Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarriko Helburuekin bat datozen bere hezkuntza-politikak azaldu dizkio UNESCOri

2019.eko abenduak 12

  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua UNESCOren arduradunekin elkartu da Parisen, eta Eusko Jaurlaritzak Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotuta egindako ekintzen berri eman die.
  • UNESCOk positiboki baloratU du Euskadiko hezkuntza-politikak Garapen Jasangarriko Helburuekin lerrokatuta egotea, Euskadi Basque Country 2030 Agendaren bidez.
  • UNESCOk Eusko Jaurlaritza "Happy Schools Proyect" programan parte hartzera, eta "Les futurs de l'education" mundu-ekimenean laguntzera gonbidatu du. Azken ekimen horren helburua da hezteko modua berrasmatzea, planetaren etorkizunaren mesedetan.

UNESCOk Parisen duen egoitzan Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak bilera izan du gaur eguerdian Anne Coupez UNESCO-Hezkuntzako Estrategia eta Planifikazio arduradunarekin. Bilera honen helburua, funtsean, Eusko Jaurlaritza hezkuntzaren arloan garatzen ari den politikak ezagutaraztea izan da; Nazio Batuen Erakundeak 2015ean ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin lotutako ekintzak, bereziki 4. helburuari dagozkionak: hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzea. Era berean, bileran UNESCOren hezkuntza-arloko jarduera-ildo nagusiak ere aztertu dira.

UNESCO da Nazio Batuen erakunde bakarra 2030erako Munduko Hezkuntzaren Agenda koordinatzeko mandatu espezifikoa duena, Garapen Jasangarriko 4. Helburuaren esparruan. Gaurko bilera, duela zenbait urtetik bi erakundeek dituzten harremanen baitan kokatzen da. Hezkuntza arloan, Eusko Jaurlaritza eta UNESCO elkarlanean aritu dira, eta gaur eguerdian Parisen egindako topaketak bi erakundeen arteko loturak indartu nahi ditu, jardunbide egokiak partekatzeaz eta NBEk ezarritako hezkuntza-helburuak betetzen laguntzeaz gain.

Sailburuarekin batera bileran parte-hartzaile izan dira, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, Jose Ignacio Bañuelos Kabinete zuzendaria eta Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendaria ere. UNESCOren aldetik, Anne Coupez-ek lagun izan ditu Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak eremu horretan egiten duen lana egituratuta duen arlo desberdinetako zortzi arduradunak.

UNESCOren lantaldeko kideen aurkezpen batekin hasi da bilera. Jarduera estrategiko nagusiak sartzeaz gain, bai Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak, bai UNESCOren arduradunek hezkuntzaren, politiken eta plangintza sektorialaren etorkizunari buruzko ikerketari buruzko gaiak jorratu dituzte, bai eta munduko hezkuntzaren jarraipen-azterketa bat ere.

Eusko Jaurlaritzaren politika eta jardunbideak

Hezkuntza Saila garatzen ari den politikak eta ekintzak Hezkuntza sailburuak azaldu ditu. Hitzaldian zehar, Cristina Uriartek hezkuntza-sistema ekitatibo, inklusibo eta kalitatezkoaren alde garatutako ekintzen egitura azaldu du; ekintza horiek 2019-2022 aldian Eskola inklusiboa garatzeko Esparru Planaren babespean kokatzen dira. Plan horrek Hezkuntza Sailak bere ekintzetan lortu nahi dituen helburuak jasotzen ditu, bai eta garatu beharreko lehentasunak ere.

Hala, aipaturiko Esparru Planak hainbat hezkuntza-esparru aintzat hartzen dituzten ekimenak biltzen ditu. Horietako lautan jarri du arreta Uriartek: EAEko hezkuntza- sistemarako II. Hezkidetza Plana, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023)”; Adimen-gaitasun Handiko Ikasleei Hezkuntza-arreta emateko Plana 2019-2022; Ikasle etorkinei hezkuntza-arreta emateko II. Plana (2016-2020); eta Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman - Diagnostikoa eta esku hartzeko neurri berriak txostena. Halaber, eskola inklusiboaren aldeko esparruan, Bizikasi ekimena ere aurkeztu da, eskola-jazarpenaren aurkakoa. Bileran, STEAM Euskadi Estrategiaren alderdi esanguratsuenen berri ere eman da.

Uriarte sailburuak plan horien ezaugarri nagusiak azaldu dizkie UNESCOko arduradunei, eta zera azaldu du: “Eskola inklusiboa da, ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza eskura izango dutela bermatzen duen eskola, eta horrez gain, ikasle guztiek bizitzarako behar dituzten gaitasunen garapen-mailarik handiena lortzea helburu duena. Horretarako, beharrezkoa da erantzunak, egokitzapenak eta hezkuntza-aukerak eskaintzea, gure ikasle guztien aurrerapen akademiko eta pertsonal handiena lortzeko. Haur bakoitzari modu pertsonalizatuan erantzuteko beharra azpimarratzekoa da, planteamendu inklusiboetatik abiatuta, eta horrek eskatzen du ikasle guztiei erantzungo dieten estrategiak bultzatzea eta haien garapen pertsonala eta akademikoa mugatu dezaketen oztopoak ezabatzea”.

Uriarteren esanetan “Eusko Jaurlaritzatik konprometituta gaude gure hezkuntza-sistema bultzatzearekin, oztopo sozioekonomikoak gainditzen lagun dezan, kohesioa eta ekitatea bermatuz. Zentzu horretan, uste dut, jardunbide egokien garapena, koordinazioa eta trukea funtsezko direla NBEk ezarritako 4. helburua, kalitatezko hezkuntza eta herritar guztientzat jasotzen duena, errealitate bihur dadin ahalik eta herrialde gehienetan.

Bileraren ostean, Eusko Jaurlaritzako zein UNESCOko arduradunek bileraren balorazio oso positiboa egin dute. Bi erakundeen ustetan, garrantzitsua da aurrerantzean ere era honetako bilerei bultzada ematea, Iñigo Urkullu Lehendakariak eta UNESCOren zuzendari nagusiak 2016an sinatutako elkar ulertzeko memorandumaren ondoren garatutakoen ildotik. Ildo horretan, UNESCOko arduradunek Eusko Jaurlaritza gonbidatu dute "Happy Schools Proyect" programan parte hartzera eta "Les futurs de l'education" mundu-ekimenari laguntzera. Azken honek planetaren etorkizunaren mesedetan hezteko modua berrasmatzea du helburu.

Sailburuaren biharko agendak, UNESCO-Hezkuntzako arduradunekin biltzeko hitzordua dauka aurreikusia, eta baita UNESCOren aurrean Espainiako Misioaren ordezkariaren albokoarekin bilera bat egitea ere.

 

UNESCO - Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea.

1945eko azaroaren 16an eratu zen Nazio Batuen erakunde espezializatu gisa, honako eginkizun hauekin: bakea finkatzen laguntzea, pobrezia desagerraraztea, garapen iraunkorra eta kulturen arteko elkarrizketa bultzatzea hezkuntzaren, zientzien, kulturaren, komunikazioaren eta informazioaren bidez. Gaur egun 195 estatu kide ditu

UNESCOren helburu orokorrak:

  • Kalitatezko hezkuntza guztientzako, eta bizitza osoko ikaskuntza;
  • Ezagutza zientifikoa eta zientziari buruzko politikak mugiaraztea, garapen iraunkorra jomugan hartuta;
  • Arazo etiko eta sozial berriei heltzea;
  • Kultura-aniztasuna, kulturen arteko elkarrizketa eta bake-kultura sustatzea;
  • Ezagutzaren gizarte integratzaileak eraikitzea, informaziora eta komunikazioa horretarako baliabide hartuz;

Hezkuntzaren arloko helburu estrategikoak:

  • Hezkuntza sustatzea, oinarrizko giza eskubide gisa
  • Hezkuntzaren kalitatea hobetzea
  • Informazioaren esperimentazioa, berrikuntza eta hedapena sustatzea

Funtzioak:

  • Ideien laborategi izatea, proposamenak sortzea eta beren eskumen-esparruetan arau-aholkularitza ematea.
  • Munduko agenda bere eskumen-esparruetan garatzea eta indartzea, politikak aztertuz, helburuak zehaztuz, eta hauei jarraipena eginez.
  • Arauak eta estandarrak ezartzea dagozkion eskumen-esparruetan.
  • Nazioarteko eta eskualdeko lankidetza indartzea, dagozkion eskumen-esparruetan; aliantzak sustatzea; lankidetza intelektuala; ezagutzak trukatzea.
  • Politikak egiteko eta aplikatzeko aholkularitza ematea eta erakundeen eta giza gaitasunen indartzea.