Eusko Jaurlaritzak neurriak proposatu ditu plataforma digitaletako langileen eskubideak bermatzeko

2019.eko abenduak 04

Abenduaren 4an eta 5ean, Bruselan, Europako Parlamentuko Hemizikloan, EBko Eskualdeen Batzordearen 137. osoko bilkura egingo da. Bertan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak ordezkatuko du Eusko Jaurlaritza.

Bilera horretan "azkena Eskualdeen Batzordea 2020-2025 mandatu berriaren aurretik" Eskualdeen Europako Batzordearen 25. urteurrena ospatuko da gainera. Bestalde, aurreikusita dagoenez, hainbat debate izango dira Europar Batasunaren egoeraren inguruan. Debate horietan hauek jardungo dute: David Maria Sassoli, Europako Parlamentuko presidentea; Frans Timmermans, Europako Batzordeko presidenteorde exekutiboa, Europako Itun Berdearen arduraduna; eta Nicolas Schmit, Enpleguko eta Gizarte Gaietako europar komisarioa.

Oraingoan, Eskualdeen Batzordeak eztabaidatu eta bozkatu egingo ditu 11 Ebazpen guztira, eta haiekin lotuta Euskadik 17 zuzenketa-proposamen aurkezten ditu.

«Plataforma digitaletako lana: erronka araugileak tokiko eta eskualdeko eremuan» gaiari buruzko ebazpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu egin du plataforma digitaletako langileen eskubideak babestu egin behar direla, kasu ugaritan haien lan-baldintzak ekonomia tradizionaleko langileenak baino okerragoak direla kontuan hartuta. Horrekin lotuta, neurriak proposatzen dira haiek langile autonomo gisa sailkatuak izatea saihesteko, hori iruzurra baita.

«Trenbide-sektorearen potentziala EBko politikak aplikatzeko» gaiari buruzko ebazpen-proiektuari dagokionez, Euskadik 7 zuzenketa aurkezten ditu, eta horietan, trenbide-sektoreak mugikortasun iraunkorrari egiten dion ekarpena nabarmentzeaz gainera, alderdi hauek aldarrikatzen dira: digitalizazioaren bultzada desgaitasunen bat duten pertsona guztien alde; ikuskariei zuzendutako eraso-kasuak mugatzeko neurriak hartzearen premia, eta kontratazio publikoan eskaintzaren balorazio teknikoa kontuan hartzeak eta adjudikaziodunek konpromisoei eusteak duten garrantzia.

Azkenik, «Alkateen Ituna 2020aren ondoren» gaiari buruzko ebazpen-proiektuari dagokionez, euskal zuzenketek nabarmendu egiten dute Itun honek duen garrantzia klima-aldaketara egokitzeko, baita Garapen Iraunkorrerako Helburuekin duen lotura ere.