Eusko Jaurlaritzak Merkatuari zuzendutako Aurretiazko lehenengo Kontsulta bideratu du, identifikatutako erronketarako soluzio berritzaileen bila

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzak, Berrikuntzaren Erosketa Publikoa bultzatzeko plana martxan jarri izana iragarri du, Euskadiko enpresetan eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarean lehiakortasuna eta enpleguaren sorkuntza sustatzeko xedez.

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila buru den ekimenaren jende aurreko aurkezpena izan da Bilbon. Egin den jardunaldi teknikoan Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordeak eta Aitor Garitano Euskal Trenbide Sarea – Red Ferroviaria Vascako Zuzendari Nagusiak hartu dute parte.

Lehenengo kontsulta horretan, Eusko Jaurlaritzak, ETS erakunde publikoaren bitartez, ETSk kudeatzen eta Euskotrenek ustiatzen duen sarean ezpondak eta material mugikorra sentsorizatzeko ideiak eta soluzioak bilatzen ditu. Horrela, Bizkaia Eraikineko Auditorioan egin den jardunaldia, aipatutako arloan esperientzia funtzionala duten enpresei egongo da zuzenduta, baina baita gai horietako ikerketa taldeei eta ezagutzaren eragileei ere.

Berrikuntzaren Erosketa Publikoa

BEP-CPI prozesua, sektore publikoan konpondu barik dauden erronketan oinarrituz egituratzen da, eta enpresek eta ikerketa zentroek soluzio proposamenak aurkeztu beharko dituzte. Horrek guztiak, produktu eta zerbitzu berriak aurrera eramateko aukera eskainiko die, eta etorkizuneko erosleentzako merkataritza plataforma ere izango da.

BEP-CPI oso tresna zabaldua da hainbat herrialdetan, Estatu Batuetan adibidez, eta Europarekin duen lehiakortasun arloko arrakalaren gakoetako bat dela esaten da. Europar Batzordea, bere aldetik, horrelako prozesuak bultzatzen ari da, bere berrikuntza eta lehiakortasun tasak handitzen jarraitzeko xedez.

BEP-CPI plan hori baliagarria izango da, baita ere, berrikuntza irekia sustatzeko, erakunde publiko erosleetan erronkak identifikatzeko jardunbide sistematikoak sartzeko, eta baita soluzio posibleei buruz merkatuari kontsultak egiteko mekanismoak sortzeko ere. Horrez gain, soluzio berritzaileen erosketak, normalean sartzeko zailak zitzaizkien kontratazio publiko prozesuetan enpresa handien eta txikien partaidetza sustatzen du.

ETSren Merkatuari zuzendutako Aurretiazko Kontsulta

Merkatuari zuzendutako Aurretiazko Kontsulta, ETSk aurretik identifikatu dituen eta, gaur egun, merkatuan soluzio egokirik erakusten ez duten erronkei aurre egiteko soluzio berritzaileak hornitu ditzaketen enpresekin eta zentro teknologikoekin izan beharreko elkarrizketa prozesuaren hasiera baino ez da.

Jardunaldi honetan lehenengo harremanak ezarri dira enpresekin. Topaketan ETSko teknikariak izan dira identifikatutako erronkak zehaztasunez azaldu dituztenak, eta baita aurrekariak, beharrak, helburuak eta prozesuaren amaieran bilatzen diren emaitzak ere. Erakunde publikoak 2 milioi euroko aurrekontua du horretarako erreserbatuta.

Jardunaldian, Manuel Varela SILOko Sektore Publikoko Zuzendaria eta Berrikuntzaren Erosketa Publikoan COTEC adituak ere hartu du parte, prozedura eta proposamen berritzaileak Kontsultara aplikatzea eta hurrengo pausoak azaltzeko.

Kontsultan parte hartzeko interesa duten erakundeek irailaren 10eko 23:59ak (bertako ordutegian) baino lehen bidali ahal izango dute euren proposamena, Euskadiko Kontratazio Publikoaren Kontratatzailearen Profilean argitaratuko diren deialdiaren oinarrietako jarraibideak jarraituz.

EDUKIAK

ETS AURKEZPENA(PDF, 2 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

PROZEDURA (PDF, 2 MB) (leiho berri batean irekitzen da)

HURRENGO URRATSAK (PDF, 677 KB) (leiho berri batean irekitzen da)