternatibak 4 urteko egikaritze epea eta 73 milioi euroko aurrekontua izango lituzke
  • Topoaren trazatua lekuz aldatu eta ADIFen gune intermodalaren mutur batean integratzea proposatzen duen 2. alternatibak 3 urteko egikaritze epea eta 38 milioi euroko aurrekontua izango lituzke
  • Bi alternatibetan Belaskoeneako eta Coloneko geltokiak berreraikitzea aurreikusten da, geltoki “intermodo” berria gehituz, erabiltzaileek Abiadura Handiaren, Renferen, Topoaren eta autobusaren artean garraio mota aldatu ahal izateko

Eusko Jaurlaritzak Donostia-Hendaia linea Irunetik igarotzean hirian integratzeko alternatiben azterlana amaitu du. EJ-ETSren, ADIFen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren artean sinaturiko erakunde arteko hitzarmenean hartutako konpromisoen ondoren, martxoaren 7an egindako jarraipen batzordearen bileran, ETSk une honetan definizio fasean dagoen trenbide operazio berrian Topoa integratzeko aukera desberdinak aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Azterlanak jasotzen dituen aukerek nabarmen hobetuko dute trenbidearen integrazioa, eta hainbat erabilerara bideratu ahal izango diren 60.000 m² baino gehiago itzuliko dizkiote hiriari. Helburu nagusiak trenbidearen egungo aztarna nabarmen murriztea eta Topoaren trazatua doitzea dira, geltoki berrian gainerako trenbideekin integratuz.

Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordearen hitzetan, "Erakundeok aukera paregabea daukagu, akordioan oinarrituz, Irunek eskatzen duen trenbide eraldaketari ekiteko. Alde horretatik, ETSk egindako azterlanak, trenbidearen eta hirigintzaren ikuspegitik Topoa integratzeko modurik onena aztertu du".

Aizen iritziz, "Ondorioak argiak dira". Eusko Jaurlaritzaren ustez, "aukerarik onena Topoa lekualdatzea eta ADIFen trenbide zabalgunearekin paraleloan joango den korridoretik integratzea da, terminal intermodal berrian integratuz. Aukera hori erabat bateragarria da Irungo HAPOaren helburuekin eta ADIFen instalazioekin".

Azterlanaren nondik norakoa

Gaur egun, erdialdeko trenbide guneak, hiria bi zatitan banatzen duen mozketa espaziala eta funtzionala sortzen du. Mozketa hori ADIFen trenbide zabalguneak eta tren instalazioek eta, neurri txikiagoan, ETSren lineak sortzen dute.

Egindako azterlana irizpide hauei lotu zaie: Irungo HAPOari ahalik eta gehien egokitzea; hiriko gainerako garraio sistemekin bateragarria izatea, ADIFen etorkizuneko trenbide instalazioekin, batez ere; Topoaren egungo zerbitzuaren kalitateari eustea; eta hiriari, gaur egun ez duen hirigintza iragazkortasuna ematea.

Horrela, aipaturiko parametroei erantzuten dieten bi alternatiba aztertu dira. Lehenengoak ETSren egungo korridorearen trazatuari eustea proposatzen du, lurpean bada ere, hiriak eskatzen duen zeharkako iragazkortasuna izan dezan. Bigarren aukerak ETSren egungo ibilbidea baztertzea proposatzen du, trazatu berria ADIFen trenbide zabalgunera eramanez.

Bi alternatibetan Belaskoeneako eta Coloneko geltokiak berreraikitzea aurreikusten da, geltoki “intermodo” berria gehituz, erabiltzaileek Abiadura Handiaren, Renferen, Topoaren eta autobusaren artean garraio mota aldatu ahal izateko.

Azterlanaren ondorioak

Eusko Jaurlaritzaren ustez, bigarren aukerak edo 2. alternatibak hobeto erantzuten die Irungo hiriaren, ETS tren kudeatzailearen eta Euskotren operadorearen beharrei. Alternatiba horrek 30 hilabeteko egikaritze epea eta 38 milioi euro inguruko aurrekontua ditu.

Hirigintzaren ikuspuntutik, gaur egun Topoak hartzen duen trazatua hirirako hirigune berri gisa berreskuratzea dakar. Trenbideko lubakia kentzeak trazatuaren bi aldeak komunikatzeko aukera errazten du.

Bizileku, merkataritza edo enpresa arloko eraikin berriak egiteko aukera zabaltzen du; hiriko bidegorri sareari jarraipena ematea ahalbidetzen du; eta trenbideen gainean Colon pasealekuaren egungo egiturari jarraipena ematea proposatzen du, hiruki formako plaza sortuz. Plaza horretatik Coloneko geltoki berrira sartu ahal izango litzateke.

Trenbidearen ikuspuntutik, Belaskoenea eta Colon arteko erakarpena hobetzen du, sarbide zuzena izateko aukera berriak sortuz (adibidez, Lope de Irigoyen kalera, Coloneko geltokitik beherago egongo litzatekeen sarbide berriaren bitartez).

Egikaritzeari dagokionez, korridore hori erabiltzeak egungo trazatua bertan behera uztea ekarriko luke, eta horri esker, obrek irauten duten bitartean Euskotrenen zerbitzuarekin jarraitu ahal izango litzateke, ondoren ADIFen trenbideekin paraleloan doan azpiegitura berrira aldatzeko. Azpiegitura berriak zerbitzua berrezarri ondoren, egungo trenbideak desmuntatu egingo lirateke, lursail horiek libre uzteko eta inguruan urbanizazio lanak egiteko, hiriari iragazkortasuna emanez.

Deskribapen teknikoa

  1. alternatiba

Trenbide bakarreko egungo egoera aldatzea proposatzen da, jarduketa osoan lurperatutako trenbide bikoitzeko soluzioa planteatuz. Trazatua Bentakeko geltokiaren ondoren hasiko litzateke, trenbidea hasieratik zabalduz. 3,10 metroko sekzio tipoa planteatzen da, eskuineko trenbidearen oinplanoko trazatuari eutsiz, eta trenbidea ADIFen trenbide zabalgunerantz bikoiztuz.

Belaskoeneak pixka bat aldatuko du bere kokalekua, eta alboko nasak dituen zamalkada-geltoki gisa planteatzen da; bertara Burniola kaletik heldu ahal izango da. Kale horrek, gaur egun, ADIFen trenbide gaineko pasabide bat dauka, bi erreiko sekzioarekin, noranzko bakoitzean bat, eta baita espaloia eta bidegorria ere. Etorkizuneko urbanizazioan, dagoen espaloitik sarbidea eman edo espaloi hori zabaldu egin daiteke, geltoki berriari sarbide egokia emateko. Diseinu horren bitartez hobetu egiten da bidaiarien erakarpena, trenbideen beste aldean zerbitzua ematea lortzen baita.

Intermodoa erdiko nasa (5 metroko zabalera) eta azalerara sarbidea bi aldeetatik izango dituen lurpeko geltoki gisa planteatzen da. Geltoki horretarako sarbidea ADIFek proposaturiko pasabide berritik 250 bat metrora geratuko litzateke, eta horrek erraztu egingo luke ADIFen geltoki zentral berrian elkartuko diren garraiobideekiko intermodalitatea.

Colon, tarte horrek izango duen geltoki nagusia, gaur egun dagoen tokian, baina beheragoko kotan, planteatzen da, lurpeko geltoki gisa. Azalerarako sarbidea egungo eraikinetik egingo litzateke, baina, trenbidearen sestrako kotak aldatu direnez, sarbide mekanizatua proposatzen da, eta, ondoren, eskailerak eta igogailuak jarriko lirateke mezzaninaren eta nasaren artean. Colon pasealekuko azaleraren eta nasaren arteko koten aldea 14 metro ingurukoa da.

Irun Colon gainditu ondoren, trazatuak egungo korridorea utzi eta Kostorbeko tunela inguratuko luke, ADIFen trenbideekin paraleloan zirkulatuz Kostorbeko merkantzia gunean dagoen trenbidearekin bat egin arte.

Alternatiba horrek 48 hilabeteko egikaritze epea eta 73 milioi euro inguruko aurrekontua izango lituzke.

  1. alternatiba

Soluzio horrek ere hiru geltoki aurreikusten ditu, egungo trazatua bertan behera utziz eta, beraz, trenbideak zati horretan gaur egun sortzen duen "hesia" kentzeko aukera ematen du. Donostia-Hendaia linea berria, Irunetik igarotzean, ADIFen trenbide zabalgunetik joango litzateke, indarrean dagoen HAPOak planteatzen duen bezala.

Trazatua Bentakeko geltokiaren ondoren hasten da, eta trenbidea hasieratik zabaltzen da. Handik metro gutxira, ardatza lekuz aldatzen da, egungo trazatua utzi eta ADIFen trenbiderantz hartzen du.

Burniola kalearen estrukturaren azpiko pasabidetik igaro ondoren, Belaskoeneako geltoki berria eraikitzea aurreikusten du azterlanak. Geltoki hori lekuz aldatuko da, eta Bentaketik 350 metro ingurura egongo da. Horri esker, Intermodo geltoki berritik distantzia handiagoa lortuko da, eta, ondorioz, inguru horretan bidaiariak hobeto erakarriko dira. Belaskoenea, Burniola kaletik sarbidea izango duen geltoki gisa proposatzen da.

Trazatuak , ADIFen trenbide zabalgunearekin paraleloan jarraitzen du.

Topoaren Intermodo geltokia ADIFen geltoki zentralean integratuta egongo da; beraz, bi operadoreen arteko intermodalitatea ziurtatuta egongo da. Nasak alboetan izango dituen geltoki gisa planteatzen da, eta ataritik eskaileren eta igogailuen bidez heldu ahal izango da bertara. Ataria ADIFen pasabidearekin lotuta dago.

Azkenik, Coloneko geltokia, Colon pasealekuan gaur egun dagoen estrukturaren azpitik igaro ondoren egongo da. Nasak alboetan izango dituen geltokia proposatzen da, eta Colon pasealekutik heldu ahal izango da bertara, Belaskoenean proposatutakoaren antzeko soluzioarekin. Kasu horretan, geltoki berria, oinplanoan, Colon pasealekutik 75 metro iparraldera aldatuko denez, Pasealekuaren beraren kotan plaza bat egitea proposatzen da, bertatik geltokiaren atarira sartzeko. Trenbideak, Kostorbeko merkantzia eremuan trazatuaren amaieraraino jarraituko duen kaxoi baten bitartez estaltzea proposatzen da.

Alternatiba horrek 30 hilabeteko egikaritze epea eta 38 milioi euro inguruko aurrekontua izango lituzke.