Eusko Jaurlaritzak Plentziako portuko amarralekuak berrantolatuko ditu

plentzia.jpg

2019.eko urriak 21

  • EKP, Euskadiko aisialdiko nautika sektorea kudeatzen duen sozietate publikoa, arduratuko da jarduketa aurrea eramateaz
  • 182 amarraleku berri sortuko dira. Hurrengo egunetan lizitatuko diren lanen kostua 1.801.512 eurokoa da

(2019/10/21) Aitor Etxebarria Portu eta Itsas Gaietako zuzendariak eta Edurne Egaña EKP Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzak datozen hilabeteetan aurrera eramango duen amarralekuen berrantolaketa proiektua aurkeztuko dute gaur arratsaldean Plentziako Udaletxean, kostaldeko herri horretako aisiarako dartsenako erabiltzaileen aurrean, egingo duten jende aurreko ekitaldian.

Amarralekuen berrantolaketa beharrezkoa da gaur egun dauden nabigazio arazoak eta Plentziako itsasadarrean zehar ainguratuta dauden ontzietara heltzeko zailtasunak konpontzeko. Eusko Jaurlaritzaren proiektuak itsasadarraren bi gunetan pantalanak instalatzea aurreikusten du, sakonera naturalak horrelako instalaziorako aukera ematen duen lekuetan. Guztira, 182 amarraleku berri eratuko dira, 5 eta 11 metro inguruko luzera duten ontzientzat. Obraren kostua 1.801.512,27 eurokoa da, eta lizitazioa datozen egunetan ebaztea aurreikusten da.

Egungo plazen egokitzapena

Pantalan berriak eraikitzeaz gain, proiektuak Plentziako portu barruan dauden amarralekuak egokitzea ere aurreikusten du, gaur egun dauden 165etatik 208 ingurura igaroz, 4 eta 12-13 metro arteko luzera duten ontzientzat. Gasolindegi zerbitzua ere emango zaie. Jarduketa horien zenbatekoa 1.300.000 euro ingurukoa izango dela aurreikusten da.

Hiru amarraleku gune horiek operatibo daudenean (eraiki berri diren biak gehi berregokitu egingo den egungoa), sortzen diren 390 plaza inguruak emakidan banatuko dira, Aisialdiko ontzietarako amarralekuen aginduan ezarritako prozedurari jarraituz.

Gaur aurkeztu den proiektua gauzatu eta plazak esleitu ondoren, ez da ainguraketa diskrezionalik baimenduko Plentziako itsasadarrean zehar.