Eusko Jaurlaritzak kapitalari lotutako finantzazio-tresna berriak aktibatu ditu Euskadiko industria-enpresei hazten eta sendotzen laguntzeko

2019.eko uztailak 22

  • Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du jarduera-fase ezberdinetan dauden enpresa lehiakorrak errotzen laguntzeko estrategia dela

  • Kapital publiko-pribatua duen funts berria ABE Capital Partners sozietateak kudeatuko du. Erreminta abian jarriko dela jada jakinarazi zaio Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (BMBN), eta honek baimena ematen duen bitartean, udazkenerako 100 milioiko lehenengo itxiera aurreikusten da, eta bigarren fase batean 200 milioira iritsiko da

  • Finkatuz funts berria, erabat publikoa dena, 75 milioirekin abiatuko da, eta 2020an 100 milioira handitzea aurreikusten da. Bolumen handia duten eta estrategikoak diren enpresetan epe luzera parte hartzeko sortu da, eta Finantzen Euskal Erakundeak kudeatuko du

  • Legealdi honetan Eusko Jaurlaritza 41 startup berrien kapitalean sartu da, azpimarragarriak dira 6 ETEetan eginiko operazioak hazkundean laguntzeko, eta baita CAFen ere, enpresa estrategiko moduan

Eusko Jaurlaritzak finantzazio alternatiborako tresnak zehaztu eta artikulatu ditu, kapitalari lotuta eta Euskadiko industria sendotzen eta finkatzen laguntzeko.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen informazio-ekitaldi batean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk zehaztasunez eguneratu dituzte enpresei, bakoitzaren jarduera-egoeraren arabera, laguntzeko kapital-erremintak.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko enpresa-ehunak kapital-tresnak izango dituzte hemendik aurrera, enpresen hiru fase eta egoeratarako: startup edo hasierako fasean dauden enpresetarako inbertsioa, hazkunde-fasean dauden enpresetarako epe laburreko inbertsioa eta enpresa estrategikoetarako epe luzeko inbertsio zuzena.

Laburbilduta, kasu honetan bermeetara eta maileguetara bideratutako beste erreminta batzuekin koordinatutako estrategia bat da. Finantzazio-politika horrek aurrerantzean ahalbidetuko dituen jarduketek Euskadin enpresak errotzea bermatuko du eta enplegua eta aberastasuna sortzea sustatuko du.

Orain dela urtebete euskal administrazioak goitik behera aldatu zuen finantzazio-erreminten arkitektura, esku hartzeko eredu arrazoitu eta efiziente batekin, merkatuaren akatsei erantzuteko eta esku hartzeko hiru tresna-mota nagusiak –kapitala, bermea eta mailegua– ahalik eta modurik onenean antolatzeko asmoz.

Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzak konpromiso berriak hartu zituen bere gain bi funts abian jartzeko; bat publikoa, epe luzeko inbertsiotarako; eta bestea parte-hartze publiko-pribatua eta kudeaketa pribatua izango zituena, merkatu-aukerarekin lotuago legokeen ikuspegiarekin.

Gaur goizean, lehendakariak jakitera eman du bi funtsak abian jarriko eta artikulatuko direla, eta hemendik aurrera, beraz, erreminta-sorta zabalagoa izango da Euskadiko enpresen lehiakortasunari bultzada emateko.

Adieraz daiteke, bestalde, bi funtsen artikulazioa zehazten aritu den denboran, Eusko Jaurlaritzak erantzuna eman ahal izan diela hasierako faseko enpresen eta ETEen kapitalean parte hartzeko premiei, 5 milioi arteko kopuruekin asumitzeko moduko kasuistikarekin.

I. Inbertsioa hasierako fasean dauden enpresen kapitalean

Legealdi honetan, Eusko Jaurlaritzak, hasierako faseko kapital-tresnen bitartez (Basque Fondo, Basque, Seed Gipuzkoa eta Ezten) 41 startupen kapitalean lagundu du. Kasu batzuetan, eragiketa horiek startupetan espezializatutako funtsekin (Easo Ventures, Metxa, Mondragon Promoción eta Columbus) lankidetzan egin dira.

Merkatuan leku bat aurkitu eta bideari ekin nahi dioten enpresa berrien hasierako garapena sustatzen laguntzen duten eragiketak dira. Jaurlaritzak 9,3 milioi euro jarri ditu eragiketa horietarako.

II. Epe laburreko inbertsioak hazteko fasean dauden enpresetan

  • 5 milioi eurora arteko inbertsioak – BASQUE eta EZTEN funtsen bitartez

Hazten ari diren enpresetan, Arrisku Kapitaleko Kudeaketa Sozietateak kudeatzen dituen funtsen bidez, egindako 5 milioi eurora arteko inbertsioak dira, aipagarriak dira 6 ETEtan eginiko jarduketak, 27,7 milioi bideratu dira horretara.

  • ARTECHE LANTEGI ELKARTEA SA: 5 milioi euroko ekarpena enpresan beste inbertsiogile bat sartzen eta hazkunde-etapa berri bati aurre egiten laguntzeko.
  • VICINAY MARINE SL: 5 milioi euroko ekarpena, Sestaoko (Bizkaia) instalazio berrietan inbertsio handia egin den une batean proiektua sendotzeko.
  • COLUMBUS LIFE SCIENCE FUND II, FCR: 5 milioi euroko ekarpenarekin lortu da biozientzietan espezializatutako Columbus funtsak Euskadin, Gipuzkoako PZTn, Viralgen proiektuan, 17,5 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartzea.
  • EGILE MECHANICS SL: 4,7 milioi euroko ekarpena aeronautikaren sektoreko doitasun handiko mekanizaturako. Une hauetan hedapen-prozesuan dago murgilduta, eta mendeko finantzazioaren bidez lagundu nahi da.
  • RAMONDIN SA: 5 milioi mahastizaintzako eta ardogintzako enpresan; AEBn eta Txilen ekoizpen-ezarpen berriekin nazioartera zabaltzeko proiektua aurrera eramateko.
  • ELMUBAS SLU: 3 milioi, proiektua finkatzeko eta Euskadin errotuko dela bermatzeko, inbertsioa egiteko eta bere ahalmena handitzeko asmoz Estatuko arrisku-kapitaleko funts bat sartu ondoren.

Edonola ere, enpresen kapitalean eginiko inbertsioak legealdi honetarako aipatutakoak baino gehiago izan dira, nahiz eta hauek diren 6 kasu aipagarrienak. Operazio hauek Eusko Jaurlaritza azken hamarkadetan egiten ari den operazioei gehitu zaizkie honenbestez. 

  • Funts pribatu-publikoa, kudeaketa pribatukoa eta independentea, hazten ari diren ETEentzat (berria)

Euskadik parte-hartze publiko-pribatua izango duen funts berri bat izango du, kapitalaren gehiengoa pribatua izango da eta kudeaketa pribatukoa izango da. Euskadiko enpresek hazteko eta sendotzeko planak aurrera eramateko gaur egun dituztenei gehitzen zaien beste bat da, eta horixe da, hain zuzen ere, Euskadiko enpresa-ehunak lehiakorragoa izateko eman behar duen jauzia emateko ezarritako helburu nagusietako bat.

Erreminta berri hori abian jarriko dela jada jakitera eman zaio BMBNri. BMBNk dagokion baimena ematen duen bitartean, erreminta berria udazkenean egongo da abian.

Funts berri horrek udazkenean amaituko du lehenengo fasea, eta 100 milioi eurorekin itxiko da, nahiz eta helburua den bigarren fase batean, diru gehiago hornituta, 200 milioi eurora arte iristea.

Kapital publikoaren ikuspegitik, ekimenaren sustatzailea, Eusko Jaurlaritza, da inbertsiogile nagusietako bat, hasteko 12 milioi euroko ekarpena egingo du, eta foru-aldundiek, hiruren artean, guztira 3 milioi euro agindu dituzte.

Kapital pribatuari dagokionez, berriz, finantza-erakundeek, enpresa-taldeek eta BGAEk erakutsi dute parte hartzeko asmoa, eta orain arte Euskadin berria den formula baten bidez, gainera.

Bestalde, espero da Estatuko eta nazioarteko hainbat erakundek funtsezko inbertsiogile moduan jardutea, eta batzuek jada erakutsi dute interesa: besteak beste, ICOk eta Europako Inbertsio Funtsak.

Aurreikusitako eragiketen ezaugarriak

  • Hazkunde egonkorra eta/edo aurreikusteko modukoa duten enpresa txiki eta ertainak (ETEak)
  • Abantaila lehiakor handia eta iraunkorra lehiakideekiko
  • Bezeroek asko baloratutako produktu / zerbitzu berritzaileak saltzea
  • Zuzendaritza-talde sendoa, eta enpresa hazten jarraitzeko asmoarekin lerrokaturik dagoena

Kudeaketa-talde pribatua, kualifikatua eta independentea

Proiektuak zerbitzu profesionalen PwC enpresa entzutetsuaren aholkularitza izan du, eta enpresa horrek zehaztu eta diseinatu du proiektua.

Funtsa kudeatzeko ardura ABE Capital Partners soziedadeak izango du, kapital pribatuaren sektorean ibilbide egiaztatua eta oparoa duen talde profesional batek osatzen du.

Funtsa kapital pribatuaren Europako estandarrei jarraituz kudeatuko da, nahiz eta antzeko beste batzuek baino denbora-ikuspegi zabalagoa izango duen enpresa-proiektuak garatzen hobeto lagundu ahal izateko. Asmoa da hazteko asmotan dabiltzan tokiko enpresetan inbertitzea, hazkundea organikoa nahiz inorganikoa izan, enpresen arduradunei eta zuzendaritza-taldeei epe luzera euren planak lortzen lagunduta.

FINKATUZ, FEEk kudeatutako funts berria

Finkatuz enpresa handitan parte hartzeko tresna bat da, epe luzera jarduten du Euskadiko ekonomian errotzen laguntzeko, eta 2017-2020 Industrializazio Planaren lerroei jarraituz. Parte-hartze hori elementu estrategikotzat jotzen du Eusko Jaurlaritzak, enpresa horiek ekoizpen-ehunean trakzio-elementu gisa jardungo dutela bermatzeko.

Bere garaian iragarritako konpromisoei jarraituz, jada 75 milioitan handitu dira Finantzen Euskal Erakundearen funts propioak, eta 2020an legealdi honetarako hitzemandako 100 milioira iritsiko dira.

Horrela, FEEk, tresna abian jarri duenak, jada onartu ditu administrazio-kontseiluan partaidetza-erabakiek, erabateko gardentasun-irizpideak betez, zehatz-mehatz jarraituko dituzten inbertsio-printzipioak, bai inbertitzeko hasierako erabakiari dagokionez, bai partaidetzak edukitzen diren denboran horien indarraldiari dagokionez.

Printzipio horiek honako funtsezko alderdi hauetan laburbildu daitezke:

Kapitalean sartzeko oinarrizko irizpideak

  • Enpresaren tamaina: 100 milioi eurotik gorako fakturazio-bolumena, eta gutxienez 50 langile.
  • Forma juridikoa: egoitza soziala Euskadin duten kooperatibak eta kapital-sozietateak.Baita sozietate anonimo kotizatuetan ere.Ezingo da denboran aldi berean parte hartu talde bateko kide diren enpresetan.
  • Euskadin errotuta egotea.Errotze-kontzeptua enpresaren egoitza fiskalarekin edo egoitza fiskalaren kokapen iraunkorrarekin lotuta dago.Partaidetza iraunkorra da, eta ez dago, beraz, denbora-mugarik.
  • Krisian dauden enpresak: kanpoan geratzen dira.
  • Parte-hartzearen ehunekoa: gutxienez % 3koa edo % 5ekoa (sozietate kotizatuak diren ala ez kontuan hartuta) eta gehienez kapitalaren % 20.Ehuneko horiek gutxi gorabeherakoak dira, eta gorantz edo beherantz aldatu ahal izango dira, partaidetutako sozietatearen tamainaren arabera. Inoiz ez du gaindituko kapitalaren % 49.
  • Sektore estrategiko lehenetsiak: Aeronautika, Elikadura, Automozioa, Biozientziak, Eduki Digitalak, Ekoindustriak, Energia, Makinaria, Produktu edo instalazio siderurgikoak, Teknologia elektronikoak eta informazioaren teknologiak, eta Garraioa, mugikortasuna eta logistika.
  • Analisi Ekonomiko Finantzarioa
  • Partaidetzaren gehieneko ehunekoa kartera osoari dagokionez:arriskuaren dibertsifikazioa, eta sektore-eremu jakin batean % 30etik gorakoa ez izatea.
  • Due Diligence: lege-arriskuen analisia.FEEk soilik parte hartuko du aplikatzekoa zaien araudi osoa errespetatzen duten, kudeaketa onaren eta gobernu onaren printzipioak errespetatzen dituzten, portaera onaren kodeak edo kode etikoak dauzkaten eta ezartzen dituzten eta ingurumen-alderdiak errespetatzen dituzten enpresetan.

Hurrengo urratsei dagokienez, FEEk urtearen bigarren zatian sozietate espezifiko bat izango du jarduteko malgutasun handiagoa izateko partaidetzak hartzeko.

Eusko Jaurlaritzak 2020ko lehenengo seihilekoan erabakiko ditu egindako inbertsioak (CAFeko akzioak erosi ditu 15 milioian) osatuko dituzten inbertsioak, 100 milioi eurora iritsi arte. Inbertsio horiek egiteko, onartutako jarduketa-printzipioetan jasotako baldintzak betetzen dituzten 100 sozietate inguru ditugu. FEEk partaidetutako erakundeen kartera osoari buruzko urteko memoria argitaratuko du.