Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu du Donostia 2016 Fundazioarekin, kultur hiriburutzari lotutako hiru proiekturi jarraipena emateko (Gobernu Bilera 2019-10-15)

fotoconsejo.jpg

2019.eko urriak 15

  • Kultura eta Hizkuntza Politika Saila arduratuko da 'Tosta' eta 'Hizkuntz Aniztasunaren Europako Foroa' proiektuen zabalkundeari jarraipena emateaz, eta 'Hitzargiak' ekimena garatuko du

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat onartu du Donostia 2016 Fundazioarekin, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzari lotutako Tosta, Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa eta Hitzargiak proiektuak bultzatzeko. Helburua da Fundazioa erabat desagertzean Kultura eta Hizkuntza Politika Saila izatea proiektu horiei jarraipena emateaz arduratuko dena.

Zehazki, hitzarmenak Tosta eta Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroa proiektuen hedapenari jarraipena emateko beharra ezartzen du, baita Hitzargiak proiektua garatu eta gauzatzeko beharra ere. Akordioaren arabera, jarraipen-batzorde bat sortuko da, hitzarmena betetzen dela bermatzeko.

Hizkuntza gutxituak dituzten herrialde eta kulturetatik etorritako artistak biltzen dituen ekimena da Tosta egitasmoa. Irlanda, Eskozia, Gales, Cornualles, Frisia, Galizia eta Euskaditik etorritako musikari eta artistek hartzen dute parte proiektuan. Igor Otxoak zuzentzen duen eta Mixel Ducau buru musikala duen proiektuak Oreka TX txalapartariak hartzen ditu euskal ordezkari gisa. 

Hizkuntza Aniztasunaren Europako Foroak, bestalde, Europa osoko aditu akademikoak biltzen ditu, hizkuntza-aniztasunaren sustapenean lan egiten duten eragile sozial eta instituzional nagusiekin esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko. Foro hau UNESCO Etxea- Euskadik eta Donostia 2016k antolatzen dute.

Azkenik, Soziolinguistika Klusterrak eta Donostia 2016 Kulturaren Europako Hiriburuak abian jarritako ekimena da Hitzargiak, eta Europan hizkuntzak biziberritzeko ekimen arrakastatsuak identifikatzea du helburu, bai eta hizkuntza-komunitateei elkar elikatzeko aukera ematea ere.