Eusko Jaurlaritzak langile publikoei erantzunkidetasunari buruzko prestakuntza ematen die, emakume eta gizonen arteko benetako berdintasun eraginkorrean aurrera egiteko

2019.eko azaroak 28

  • María Ángeles Duránek, ordainpekoa ez den lanaren analisian eta hark gizarte- eta ekonomia-egiturarekin duen loturan adituak, eta Tryggvi Hallgrimsson-ek, berdintasun-arloko aholkulari islandiarrak, erantzunkidetasunaren arloan eta denboraren erabilera-aldaketen inguruan duten esperientziaren berri eman diete bertaratutakoei

Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak eta Izaskun Urien Lan Harremanen zuzendariak, gaur, “Erantzukizuna partekatzeari buruzko politikak eta aldaketa denbora erabileretan. Administrazio publikoen erronkak jardunaldia inauguratu dute. Topaketa Eusko Jaurlaritzak Lakuan Vitoria-Gasteizen duen egoitzan izan da, eta Administrazio Orokorraren eta Erakunde Autonomoen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren barruan sartzen da. 

Gobernuaren helburua da langile publikoei erantzunkidetasun-politiken inguruko prestakuntza ematea, eta, horretarako, nazioarte-mailako bi adituk parte hartu dute:  María Ángeles Durán, ordainpekoa ez den lanaren analisian eta hark gizarte- eta ekonomia-egiturarekin duen loturan espezializatutako ikertzailea, eta Tryggvi Hallgrimsson, berdintasuneko aholkulari aditua eta Islandiako berdintasun-zentroko soziologoa.

Gainera, jardunaldiaren helburua da, halaber, tokiko proposamenak ezagutzeko eta partekatzeko eta norberaren bizitza, lana eta familia bateratzeari, erantzunkidetasunari edo denboraren erabilerari buruz hausnartzeko bide izatea. Hala, Rosa María Fernández-Villa Metro Bilbaoko Eragiketen Zuzendaritzakoak ere enpresak erantzunkidetasun-politiketan duen esperientzia kontatu du.

ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREN ERRONKAK

Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak honako hau nabarmendu du: “jardunaldiaren bidez, administrazio publikoek eta, zehazki, gureak aurrez aurre dituzten erronkak identifikatuko dira, eta horrek lagundu egingo du politikak ezartzen, administrazio berdinzaleagoa eta genero-desberdintasunik gabea lortzeko”. Zearretak gogorarazi du gaur egun indarrean dagoen Administrazio Orokorraren eta Erakunde Autonomoen Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren bidez, urteotan aurrerapenak izan direla administrazio berdinzaleagoa izateko. Horren erakusle dira, esan duen bezala, “egungo sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa prestatu izana eta gurasotasun-baimenak 18 astetan berdindu izana; neurri horren xedea da administrazio erantzunkidea sustatzea eta, horrela, lanbide-sustapena eta lan-baldintzen berdintasuna ziurtatzea”.

Izaskun Urien Lan Harremanen zuzendariak gogorarazi duenez, hauek Berdintasuneko Batzorde Teknikoak antolatutako bigarren jardunaldiak dira. Aurrekoetan, iazko abenduan, prebentzioari eta lan-osasunari heldu zitzaien. Izaskun Urienek honako hau azaldu du: “jardunaldi hori sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako protokoloa prestatzeko lana jaso duen ekintza gauzatzeko lehen urratsa izan zen; protokolo hori lantzeko eta sortzeko fasean dago. Jardunaldi hartatik, lantaldea sortu zen Berdintasuneko Batzorde Iraunkorrean, eta, gaur egun, protokoloaren sorreran lanean ari dira”. 

LAN-SAIOA

Arratsaldean, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan, lan-saio bat izango da eta, bertan, batik bat, Berdintasuneko Batzorde Iraunkorrean parte hartzen duten pertsonak izango dira, eta, halaber, María Ángeles Duránek eta Tryggvi Hallgrimssonek parte hartuko dute.

Bihar, Donostia-San Sebastiángo Miramar Jauregian ere beste jardunaldi bat izango da, gaur goizean eginikoaren formatu berean, baina, tokiko proiektu gisa, Berria Taldearen eta AZTIren esperientziak jasoko ditu.