Eusko Jaurlaritzak eta Txileko Etxebizitza Ministerioak lankidetza-memorandum bat sinatu dute etxebizitzaren, auzoen berroneratzearen eta lurralde-garapenaren arloan

IMG_3885.jpg

2019.eko martxoak 26

  • Hitzarmenak aukera emango du herrialde hegoamerikarrari Euskal Autonomia Erkidegoaren ezagutza eta esperientzia helarazteko, hala nola arlo hauetan: alokairuko etxebizitza publikoaren sustapena, Etxebideren funtzionamendua, auzo kalteberen berroneratze integrala edo lurralde-plangintzako prozesuak

 

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Cristián Monckeberg Txileko Etxebizitza eta Hirigintzako ministroak gaur arratsaldean sinatu dute etxebizitzaren, auzoen, hiriaren eta lurraldearen arloko lankidetzari buruzko hitzarmen-memorandum bat.

Lankidetza-hitzarmenak aukera emango du herrialde hegoamerikarrari helarazteko jarraian adierazten diren gaietan Euskal Autonomia Erkidegoak duen ezagutza eta esperientzia: lurraldea planifikatu eta garatzeko prozesuak; alokairuko etxebizitza publikoaren sustapena; Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuaren funtzionamendua; Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren jarduerak; edota auzo kalteberen berroneratze integralaren arloan lortutako emaitzak (ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen hiru alderdietan, eta gizarteratzean arreta berezia jarrita).

Sinaduraren ondoren —Txileko Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioaren egoitzan izan da—, Arriola sailburuak hitzarmena baliarazi du eta nabarmendu egin du Euskal Autonomia Erkidegoak esparru horietan dituen esperientzia eta jardunbide egokiak. “Harro gaude —adierazi du— ikusteaz nola Euskal Autonomia Erkidegoa erreferente bihurtu den lurralde-plangintzarekin edo etxebizitza sozialaren kudeaketarekin lotutako gaietan”. Eta hau gehitu du: “Gure Etxebizitza Legeak etxebizitzarako sarbidea herritarren eskubide bihurtu du, legez aitortua, eta badakigu izugarrizko interesa piztu duela eta interes horrek mugak gainditu dituela; beraz, atsegin handia da lege horren muina beste herrialde batzuetan ezagutzera eman ahal izatea”.

Azkenik, nabarmendu du hitzarmenak aukera emango duela, era berean, Txileko Gobernuak abiarazitako jardunak ezagutzeko: “Horiek, zalantzarik gabe, euskal kudeaketa publikoa aberasten lagunduko dute”.

Memorandumaren sinadura sartzen da Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila eta Eraikune Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra aste honetan zehar Txilen egiten ari diren bidaia instituzionalaren eta merkataritza-prospekziokoaren barruan.

Lankidetzaren xede diren arloak

Honako arlo hauek dira lankidetza-hitzarmenaren xede:

1.- Hiri Agenda. Lurralde Plangintza. Gobernantza

  • Esperientziak trukatzea Hiri Agendaren lanketan, hiri eta komunitate iraunkorrei buruzko 2030 Agendaren 11. helburua (garapen iraunkorrerako helburuak) garatzeko.
  • Esperientzia lurralde-plangintzarekin partekatzea, berori idatzita dagoen eskala guztietan: eskualdekoa (Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak), azpieskualdekoa edo eremu funtzionalekoa (lurralde-plan partzialak) eta sektorialekoa (lurralde-plan sektorialak); maila anitzeko gobernantzarako eta administrazio-maila guztien koordinaziorako tresnak diren heinean, baita lurraldearekin lotutako egungo gaietarako (azpiegitura berdea, mugikortasuna eta logistika iraunkorra, hiri-berroneratzea) eta zeharkako gaietarako ere (adibidez, osasuna, generoa edo irisgarritasuna, besteak beste).

2.- Auzoen berroneratze integrala

  • Eusko Jaurlaritzak honako arlo honetan lortutako esperientzia eta emaitzak trukatzea: auzo kalteberen berroneratze integrala (ingurumenaren, ekonomiaren eta gizartearen hiru alderdietan, eta gizarteratzean arreta berezia jarrita).
  • Garatzea eta indartzea esparru honetako politika publikoa: berroneratzeko eta leheneratzeko prozesu bat behar duten hiri-auzoak eta hirigune historikoak; kontuan izanda Txileko Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioaren berezitasunak eta beharrak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak berak dituenak.
  • Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioko taldeko teknikoetan ahalmenak sortzea, Eusko Jaurlaritzak garatutako politika publikoen esperientziatik abiatuta.

3.- Azpiegitura berdeak eta naturan oinarritutako irtenbideak, hiriarekiko artikulatutako parkeei aplikatutakoak: kudeaketa- eta iraunkortasun-ereduak

  • Eusko Jaurlaritzak arlo honetan lortutako esperientzia eta emaitzak ezagutzea, eta Txilen parkeak eraikitzeko eta kontserbatzeko programak indartzea.
  • Txilen hiriarekiko artikulatutako parkeak kudeatzeko eta iraunkor bihurtzeko ezagutza eta metodologia berritzaileak finkatzea.

4.- Etxebizitza-politika

  • Eusko Jaurlaritzak gai honetan zein esperientzia izan duen eta denboran iraunkorra nola egin den ezagutzea.
  • Txileko bizitegi-programak sustatzea eta horiei buruzko araudia ebaluatzea.
  • Bizitegi-eskaria eta -eskaintza garatzeko estrategia bat ezartzen aholkatzea eta laguntzea.
  • Etxebizitzaren arloko plangintza-tresnen berri ematea, batez ere 2018-2020 aldirako EAEko Etxebizitzaren Gida Planaren lanketa-prozesuari eta edukiei dagokienez.
  • ETXEBIDE Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuaren (etxebizitza publikoa eskuratzeko eta kudeatzeko web-ataria) funtzionamenduaren inguruko ezagutza helaraztea, baita honako hauei buruzkoa ere: Etxebizitzaren Euskal Behatokia, eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko Laborategia eta Arkitektura Garaikidearen Euskal Institutua.
  • Hutsik dagoen etxebizitza alokairu publikorako erabiltzeko bitartekotza-programekin lotuta Eusko Jaurlaritzak dituen esperientziak helaraztea.
  • Hiri-ingurunean eta eraikuntzan irisgarritasuna sustatzearekin lotuta Eusko Jaurlaritzak duen esperientzia ezagutzea.
  • Eraikuntzan energia-eraginkortasuna sustatzeko Eusko Jaurlaritzak abiarazitako programen inguruan aholkatzea.

5.- Lurzoru- eta etxebizitza-politiketako partaidetza publikorako sistemak

  • Etxebizitzaren Gida Planaren partaidetza-prozesua.
  • ETXEBIZITZA komunikazio- eta partaidetza-plataformaren esparruan egindako jardueren berri ematea.